Ahozkoaren didaktika bigarren hizkuntzan

2002-07-01

Ama hizkuntzaz egiten den irakaskuntzan ez dugu ahozko hizkuntza irakasteko tradiziorik. Izan ere, eskolak beti pentsatu izan du haurrak hizketan badakiela eta beraz, bere zeregina idatzian zentratu behar zela. Orain, ordea, gauzak beste era batera ikusten dira: nabaria da haurrek haien ingurunean egiten den ahozko hizkuntza dakitela eta kasurik onenean, inguru horrek erabiltzen dituen aldaera eta erregistro mailak menderatzen dituztela, ez besterik. Gaurko munduan, familiaren eta parekoen arteko mundu estutik ateratzeaz batera, eguneroko solasaz gain, hizkuntzaren erabilera zaindua ezinbestekoa da eta haur gehienek diskurtso mota horiek ez dituzte menderatzen, ez baitituzte praktikatzen. Zenbait genero eta maila erabiltzen ikasteko bide luzean, ezinbestekoa da haurrari laguntzea.

 
 

Ikasleei pentsamendua antolatzen laguntzea da eskolako zeregin handienetako bat. Ideien antolaketa, haien arteko lotura, eta batez ere arrazoiketa logikoa menderatzea funtsezkoak dira eskolan ondo ibili eta bizitzan defendatu ahal izateko. Ez da ahaztu behar pentsamenduaren jokabide horren isla hizkuntzan dagoela. Ondo hitz egiteak ondo pentsatzearekin du harreman estua. Hitz egitean ideiak diskurtsoan antolatzen ditugu, eta aldi berean, ideiak kanporatzeko egoeraren eta hizkuntzaren maneiua beharrezkoa zaigu: hiztegiaz gain, hizkuntzaren pieza guztiak eta haien arteko harremana erraztasunez erabiltzen jakitea ezinbestekoa da ondo mintzatzeko.

Eskolak bereziki ez du prozesu konplexu honetan laguntza handirik ematen, ez du ahozkoa irakasten, praktikan ez dio behar duen garrantzia ematen, eta ondorioz, oso aukera gutxi gelditzen zaie haurrei ahozko hizkuntza garatzeko. Izan ere, gelan gehien mintzatzen dena irakaslea da.
Euskal Herriko ikasleen populazioaren %70 inguruk erdara dute ama hizkuntza. Haur horien gehiengoari euren bigarren hizkuntza den euskara irakasten dio eskolak. Eta nahiz eta irakaskuntza horren hasieran mintzatzeari garrantzia ematen zaion, ikasketetan aurrera joan ahala, ikasleek hitz egiteko dituzten aukerak gutxituz doaz. Lehen hizkuntzan serioa den jokabide hau, bigarrenean larria izan daiteke. Horrela, lehen hizkuntzan ideiak argitasunez, egokitasunez, koherentziaz eta jariotasunez adierazteko ikasleek izaten dituzten oztopoak biderkatu egiten dira bigarren hizkuntzaz hitz egitean. Eta horretan lagundu behar bazaie, laguntza horrek are eta artikulatuagoa eta zainduagoa izan behar du.
Murgiltze programetako ikasleen ahozko hizkuntza maila eskasa da. Jatorrizko hiztun euskaldunekin mintzatzeko duten aukera ezak edo eskasiak murriztu egiten ditu haien hizkuntza hobetzeko bideak. Sarritan, ikasleek hizkuntza garatzeko duten espazio bakarra eskola da ia. Horregatik da horren garrantzitsua eskola ahozko hizkuntza lantzeko beharraz jabetzea, bereziki bigarren hizkuntza irakasten ari denean.
Eskolak zeregin handia du ahozkoari dagokionez. Baina hobetzeko bidean ez da nahikoa ahozkoaren denbora gehitzea. Ikasgelan egiten duguna teoriaren argipean aztertu beharra dago, jokabiderik onenak ikasteko eta eraginik ez dutenak baztertzeko. Oso errotutako jokabideak aldatzeko, teoria ezagutzea –praktika interpretatu ahal izateko ezinbesteko betaurrekoak– beharrezkoa zaigu, haren laguntzaz praktika hausnartu eta bertan behar diren aldaketak sartu ahal izateko. Hori da ikastaroan garatzen saiatuko garena: teoriaren eta praktikaren hausnarketa eginik, bereziki bigarren hizkuntzaren ikaste-irakaste prozesua aztertu eta irakaskuntza hobetzeko bideak proposatu. Ikastaroan teoria eta adibide praktikoen analisia tartekatuko ditugu, azalpena eta eztabaidak. Partaideek horretarako prest etorri behar dute.