Literatur txokoa
> Estepan Urkiaga“Lauaxeta”
ARANBARRI, Iñigo. Idazlea, Filologian lizentziatua eta institutuko irakaslea. IZAGIRRE, Koldo. Idazlea eta gidoigileaZer du gustagarri Lauaxetak gaur egungo irakurle batentzat? Eta galdera sarri entzunagatik, erantzuna ez da ezinezkoa: kontradikzioaren poeta izatea. Izan ere, Aitzolek Espainiako II. Errepublikaren atarian abian jarri zuen Pizkundeko poeten artean, inork gutxik bezala betetzen baitu Estepan Urkiga, Lauxetak, tradizioaren eta iturri berrien arteko sintesi zaila. Erromantzeen formaren aldeko hautua egiten du, baina Baudelaireren arnasa eransten dio; gai epikoak eman nahi dizkigu, baina sinbolisten eta modernisten jantziz kontatu beharra sentitzen du; katoliko estua da, baina sentsualtasuna du aldarri... Lehena da objektuak, gizakiak, gertaerak era horretan ikusten, eta berak badaki.
Horregatik, ulertzekoa da Aitzolen haserrea urteak aurrera zihoazen neurrian herria lozorrotik atera behar zuen poesia hura ez zetorrela ikusi zuenean. Orixerena onargarriagoa bazitzaion ere (Orexara bidali zuen euskaldunon poema nazionala izan behar zuen Euskaldunak idaz zezan), ez Lizardi eta ez Lauaxeta bide pertsonalegian zebiltzan. Apostu handia eginda biak ala biak, ordura arte inork gutxik bezalako lotura topatu nahian idazlea eta obraren artean. Jenialtasunaren bila zarauztarra, aberriak agindu erara Mungiakoa. Bere hitzak dira, nahiago duela soroan aritu atxurrean olerki idazten baino, horrekin aberria gehiago goraltzen bazuen.
Baina injustizia handia litzateke Lauaxeta bizitzea egokitu zitzaion garaia kontuan izan gabe epaitzea. Jeltzale itsua da, kristau eta marianoa, “euzkeldun zintzoa”... eta hori guztia ezagun du bere obran. Gaur egungo irakurle batentzat, horretan du zaharmin itxura, horrek sortzen du nolabaiteko antipatia. Baina hala ere, eta honen gainetik, badute bai Arrats bera -ko olerkiek, baina batez ere Bide barrijak -ekoek, irakurlea ezustean harrapatuko duten modernotasun zantzurik. Eta harrituta geratzen gara gure poesia berriari ateak zabaldu zizkion gizonaren aurrean. Gaur egun, ezin uler daiteke XX. mendean euskal poesiak ezagutu duen aurrerakada Lauaxetaren ekarpenik gabe.Bernardo Atxaga
OLAZIREGI, Mari Jose. Filolgian doktorea eta EHUko irakaslea OTAEGI, Lurdes. Filologian doktorea eta Deustuko Unibertsitateko irakaslea
Bernardo Atxaga (Joseba Irazu Garmendia, Asteasu, 1951) eta bere lana ezagutzea izango da saio honen xedea. Zenbait datu biografikorekin batera, 70ko euskal kultura eta literaturaren testuingurua aztertuko ditugu. Berebat, Panpina Ustela eta Pott Bandari eta argitaraturiko obrari gainbegiratua emango diegu.
1. Poesia
Egilearen obra poetikoa aurkeztea eta zenbait poema komentatzea da saioaren lehen zati honen xedea. Saioan zehar, hezkuntzaren DBH eta Batxilergo mailetarako egoki izan daitekeen materialaz baliatuko gara, hala nola CD audizioak eta CD-ROMak. Horretarako, ondoko egitarau honi atxikiko gatzaizkio gehienbat.1.1. Etiopia
- Lehen edizioa (Egileak berak argitaratua, Bilbo, 1978). Hitzaurrea eta Poetika abangoardista - Bigarren edizioa (Erein, Donostia, 1983)1.2. Henry bengoa Inventarium
(Elkar, Donostia, 1988) (Orain S A, Hernani, 1995)1.3. Poemas híbridos
(Visor, Madril, 1990, Plaza y Janes 1990) Eta Nueva Etiopia (El Europeo, Madrid 1996)ko poemen berrirakurketa eta eraketa berria. - Kantu eta testu berriak. - Poetika berria.1.4. Hautaturiko zenbait poemaren iruzkina
2. Narratiba
Egilearen narratibazko lanei birpasa emango diegu atal honetan eta Bigarren Hezkuntzan testuok lantzeko metodologia nahiz adibide konkretuak eskainiko. Horretarako, literatura eskolak emateko modu gaurkotua, diziplina artekotasuna bilatzen duena proposatuko dugu. Honako puntuok landuko ditugu bereziki:2.1. Bernardo Atxaga Inventarium : Literatura Fantastikotik eleberri errealistetara. Atxaga abangoardista: haur literatura eta alfabetoak.
2.2. Behi euskaldun baten memoriak -en azterketa eta proposamen didaktikoak bigarren hezkuntzarako. Ikasleentzako/irakaslearentzako dossierra.
2.3. Bidaia literarioa Obaban : fantasia ulertzeko modu atxagarra.
Harkaitz Cano
ESTANKONA, Igor. Poeta eta literatur kritikaria. MATAUKO, Edorta. Itzultzailea, euskara eta literatura irakaslea IRALEn
Euskal idazle gazteen artetik etiketa hori kendu eta “euskal idazleen” aldera pasatu den azkena izan da Harkaitz Cano (Lasarte-Oria, 1975). Kontsagratuen artean aulki bat lortzeko beste norbaiti berea kendu beharko balitzaio, noski, arazoak izango genituzke. Ez lirateke asko izango, baina, konparaketa jasango luketenak, Harkaitzen kantitatea eta kalitatea handiak direlako. Jadanik curriculumean sartu beharra dagoen izena da. Egunkarietako artikuluek, kronikek, errezitaldiek, gidoiek… gauza askok osatzen dute donostiarraren unibertsoa.
Urruzuno literatur sariketan, urterik urte, han agertu ohi ziren Harkaitzen poemak. Institutuko ikasle batenak izateko oso landuak izateaz aparte, literaturzale amorratuaren marka pertsonala zeramaten konposizio luzeak ziren. Irakurritakoak gainezka egiten zion, poesia maite zuen. Batzuetan eredu konkretuak imitatzen zituen: hasi berriaren dudak ziren. Poesiaren lehen oinarria imitazioa dela onartzen du idazleak, atzera begiratzen duenean. Han, atzean, Sarri eta Atxaga daude -Etiopia-, orduko musika taldeen hitzak… Finduz gero asko eman zezakeen idazlea zela antzematen zitzaion. Oso goiz, baina hala zen.
Denborak eman zion Harkaitzi, denoi bezala, ahots pertsonala. Lubaki bandaren esperientzia aztertu beharrekoa izango da ezinbesteko testuinguru bat emateko unean. Poesiak azken hamarkadan maiz hartu duen talde-lan itxura, kolektibo behin-behinekoen sorrera eta abar ere aipatu beharko dira. Larregi luzatu barik kokapen egoki bat ematen ahaleginduko gara, funtsean. Horrek ez du berehalako aplikaziorik aztertu gura genukeen liburu konkretuan Norbait dabil sute eskaileran (Susa, Zarautz, 2001)– baina galtzeko arriskua dago hori argitu ezik. Kea behelainopean bezala (Susa,1994) ez dugu aztertuko, lehengo kokapen arrazoiengatik ez bada. Denbora tarte handiegia dago bien artean eta narratiban ibilbide luzea egin ostean dator guri dagokigun bigarren poema liburua. Tarte luze horretan bere poesia otzandu egin da, lauagoa bihurtu da, narratiboagoa. Eguneroko irudi poetikoei –sukalde bat, euria hirian– leku asko uzten dion idazlea betidanik izan den arren, gero eta leku gehiago hartzen dute objektuek pertsonen aldamenean. Liburu honetan New Yorken egindako egonaldiak sorrarazi zizkion gogoetak poema bihurtzen dira. Badauzka Duchamp edo Warhol gogorarazteko moduko ñabardurak, baina objektuak ez dira modu soltean erabiltzen, bere horretan, ez bada zirrara konkretu bat lortu nahian. Bizitzak hotza dirudi poema hauetan. Baina badago halako epeltasun urrun bat ere: elur gainera txingor bat bota eta hark egindako zuloaren deskripzioa. Ez dugu larregi esan, baina poesiaren lurralde subjektiboan mugituko garelako da. Ikasleen iritzia gauza pertsonala da, irakurle bakoitzak bere harreman autonomoa daukalako literaturarekin, generoekin, idazle konkretuekin zein garai bakoitzeko sormen lanekin. Oinarri sendoen gainean eraikiko dela bermatzeko apunte txiki batzuk eskaintzen ahaleginduko gara, ahal bada.