Matematikako jolas tailerra

2002-07-01

Ikastaro honen xede nagusia Matematika ikasteko jolasek eskeintzen dituzten posibilitate didaktikoak aztertzea da.

 
 

Jolasa zeregin mota bat da. Zeregina den neurrian irakaskuntza prozesuaren elementu funtsezkoa da, hots, irakaskuntza bideratzeko erabil daitekeen oinarrizko elementua. Baina, jolasa, zeregin mota bat den neurrian, posibilitate zein mugabat da. Posibilitatea da giza-gaitasun batzuk lantzeko aukera ematen duelako, eta muga da beste batzuk garatzeko antzua delako. Hortaz, oso garrantzitsua da jolasak zeregin moten barruan zein rol jokatu behar duen aztertzea eta argitzea.

Horretarako arakatu beharreko lehen gaia zera da: zer da jolasa zeregin didaktiko bezala? Nire ustez, jolasa zeregin arautua da, non helburua modu batera zein bestera irabaztea den. Definizio honetan jolasaren bi ezaugarri nagusiak aipatzen dira. Batetik, ekintza arautua da, hortaz ez dago nolanahi aritzerik, ekintza erregulatua dago jolasak berak markatzen dituen arauak direla eta. Bestetik, jolasak beti du txapelketa zentzu bat, hots, irabazteko jolasten da.
Arautua izatetik datorkio, alde batetik, jolasari bere balio didaktikoa, arauak errespetatzen ikastea zaila da eta. Bizitza arruntean arauak gehiago agintzen dutenek jartzen dizkiete haurrei (gurasoek, irakasleek...) eta ez betetzeak ondorio larriak ekartzen ditu. Jolasean, berriz, arauak jolasak berak ezartzen ditu eta modu horretan hierarkiaren pisua arinagoa da. Jolasaren arauak alda daitezke, baina onartu ondoren eta jolasa hasi eta gero ez. Horrez gain, kideak dira arauen errespetua eskatzen dutenak, arauak ez errespetatzea tranpa da eta. Pertsonentzat, eta ez bakarrik haurrentzat, kideek beraiekiko duten iritzia oso garrantzitsua da, eta askotan boterea dutenei baino kasu gehiago egiten zaie. Kideen oniritziak pisugehiago du hierarkiaren presioak (zigorra) baino. Bestetik, jolasaren arauak ez errespetatzeak ekartzen dituen ondorioak, txarrak izan arren (besteek nitaz duten iritzia kaskartzen da eta) jolasaren munduan geratzen dira, eta horrek beti mugatzen du bere eragina.
Irabazteko jolastetik datorkio, bestetik, jolasari balio didaktiko erantsia. Hasteko, irabazten eta galtzen ikastea, irabaztearen poza eta galtzearen frustazioa kontrolatuz. Irabazten dugunean ez zaie galdu dutenei zapuztu behar eta galtzen denean amorruari irteera ez agresibo bat ematen ikastea ezkorra da. Baina, irabazteko jolasten denean ez da nahikoa nolanahi jardutea, komeni da edozein ekintza burutu aurretik dauden aukerak kontsideratzea eta egokiena hartzea. Horrela jokatzeari, hots, ekin baino lehen bide onena zein den pentsatzeari, estrategikoki aritzea esaten zaio. Ez goaz hemen pentsamendu estrategikoaren balio pedagogikoa deskubritzera, ez horixe.
Jolas matematikoa jolas mota bat besterik ez da, jolasaren ibilbidean elementu matematikoak (zenbakiak, neurriak, eragiketak, irudi geometrikoak...) erabiltzen direne jolasa. Hortaz, jolasen balio didaktiko guztia dute zeregin hauek, eta horrez gain, Matematika ikasteko baliagarriak dira.
Matematikako xede nagusia problemak ebaztea denez, jolas matematikoak laguntza handiko zeregina dira. Gorago aipatutako pentsamendu estrategikoa oso beharrezkoa da problemen ebazpidean, horrela jokatzea behin beharrezkoa izaten da eta baino gehiagotan.
Matematikako jolasak sailkatzeko hainbat irizpide erabil daitezke, Matematikaren zein alderdi lantzen duten begiratuz edota erabiltzen den material mota aztertuz. Lantzen diren alderdiak Aritmetika, Neurria, Geometria edota Logika izan daitezke, eta materialak manipulatiboak, papera eta arkatza edota taula-jolasak.
Mota bakoitzeko jolas bat baino gehiago ikusi ahal izango dugu ikastaroan.
Jolasak, askotan, materiala eskatzen du. Materiala lortzea ez da beti erraza izaten. Horregatik, jolasteaz gain materiala nola sortzen den ere ikastea komenigarria da. Horri ere tarte bat eskainiko diogu ikastaroan.