Idazkera “txarra”? Ez, eskerrik asko

2002-07-01

Ikastaro honetan gustura eskuz idazteko baldintza egokienak zein diren zehaztuko dugu: mahai eta aulkien berezitasunak, orriaren posizioa adinaren eta ezkerra edo eskuina izatearen arabera, gorputzaren jarrera atalez atal (sorbalda, besagaina, ukondoa, eskumurra…), idazgailu motak eta hauek eroso heltzearen garrantzia… Idaztearen ekintzan parte hartzen duten osagai horiekin era harmonikoan eta ergonomikoan zelan jokatu azalduko da.

 
 

Ondoren, idazkera “txarrak” aurrehartzeko grafomotrizitatea lantzearen garrantziaz ariko gara. Eskuaren eta begiaren koordinazioa, formaren konstantzia, atzamar-eskuen lantzea, erritmo grafomotorea… hori guztia eskolaurrean eta 8 urte ingurura arte jorratzea funtsezkoa da haurrak idazketa era erosoan lor dezan.

Idazkera harmonikoak ahalbidetzeko oso garrantzitsua da letren arteko loturak zelan egin irakastea, espazioen antolaketaren esanahiaz konturatzea, lerroen horizontaltasuna barneratzea… Harmonia ikusi eta gero, harmonia hori apurtzen duten elementuak identifikatuko ditugu: idazkera oso txikiak, irregularrak, zikinak, desordenatuak… dira idazkera “txarrak”. Horietako bakoitzak zergati eta konponbide berezia dauka. Kaligrafiarik egin gabe nola bideratzen diren ikusiko dugu gardenki eta bideo bidez.