Psikomotrizitatea: bizipenetik kontzeptura

2002-07-01

> Bizipenetik kontzeptura, neure buruari entzun besteari/haurrari entzun ahal izateko,izenburuak hezkuntza ekintza, hezkuntza harremana, gizakia bera eta berorrek ingurunearekin duen harremana ulertzeko modu bat adierazi nahi du.

 
 

> Bizipenetik kontzeptura diogunean, hezkuntzaren errealitatearen mailak integratu beharra adierazi nahi dugu, hezkuntzako praktikaren eta teoriaren artean behin eta berriz aurkitzen dugun haustura gainditzeko.

Bizipenetik kontzeptura izenburuak integratu egiten ditu bi ideia horiek, bizipena eta kontzeptua azpimarratzeko asmorik gabe; helburua haurrekiko gure eguneroko lanean sortzen den joan-etorriko ibilbide etengabea nabarmentzea da.
Kontzeptuen edo norabide pedagogikoen bidez soilik lantzen den bizipena barnekotasunaren mailan baino ez da geratzen, lanbidearen planora, hau da, hezkuntza ekintzaren planora, igaro gabe. Eta egitura pertsonalei dagokienez, profesionalaren nahikari, beldur eta abarren esparruan sustraitzen ez den kontzeptua inoiz ez da burutik harago joango, alegia, ezin izango du hezkuntza girorik eraiki.
Bada kontzeptu ba, curriculum ezkutua , adierazi nahi duguna argi eta garbi agertzen duena, gure ustez: eskoletan haurrei ez zaie egitasmo idatzietan ageri dena helarazten, ikastetxeetan ondo funtzionatzen duena baizik. Egitasmoan kooperatibismoa proiektu gisa ager daiteke, alderdi hori lantzeko espazioak eta denborak zehaztuta eta jarduerak programatuta egon daitezke, baina eskolaren funtzionamenduak, bere maila guztietan, bizikidetzaren eta lanaren antolaketaren kontzeptu kooperatibistari erantzuten ez badio (irakasleen artean, zuzendaritzan, ikasleekiko...), eskola horretako haurrek errealitate horren bizipena barneratuko dute, astean behin lantzen den kooperatibismo mota baino.
Beraz, jarrerak ditugu mintzagai, jarduerak baino.
Bernard Acouturierren psikomotrizitate praktika, bere izenak adierazten duen legez, praktika da, eta bere metodologia, materialak, espazioak, denborak eta abar ditu. Baina praktika horren alderdirik garrantzitsuena ez da praktika bera, hezitzailearen jarrerei, hezkuntza harremanari eta haurraren ulerkuntzari eta heltze psikologikoaren prozesuari buruz egiten duen proposamena baizik.
Hezkuntzan erabiltzen ditugun jarduerak, baliabide materialak eta abar gure hezkuntza filosofiari eta gure hezkuntza proiektuari bideragarritasuna emateko bitartekoak (garrantzitsuak) besterik ez dira.
Jarduerek -praktikek- ez dute berez pedagogia horren funtsa zehazten (baldintza dezaketen arren). Azal dezagun adibide erraz baten bidez: gaur egun Euskal Herriko ikastetxe askotan konstruktibismoarekin batera irakurtzen eta idazten ikasteko egiten diren jarduerek ez dakarte ezinbestez aipatutako pedagogia motaren ezarpena. Izan ere, irakurketaren eta idazketaren ikaskuntzaren zentzu konstruktibista euren hezkuntza harremanetan ikaskuntzaren ikusmolde horrekin bat diharduten profesionalen prestakuntzaren eta barne eraketaren eskutik etorriko baita halabeharrez. Gainerako guztiak formak besterik ez dira. Eta oso garrantzitsua da funtsak eta formak elkarrekiko koherenteak izatea.
Gure iritziz, jarrera batzuk eta horiei dagozkien kontzeptuak ondo barneratzeko modu bakarra haurrekin lan egingo duten profesionalei zuzendutako prestakuntza pertsonala da.
Haurrari entzutea, bere egoerarekiko enpatia bilatzea, globaltasunean adierazteko duen beharra errespetatzea, haurrak direnari buruz eta egiten dutenari buruz geure baitan sortzen diren erresonantzia tonikoez konturatzea, heltze psikologikoaren prozesuan laguntzea, doikuntza, lekoratzeko gaitasuna... kontzeptuak dira, ideiak, eta ulertu egin daitezke plano arrazionalean, baita onartu ere maila horretan, baina gure egitura pertsonalean behar bezala integraturik ez badaude, geure izaeraren, bizieraren, besteak ulertzeko eta ulertarazteko geure eraren atal ez badira, sekula ezingo ditugu erabili. Izan ere, ez dira teknika hutsak, jarrerak baizik, eta jarrerok profesionalaren baitan erroturik baino ez dute izaterik.
“Haurra bere horretan onartu behar da”, “haurrekin ez dugu oldarkortasunez jokatu behar”, “haurrari entzun egin behar zaio, adierazteko aukera eman”... printzipio horien kontrakorik egiten inor ez da ausartu, baina guztiok dakigu oso modu desberdinetan uler daitezkeela, eta eguneroko zereginetan kontraesan ugari sortzen direla egiten dugunaren eta esaten dugunaren artean...
Gure jarrera pertsonalen eta gure hezkuntza printzipio eta ekintzen arteko koherentzia bilatzeari ezinbesteko deritzogu, eta hori lortzeko, funtsezkoa da geure buruari begiratzeko lanari ekitea, begirada ahalik eta gutxien kutsaturik ipini ahal izateko geroago bestearen gainean.
Besteei entzuteko, geure buruari entzutea; gainerakoak ulertzeko, geure burua ulertzea; gainerakoen gaitasun eta mugez ohartzeko, geure gaitasun eta mugez ohartzea... zentratzeko, norbera zentratzea.
Forma eta teoria zoragarriak sor ditzakegu, baina hori guztia gutako bakoitzaren bizieran benetan errotu ezean, gazteluak airean eraikitzen ibiliko gara, gure gizarteak jasaten duen alienazio gero eta biziagoa elikatzen. Winnicottek biziera aizuna deritzona elikatzen ibiliko gara, azalekoan oinarrituriko eta formei eta itxurazkoari kateaturiko gizartea, alegia.