Elkarbizitzen ikasi, komunikatzen ikasi: etorkinak gure eskolan

2002-07-01
 
 

> Elkarbizitzen ikasi, komunikatzen ikasi: etorkinak gure eskolan

MOLINA, M. Jose.

Bigarren Hezkuntzako irakaslea
STEE-EILAS sindikatuko kidea

Haur etorkin eskolatuak EAEn eta Nafarroan: hainbat datu eta zenbait ondorio

Gero eta pertsona gehiago dira arrazoi desberdinak direla medio (ekonomikoak, gerratik alde egin beharra, errepresio politikoa, genero indarkeria...) Gibraltarreko itsasartea edo Atlantikoa gurutzatzen dutenak Europaren bila. Etortzen jarraituko dute, eta gero eta gehiago izango dira, besteak beste guk, geure gizarteak, behar dituelako.
Eta jadanik gure geletan daude. Europarekin edo estatu espainiarrarekin alderatuta eskolatutako haur etorkinen kopurua oso baxua da. Hortaz, egoera ez da larri bezala planteatu behar, horrek errealitatearen irakurketa desitxuratua ekar baitezake. Hala ere, egia da haur etorkinen etorrera jarraia dela eta kopurua igoz doala.
Migrazio fenomenoak bizi dituzte gizarte guztietan bi alde daude: etortzen direnak eta jasotzen dutenak. Benetan integrazio sozial egoki gerta dadin nahi badugu jasotzen duen aldeak prestatu egin behar du. Zeren integrazioa ezin baita ulertu asimilazio edo nortasun aldaketa bezala. Integrazioa biren arteko kontua da eta bi aldeak eraldatzen eta aberasten ditu.
Dudarik gabe, hezkuntza integrazio sozialerako tresna bat da, baina ez bakarra. Ez dezagun ahaztu beste hainbat aldagai ere (ekonomikoak, politikoak eta sozialak) hezkuntza eta kultura bezain garrantzitsuak direla kohesio soziala lortzeko. Oraindik garaiz gaude hemendik aurrera gure hezkuntza sisteman presente egongo den errealitatera egokitutako kriterioak eta baliabideak planifikatzeko eta gu geu prestatzeko.
Zein errealitateren aurrean jokatu behar dugu?
Lehenengo eta behin datozen haurrak hezi behar ditugula pentsatu behar dugu. Horretarako, beharrezkoa da berdintasunerako heziketaren ildo orokorretan oinarritutako heziketa interkulturala sortzea ikastetxe eta maila guztietan. Argi eduki behar dugu pertsonok desberdintasun baino antzekotasun gehiago ditugula.
Bestalde, nahitaezkoa da herrialde etorkineko hezkuntza egoeraren diagnostiko bat egitea, kontuan harturik herrialde horren aniztasuna eta hartzen dituen herrialdeko zonaldeen ezaugarri desberdinak.
EAEn eta Nafarroan haur etorkinen inguruan egin den lehenengo azterketaren arabera errealitate kezkagarri baten aurrean gaude. Haur horien gehiengoa sare publikoan kontzentratuta dago (%72) eta A ereduan (%65). Egoera horren ondorioz, alde batetik ikasleek ez dute behar duten hizkuntza gaitasuna lortzen, eta bestetik zenbait ikastetxe ghetto bilakatzeko arriskua dago. Beraz, beharrezkoa da egoera horiek ekiditeko neurriak hartzea.
Azkenik, beharrezko baliabide egokiak beharko ditugu ikasle horiek hezkuntza sisteman integrazio osoa lor dezaten. Hainbat instituzioren artean (ez hezkuntzakoak soilik) plafinikatu behar dira baliabideka. Horien artean bada oinarrizkoa eta premiazkoa den bat: aldaketa guztien eragile den irakaslearen prestakuntza berezia.

Elkarbizitzen ikasi, komunikatzen ikasi: etorkinak gure eskolan

ARRATIBEL, Nekane.

Mondragon Unibertsitateko irakaslea

Kultur artekotasuna eta jarrerak gelan: autokontzeptua eta autoestimua lantzen

Gure ikastetxeetara ikastera datorren etorkin kopuruak gora egiten du egunetik egunera, eta horixe izango da hurrengo urteetan ere joera nagusia. Ikasle horiek, hainbat kasutan, gurearekin zerikusirik ez duten beste gizarte modu eta kultura batzuetatik datoz, eta horrek aldaketa itzelak dakartza, baita eguneroko gauzarik txikienetan ere. Horregatik guztiagatik oso garrantzitsua da ikasle horiekiko dugun jarrera, edo hobeto esan, portaera. Kontuan izan behar da ikasle horiek gelara sartzen direnean bakarrik, bazterturik, esaten dena ulertzen ez dutela, desberdin... sentitzen direla askotan. Ikaslearen integrazio bidean zeresan handia du irakasleak eta honek adierazitako jarrerak, eta baita gainerako ikasleen jarrerak ere. Eta horiek modu egokian bideratu eta jarrera egokiak transmititzea da irakaslearen lanik garrantzitsuenetariko bat.
Autokontzeptuaren eraketan oso garrantzitsuak dira ikasleak bere inguruko pertsonetatik (kasu honetan irakasleak eta beste ikasleak) jasotzen duen informazioa. Informazio horrek ikasleari bere buruaren irudi bat egiten lagunduko dio. Eskola eremuan autokontzeptu akademikoa izan daiteke garrantzitsuena, ikasleak ikaskuntza prozesua aurrera eramateko dituen gaitasunen ideia. Halere, beste hainbat eremutan ere eragin handia izan lezake autokontzeptuak, pertsonen arteko harremanetan, kasu. Irudi horren bitartez ikasleak bere niaren ebaluazio afektiboa egingo du, eta horrela bere autoestimua garatuko du. Ikasleari ikusten duena gustatzen bazaio eta bere buruaz, oro har, pozik sentitzen bada, autoestimu maila altua duela esango dugu, eta alderantziz, bere buruarekin pozik ez badago, autoestimu baxuaz hitz egingo dugu. Autokontzeptua eta autoestimua faktore baldintzatzaileak suertatzen dira ikaslearen errendimenduan eta pertsonen arteko harremanetan.

Elkarbizitzen ikasi, komunikatzen ikasi: etorkinak gure eskolan

CORREAL, Susana. Mugarik Gabeko kidea.

PEREZ, Karmele. Mondragon Unibertsitateko irakaslea

Irakasle eta ikasleen jarrerak hobetzeko estrategiak

Traketsak edo bidegabeak iruditzen zaizkigun portaeren aurrean, edo eskolan gerta daitezkeen gatazken aurrean, jokabide horiek aldatzeko lana eta kemena ezagutza mailara bideratzen dugu askotan, argudio zehatz batzuk eta pentsaera argia izateagatik modu egokian jokatuko dugulakoan. Gure esperientziak, bai pertsonalak, bai heziketa arlokoak, erakusten digu sarritan ideien eta portaeren artean ez dela koherentziarik izaten.
Jarrerak oso garrantzitsuak dira egoera hau ulertzeko. Baina batzuetan ez diegu behar den garrantzirik ematen eta ez dugu ahalegin nahikorik egiten gure jarrerak zein diren aztertzeko. Dakigunez, jarrerak oso lotuta daude pertsonen sentimenduekin. Alde hori bigarren mailan uzten da askotan, ez gaude ohituta gure sentimenduak adierazten, eta arazo bat dugunean errazagoa da arazoari buruz zer pentsatzen dugun esatea, nola sentiarazten gaituen azaltzea baino.
Kulturarteko heziketan gai nagusia da hori. Edozein iritzi justifikatzeko argudioak daude eta informatzeko edo kontzientziatzeko eztabaidak sortzea beharrezkoa da; baina pertsonaren barneko emozio munduan dagoena (espazioa galtzeko beldurra, mesfidantza, jakingura, autoestimua, bizi izan ditugun esperientziak...) izango da batez ere portaera baldintzatuko duena. Horregatik da oinarrizkoa hori guztia ezagutzea eta lantzea.
Gure lan proposamenak jarrerak lantzeko bi esku-hartze maila hartzen ditu bere baitan:
- Irudien arloa. Munduari buruz irudi bat daukagu: irudiek mundua ezagutzen eta gure espazioa aurkitzen laguntzen digute. Talde jakin bateko kideak izateagatik pertsonei egokitzen zaizkien estereotipoak dira askotan.
- Sentimendu pertsonalen arloa.
Oinarrizko pauso bat jarrerekin lotutako lan honetan ondokoa da: konturatzea jarrera desberdinak daudela eta jarrera horiek zein diren antzematea; baina ez geure burua epaitzeko, baizik eta konturatzeko non gauden eta zergatik, eta beste leku batean egon nahi badugu, zer behar dugun eta prozesu horri ekiteko zer tresna dugun ohartzeko. Jarreren atzean premia pertsonalak daude beti, eta beharrezkoa da behar horiek ezagutzea.
Oso garrantzitsua da erreferente berriak eta positiboak ere sortzea, alegia, gure pentsamendua zabalduko duten eta sentitzeko moduan eragina daukaten esperientziak.
Azken finean, gaia giza harremanen eta gatazken konponketaren ikuspegitik enfokatzen badugu, gure proposamena ondokoa da: pertsonengan hazkuntza prozesua sustatzea, posizionamendu edo jokaera jakinak bigarren mailan utziko dituena eta gure sentimenduak eta premiak lan ardatz hartuko dituena.

Baliabideak, informazioa, aholkularitza... Zer dago EAEn?

Etorkinak iritsi zaizkigu eskoletara. Duela gutxi arte ezagutzen ez genituen etorkin motak etorri zaizkigu eta ikastetxe askok, irakasle askok, ez dakite nora jo, ez dakite non bilatu, ez dakite zer baliabide eskaintzen dizkien EAEko hezkuntza sistemak.
Saio honek hainbat pista eman nahi ditu. Izan ere, ikastetxeek jakin behar lukete zer baliabide eskaintzen dituzten Hezkuntza Sailak eta Ordezkaritzak eta jakin behar lukete zer egiten ari diren Berritzeguneetan, zer plangintza ari diren diseinatzen hemen eta han, nora jo dezaketen eta zertarako, zer argitalpen eta zer esperientzia ari diren sustatzen, zer den bitartekaritza kultural eta linguistikoa, zer den eskolatze mahaia...
Horretan saiatu nahi dugu, alegia, zerrendatzen eta jakinarazten zein baliabide eta laguntza eskura dezaketen ikastetxeko dinamikak optimizatzeko eta behar dituzten laguntzak jasotzeko.

Elkarbizitzen ikasi, komunikatzen ikasi: etorkinak gure eskolan

SABAR, Kebir.

“La Madrassa” mundu arabiar eta islamiarraren zentroko koordinatzailea

Familia marokoar etorkinak Euskal Herrian eta seme-alaben heziketa

Nahiz eta hiritar marokoarren presentzia 60ko hamarkadaren amaieran hasi Euskal Herrian, orain dela gutxi hazi eta aniztu da. 60ko hamarkadan hasi, 70, 80 eta 90eko hamarkadak igaro eta XXI. mendean jarraitzen duten milaka proiektu migratzaile dira.
Proiektu horietako bakoitzaren atzean historia indibidual edota kolektibo bat dago. Garai zehatz batean hasten da, leku definitu batean, eta etorkin guztien bizitza, eta heriotza zenbait kasutan, baldintzatzen dituen hainbat gertaerez beteta dago.
Etorkin guztiek, gizon eta emakumeek, baliabide material eta sinbolikoak aktibatzen dituzte beren jatorrizko lekutik ateratzen direnean eta leku berrira iristen direnean. Iritsitako herrialde berrian bizitzeko edo irauteko erabiltzen diren estrategiak hiru gauzek baldintzatzen dituzte: irteerako unea, jatorrizko herrialdeko egoera eta herrialde berriko espektatibak.
60 eta 80ko hamarkaden artean Euskal Herrira iritsitako lehen etorkin marokoarrek ikustezintasuna erabili zuten estrategia bezala eta beren helburua epe motz edo ertainean lortu ondoren itzuli egiten ziren. 90eko hamarkadako etorkinek, ordea, gehiago inplikatu behar izan zuten atzerriratzeari, lan prekarietateari eta ezegonkortasun juridikoari irtenbidea emateko. Eta behin-betiko itzuleraren ordez bi munduren arteko bizitza nomada hartu zuten.
Familiarekin berriz elkartzea gizon aitzindarien itzuleraren porrotaren erantzuna izan zen, eta 90eko hamarkadako gizon-emakumeentzat ondo hausnartutako erabakia. Haur txikiekin datozen emakumeek eta hemen jaiotzen direnek etorkizuneko proiektu bat irekitzen dute.
Lehen belaunaldiko gurasoek beren etorkizunari buruz galdera gehiegi egin gabe eskolatzen zituzten seme-alabak. Dirua aurreztu eta denak batera itzultzea besterik ez zuten buruan. Baina denbora joan ahala, itzulera gero eta zailagoa bihurtzen zen eta seme-alabak bi espazio soziokultural desberdinetan, eta batzuetan gatazkatsuetan, hazten ziren: eskola, lagunak, kalea, euskara eta gaztelania eta hemengo pauta kulturalak alde batetik; etxea, gurasoak, Marokoko familiartekoak, arabiera eta bereberea, ohitura eta erlijio musulmana bestetik. Semeek lan merkatuan sartzeko adina ikasi behar zuten eta gurasoei itzulerako proiektuan lagundu; eta alabek nerabezarora arte ikasten zuten gero hemengo edo hango lehengusu batekin ezkontzeko.
80ko hamarkadaren bukaeran hiri handietako gizon eta emakumeak iritsi ziren, eskola graduatua eta unibertsitate ikasketen arteko ikasketak zituztenak, eta horrek etorkinek eskolarekiko zuten erlazioa aldatu egin zuen. Lehen belaunaldiko gurasoen eta 80ko hamarkadaren bukaeran eta 90eko hamarkadan zehar etorritakoen artean harremana Euskal Herri osoan ireki ziren mezkiten inguruan garatu da.
Momentu honetan etorkin marokoarrek beren atzerriratzearen kontzientzia hartu dute eta beren seme-alaben etorkizunaren inguruan galderak planteatzen hasi dira: zer egin nortasun galeraren aurrean? Nola irakatsi jatorrizko hizkuntza eta kultura? Nola transmititu seme-alabei beren erlijioaren balioak? Zein dira, beraien ustez, eskolak transmititu behar dituen balioak?

Elkarbizitzen ikasi, komunikatzen ikasi: etorkinak gure eskolan

GARCIA, Iñaki.

Mondragon Unibertsitateko irakaslea

Etorkinen estrategiak harrera-gizartera egokitzeko

Lan honetan testuinguru aldaketa baten aurrean (kultura batetik bestera igarotzean) gizabanakoen egokitzapena nola gertatzen den aztertuko da. Gizabanako batzuek edo gizabanako talde batek bere testuinguru kulturala beste batera joateko uzten dutenean, harrera-gizarteko kideekin ukipen egoeran jartzen dira. Kulturarteko ukipen horrek taldearengan eta gizabanakoengan aldaketak sorraraziko dituen akulturazio prozesua abiarazten du. Aldaketa horiek maila askotan dute eragina: jarreretan, identitatean, taldeen arteko jokabideetan eta abar. Redfield, Linton eta Herskovits-en (1936) arabera, akulturazioa bi kultur talde desberdin eta autonomoren arteko ukipenaren ondorioz sortzen den aldaketa besterik ez da. Beste autore batzuek (Azurmendi, Romay eta Valencia, 1996), berriz, akulturazio hitzari har dakiokeen zentzu negatiboa saihestearren, kulturazio hitza erabiltzen dute fenomeno bera adierazteko.
Akulturazioaren gaiari buruzko interesa ez da gaurkoa eta eredu teoriko anitz eskaini dira fenomeno hori aztertzeko; guk Berryren eredua erabiliko dugu.
Berryk (1980) lau akulturazio estrategia bereizten ditu: banantzea (beren kulturari eusten diotenak), integrazioa (jatorrizko zein harrera-taldearen kulturarekin identifikatzen direnak), asimilazioa (jatorrizko kultura harrera-taldearen kulturarekin ordezkatzen dutenak) eta dekulturazioa (identifikazio kulturalik egiten ez dutenak). Gogoan izan behar da estrategia horiek definitzeko ez dela harrera-taldearen ikuspegia erabiltzen, horrela eginez gero integrazio edo asimilazio terminoek beste esanahi bat izango bailukete.
Aurkezpen honetan lau autonomia erkidego elebidunetan (Katalunia, Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroa eta Valentzia) Espainiatik etorritako etorkinen seme-alabek (gaizki deitutako bigarren belaunaldiko etorkinak) egiten dituzten akulturazio estrategiak aztertzen dira, eta subjektuek lortzen duten tokian tokiko hizkuntzaren ezagutza mailan eta erabilpen mailan horiek duten eragina ere aztertzen da.
Autonomia erkidego gehienetan integrazio estrategia da nagusi. Hau da, emigranteen seme-alabak integratuta sentitzen dira beraien autonomia erkidegoan eta, aldi berean, gurasoen kultura edo kultura horrekiko identifikazioa izaten jarraitzen dute. Tokian tokiko hizkuntzaren ezagutza mailari dagokionez, asimilazio eta integrazio estrategiak garatzen dituztenek lortzen dute ezagutza mailarik altuena. Bi talde horien artean, ezagutza mailan desberdintasun esanguratsurik ez dago. Bai, ordea, erabileran: asimilazio estrategia garatzen dutenak, hau da, harrera-taldeko kulturarekin soilik identifikatzen direnak dira tokian tokiko hizkuntza gehien erabiltzen dutenak.

Elkarbizitzen ikasi, komunikatzen ikasi: etorkinak gure eskolan

SAINZ, Matilde.

Modragon Unibertsitateko irakaslea

Hezkuntza: eleanitza eta kulturanitza

Gure hezkuntza sistema eleanitza da: euskara, gaztelania eta, gutxienez, atzerriko hizkuntza baten irakaskuntza ohikoa da gure eskoletan. Euskara eskolatu zen unetik, bokazio eleaniztuna izan du gure hezkuntza sistemak: bi hizkuntza elkarrekin bizi izan dira eskolan (euskara eta gaztelania edo euskara eta frantsesa), eta horien presentzia handiagoa edo txikiagoa izan da, ikasleen jatorriaren arabera eta inguruko hizkuntzen arabera. Esan daiteke, gauza asko egiteke gelditzen badira ere, oro har, gure hezkuntza komunitateak ahaleginak egin dituela gizartearen ezaugarri dinamikoetara egokitzeko.

Azken urte hauetan denontzat ezaguna den beste aldaketa nabarmen bat jasan du gure eskolak: haur etorkinak eseri dira gure ikasgeletan, oso urrutitik etorritakoak, bestelako kultura dutenak eta bestelako erlijioa dutenak.

Egoera berri horren aurrean, eskolak pentsa dezake aurretik eginiko lanak ez direla hutsalak izan eta erabilgarri izango dituela haur etorkinekin erabiltzeko ere: murgiltze programak, garatutako metodologiak —dela edukien bitartezko hizkuntza irakaskuntza/ikaskuntza, dela proiektuen bitartezko irakaskuntza/ikaskuntza, dela talde kooperatiboen inguruko lanak...—, sortutako materialak.... Pentsa dezake, gainera, lehen ere izan dituela elkarrekin, gela berean, ama hizkuntza desberdineko haurrak.
Eta egia da gaur egun duela urte batzuk genekiena baino askoz ere gehiago dakigula murgiltzeaz, edukien bitartezko hizkuntza irakaskuntzaz, proiektuen bitartezko irakaskuntzaz, talde lan kooperatiboez eta abarrez; baina gogoan izan behar dugu orduko egoera eta oraingoa arras desberdinak direla zenbait faktoretan. Suarez-Orozcok (2001) galdera hauei erantzun behar diegula esaten du: zer dakigu eta zer jakin behar dugu haur etorkinei buruz aro global berri honetan? Zer da berria emigrazio honetan? Autore horrek Ameriketako Estatu Batuei egokitutako zerrenda egiten du eta guk geurea egin beharko dugu. Topaketa hauetan zerrenda hori egiten saiatuko gara eta gure kezkak eta beldurrak kanporatuko ditugu ahalik eta irtenbide egokienak bilatzeko.

Elkarbizitzen ikasi, komunikatzen ikasi: etorkinak gure eskolan

LAVADO, Julian.

Irungo Berritzeguneko aholkularia

Trintxerpeko Karmengo Ama ikastetxea: atzerritar jatorriko haurren integrazioa D ereduan

Trintxerpeko Karmengo Ama ikastetxean ikasketa komunitateak izeneko proiektua jarri zen martxan. Aniztasuna trataerarako berrikuntza esperientzia batean oinarritzen da berau.
Ezberdintasunak gainditzeko eta ikaskuntza errazteko eskolaren eraldaketa beharrezkoa da. Proiektu hau, beraz, eraldaketa hori lortzeko esku-hartze orokorrean datza.
Proiektuaren ezaugarri nagusiak aipatzen hasita, zera esan daiteke. Hasteko, eskola auzora eta ingurunera irekitzen dela. Horrek komunitate osoaren inplikazioa dakar eskolan. Bestalde, gelako esku-hartze metodologikoa sustatzea nahitaezkoa da, eta horretarako, inplikatu guztien prestakuntza beharrezkoa da.
Proiektuaren gakoak honako hauek dira:
- Esperientzia arrakastatsuei buruz hartutako datuak.
- Informazio gizartean gaudenez, horrekin batera eskola eta hezkuntza premiak sortzen dira.
- Komunikazio Ekintzaren Teoria (Haberman).
- Eskolaren botere eraldatzailea (Freire).
- Eskola tradizionalari aurre egiteko mugimendua

Nire saioan, beraz, Trintxerpeko Karmengo Ama ikastetxeko “ikasketa komunitatearen” esperientziaren berri emango dut. Proiektuaren sorrera eta garapena azalduko ditut, proiektuan sartzeko prozesua nolakoa izan zen azalduz. Ondoren, oinarri pedagogikoak eta gehien zabaldu diren berrikuntzak aipatuko ditut, eta azkenik ondorioak.

Elkarbizitzen ikasi, komunikatzen ikasi: etorkinak gure eskolan

BARQUIN, Amelia.

Mondragon Unibertsitateko irakaslea

Hausnarketarako proposamen batzuk

Dakigunez, etorkinen eskolatzea ez da fenomeno berria gure artean; bai, ostera, estatu kanpotik datozen etorkinena, orain arte esanguratsua izan ez dena. Haur hauen kopurua hazten joan da eta, beste erkidegoekin konparatuta oraindik handia ez bada ere, ez dago dudarik joera areagotu egingo dela.
Etorkinen eskolatzeari modu egokian erantzun behar diogu, jakina: irakaskuntza sistemarentzat aniztasun mota berri horri lotutako egoera ezezagunak sortzen dira; erronka berriak, beraz. Une hauetan hainbat mailatan ari dira egiten gogoeta ikasle etorkinak eskolan eta gizartean integratzeko estrategiei buruz. Gogoeta horietan arreta gehien jasotzen ari diren bi alderdi daude: alde batetik, hizkuntzen irakaskuntza/ikaskuntza (nola eta noiz irakatsi euskara, gaztelania eta hirugarren hizkuntza, haurren ama hizkuntza ahaztu gabe) eta, bestalde, harrera planak (nola antolatu haurren trataera ikastetxera iristen direnean eta eskolatzearen lehenengo fasean).
Horretaz, besteak beste, arduratuko dira aurreko hizlariak. Baina badago zer pentsatua horretaz aparte ere: zer d kulturarteko hezkuntza ? Goiko alderdiekin soilik lotuko al dugu? Ikastetxean zein alderditan egin behar da gogoeta eta hartu behar dira erabakiak egun kulturarteko hezkuntzara gerturatzeko? Nahikoa al da (edo komeni al da) urtean behin kulturarteko festa bat ospatzea edota immigrazioaren inguruan unitate didaktikoren bat sartzea Historia ikasgaian? Zer gehiago egin behar da? Eta garrantzitsua ere baden beste galdera bat: honetaz guztiaz noiz arduratu behar dugu? Eskolan haur etorkinak ditugunean soilik?
Kulturartekotasuna ikuspegi edo enfoke bat dela onartzeak esan nahi du ikastetxearen alderdi guztiak blaituko dituela, etorkinak egon edo ez: curriculumean eragina izango du, baina ez soilik zehar lerro moduan; hainbat motatako gatazken aurrean irtenbideak bilatzeko estiloan islatuko da; haurren jatorrizko komunitatea baloratzeko eta eskolan integratzeko moduan aurkituko da; jatorri desberdinetako haurrek dauzkaten ezaguerak baloratzeko eta integratzeko moduan geratuko da agerian; eta abar. Alderdi horietan guztietan erabakiak hartzea eta horiek modu egokian kudeatzea ez da erraza izango. Bestalde, eta hasteko, irakasleok geure paradigma aldatu behar dugu eta hori lortzeko (eta baita hori lortu eta gero ere) beharrezkoa da informazioa eta prestakuntza jasotzea. Zein arlotan?
Kulturarteko hezkuntzarekin lotuta aipatu ditugun alderdiez, sortzen diren zailtasunez eta irakasleon prestakuntzaz arituko gara hitzaldi honetan, batez ere.