Antzuolako herri ikastetxeko proiektua

2002-07-01

Antzuolako Herri Eskola, Antzuolan dagoen Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe bakarra dugu. Ikasle kopurua 130 ingurukoa da eta 17 irakaslez osatutako plantila dugu.

 
 

Hezkuntza Proiektua esanguratsu, sentikor eta abegitsua izatea gure lehenengo xedea da eta horregatik, eskola eta kanpoko errealitateen arteko harreman sendoa eraikitzen eta mantentzen saiatzen gara. Eskola bizia izateko, ateak zabalik ditugu, kanpotik haize bolara freskoak sar daitezen, eta bi munduak ondo komunikaturik egoteko zubiak eraikitzen jarraitzen dugu.

Irakasleria osoa elkarlanean ariturik, Hezkuntza Proiektu bateratua eraikitzen joan gara, teoria, praktika eta hausnarketa uztartzearen ondorioz, alegia.
Gure proiektuaren ezaugarri bat konstruktibismoan oinarritzea da eta ikaslea ulertzeko modua du bereizgarri. Saiakeraren abiapuntuan, ikaslea bere osotasunean jartzen dugu, hau da, ikasle bakoitzak sentitzeko, egoteko, interpretatzeko, pentsatzeko, erlazionatzeko eta komunikatzeko dauzkan hainbat era jaso eta eraginkorrak bilaka daitezen bideak ireki. Horrek aniztasuna jardueraren ardatza bihurtzen du.
Ikasle taldeak antolatzeko orduan, adin bakoitzaren ezaugarri nagusienak hartzen ditugu kontuan.
Beraz, egozentrismoa eta dezentrazioa kontuan harturik, bi etapetan antolaturik gaude: Haur eta Lehen hezkuntzako 1. zikloa eta Lehen Hezkuntzako 2. eta 3. zikloak. Lehenengo etapan sei talde ditugu eta bigarrenean lau talde.
Ekintzak duen garrantzia kontuan harturik, lehenengo etaparen ardatz metodologikoa berezko ekintza izango da eta bigarren etaparena proiektuak.
Etapa bakoitzaren barruan, adin bakoitzak berezko berezitasunak ditu. Horregatik, 1. etapa, taldeak hiru egituretan antolaturik dauzkagu: 2 urtekoen egitura, 3 eta 4 urtekoena eta 5, 6 eta 7 urtekoen egitura.
Egitura bakoitzaren barruan gela irekiak daude adin desberdinen arteko interakzioak bultzatzeko. Pentsakeraren zirkulazio librearen printzipioak zuzentzen du ingurune hezitzaile hau eta bertan hainbat ekintza bultzatuko dituzten espazio komunak daude, material eskaintza handi batekin. Adin talde bakoitzak, bere egituraren barruan, komunikaziorako topagune bat dauka eta hortik proiektuak sortuko dira. Topagunean ikasle guztiak pentsatzen dutena adierazteko aukera daukate; ideia eta azalpen guztiak tokia daukate. Gaiak eta ekintzak ikasleen iniziatibaz sortzen dira, inplizitoki zein esplizitoki adieraziak.
Proiektuen bitartez ezaguerak antolatzeko estrategiak sortzen saiatzen gara, aprendizaia erritmo desberdinak errespetatuz.
Lehen Hezkuntzako 2. eta 3. zikloetan proiektuek markatzen dute jardueraren ildoa. Eta ezaugarri hauek dituzte:
- Ikasleen interesek definitzen dute zer gairen inguruan gauzatuko diren. Talde bakoitzak bere gaia aukeratzen du
- Ikas-arloak proiektuaren beharrei erantzuteko tresna bilakatzen dira, ezagueraren izaera integratua abiada izanik arlo bakoitzaren identitatea indartuz.
- Ezaguera eraiketa kulturala izanik, irakas-ikas testuinguruak errealitatearen konplexutasunean oinarrituko dira, pentsakeretan ematen den aniztasuna kolektiboaren ezaguera areagotzeko baliabide bihurtuz.