Zenbait proposamen musikal erakargarri

2002-07-01

Ikastaro hau erabat praktikoa da. Hasieran hezkuntzan dabiltzan irakasleei zenbait proposamen musikal erakargarri aipatu nahi dizkiet haurren musikaltasuna garatzeko helburuarekin. Ekintza musikalak gela barruan ohiko eta eguneroko gauza bihur daitezkeela azaldu nahi diet. Horretarako, hainbat arlo ikusiko ditugu denon eskuetan dauden proposamen sinpleak aurrera eramateko asmoz: abestiak, ahotsarekin egiteko jokoak, erritmoa lantzeko hainbat modu, musika tresnen erabilpen egokienak, entzunaldi aktiboak...

 
 

Gure mundua, eta askoz gehiago haurrena, ez da batere isila, zarata eta doinuz beterik dago... Hori dena kontuan hartuta, beraiek daukaten ingurune soinudunetik abiatuko gara beste musika eta doinu berriak sortzeko, ezagutzeko, gozatzeko, sentitzeko...

Proposamenen ikuspegitik, urteetan zehar egin ditudan nire esperientzia pertsonalak azalduko ditut. Adibide horietatik abiatuz moldaketak egingo ditugu norberaren egoera aintzat hartuta: ikasleen adina, kopurua, eskola bakoitzaren iraupena, irakaslearen nagusitasuna...
Irudimen pixka batekin txikiagoak izango gara eta hasiera musikalak barneratuko ditugu bizipenezko jokoen bidez.
Adinak ahalmen, jarrera eta gaitasun musikalaren ernaketa eta aurrerrabidean zerikusi handia du. 4, 5, 6... urtetik aurrera haurra musikatzen hasteko momentu onean dago, hots, ekite musikalaren sentsibilitaterako une egokian, mailaz progesiboki alfabetatze musikalaren hasierari ekiteko prest.
Ikasleak ekite musikala ikertu eta bidera dezaten bi atal landuko dugu: ekintza - harrera = egin - entzun.
Bigarren egunean Baschet Pedagogiaren bidez saio batzuk egingo ditugu Orfeoi Donostiarraren egoitzan. Soinu lantegi honek haurraren musikaltasunerako egungo tresna erakargarriak eta eragileak ditu. Beraien historia laburra ezagutuko dugu, eta zein erabilpen ireki eskaintzen diguten jakingo dugu banan-banan ezagutu eta jo ondoren. Nahiz eta nota mugaturik ez eman, doinu harrigarriak ateratzen dituzte. Eskuz edo makilak erabiliz abantaila interesgarriak eskaintzen dituzte: ez dute teknika handirik eskatzen; afinazioa izan ezik, doinuen ezaugarri guztiak lantzeko gai dira; ipuinak, antzerkiak, olerkiak, istorioak eta abar kontatzeko garaian laguntzaile ordainezinak bihurtzen dira.
Hori guztia landu bitartean arloak tartekatzen joango gara. Interesgarria deritzot tartekatze horri, azken finean gure geletan ere gauza bera egiten baitugu. Horrela, saio guztietan egongo dira kantak, erritmo jolasak, entzunaldi txikiak, inprobisazioak, musika tresnak... denak nahasian.
Kontuan hartuta lehenengo hotsak, taupadak, doinuak, hitzak, mugimenduak... guregandik sortzen direla, gorputza izango da guretzat garrantzi handiena edukiko duena.
Musika tresnen multzoan guk egindakoak ere erabiliko ditugu, ez dendetan erositakoak soilik. Hori dela eta, denboraren arabera, batzuk aurretik eginak eramango ditut, zeren eta horien erabilpena nolakoa izan daitekeen jakitea garrantzitsuagoa iruditzen zait egitea baino.