Power Point

2002-07-01

> Microsoft Office bildumak eskaintzen duen Power Point aplikazioa multimedia aurkezpenak ahalbidetzen dituen programa indartsua da. Ideiak erraz antolatzen, sendo ilustratzen eta profesionalki komunikatzen laguntzen du. Aurkezpenak ikus-entzunezko bitarteko garrantzitsuak izan daitezke hainbat eskola jardueratan. Bereziki erabilgarriak dira jendaurreko ahozko aurkezpenak zein aurkezpen idatziak burutu behar direnean.

 
 

Asko aurreratzen ari da multimedia aurkezpenen arloa. Sarritan, diapositiba digital eta animatuak eraikitzea uste baino lan erosoagoa eta ludikoagoa izaten da. Microsoft PowerPoint ideiak antolatzeko, ilustratzeko eta egoki garatzeko tresna eraginkorra da. Gelan aurkezpenak egiteko balio du, era txundigarrian komunikatzera iritsiz. Fitxategi berean testua, irudiak edota eskema ugari elkar daitezke. Gure adierazpenak aurkezpen horiekin lagunduta burutzen baditugu, gure azalpenek arrakasta handiagoa izango dute.

Honelako diseinu aplikazio gehiago badago merkatuan:PowerPointetik hasi eta Harvard Graphics eredura irits gaitezke, Corel Presentations edo Lotus Freelancetik igaroz. Bakoitzak bere indarguneak eta ahuleziak izango ditu. Egun, estandarrena aurkezten dugun hauxe da. Zerbait baldin badu PowerPointek bere alde, erabiltzeko duen erraztasuna da. Horren ezaguna denWorden erabiltzaile arruntena ere berehala ohituko da aplikazio honetara, eta laster batean benetako multimedia produktu osoak sortzen ikus dezakegu.
Oro har, aplikazio horiek era bertsuan egituratzen dira. Aurkezpena eraikitzeko nahi hainbat diapositiba edo lamina sor ditzakegu. Lamina horiek euskarri mota desberdinetan finka daitezke: gardenkiak izan daitezke, edo diapositiba arruntak eta, jakina, pantailan edo proiekzio bidez aurkez daitezke. Orri horiek sekuentzia bat osatuko dute –sarritan, ibilbide desberdinak ere aurreikus daitezke- eta proiektatzeko tresna batez ikusiko ditugu. Aurkezpenek maiz oso gidoi ezagunak jarraitzen dituzte eta lana aurreratu nahirik aurrediseinu eta txantiloi ugari eskaintzen dira. Baina, gogoa izanez gero, nahi duguneraino eraman dezakegu gure sormen gaitasuna.
Eta zergatik da interesgarria PowerPoint irakaskuntzan? Horra adibideak...

Arbel elektronikoa

Oso gutxi dira arbelik gabe eskola ematen dakiten irakasleak, gehien-gehienok etengabe zerbait zirriborratzeko beharra dugu. Eta hala ere, ezin dugu denok esku oneko marrazkilariak izan, eta are gutxiago bat-bateko diseinatzaile eraginkorrak. Eredua aurretik egitea, kalitate berma bilaka daiteke: garbitasuna, antolakuntza, hausnarketa...
Oinarri-oinarrian, arbel elektronikoa proiektore bati lotutako multimedia ordenagailu bat da. Horrez gain, hainbat gehigarri txertatzen jarrai dezakegu. Oso interesgarria litzateke, adibidez, nolabaiteko sare lotura izatea Internet bidezko hainbat zerbitzu zuzenean eskaini ahal izateko. Era berean, lagungarria litzateke DVD irakurgailua izatea; horrela, bat-batean, arbela bideo zerbitzu bilakatzen dugu -batez ere ekipoak bozgorailu indartsuak baldin baditu. Beste modu batera esanda, izugarri praktikoa bihurtuko da proiekzioa ohiko arbel zuri baten gainean burutzea. Horri esker, errotulagailua aurkezpen birtuala dinamikoki osatzeko baliabide bihurtuko dugu. Ekipatzeko ditugun aukerak kontuan harturik, makinak ibiltari izango direla aurreikusi beharko dugu, eta ondorioz, ordenagailu hori portatila bada, askoz hobe.

Eta ikasleak zer?

Irakasleak bere lanerako erabil dezakeen bezalaxe, ikasleek ere etekin handia atera diezaiokete. IKT alfabetatze egokira iritsiz gero, egin behar izaten dituzten ekoizpenak –beren lan eta txostenak- paperezko euskarria gainditu eta sarritan multimedia produktuak izatera irits daitezke. Gai baten inguruko aurkezpena prestatzeak eskolak betidanik oso interesgarritzat jo izan dituen hainbat zeregin aplikatzera bultzatzen gaitu: zerbaiten inguruko informazioa bilatu, laburtu, eskematizatu, gidoiak eta hizketaldiak prestatu...