Elkarrizketa

2009-07-01
 
 
Martin Txiki: “Umeak Parisetik heldu dira”, zioten ipuinek. Zu ere Parisetik zatoz. Ipuinekoa al zara zu?
Ixabel Millet: Ez ipuinekoa ezta ipuin batetik ateratakoa ere! Parisen jaio nintzen, bai, duela... aspaldi-aspaldian... Eta 23 urterekin Euskal Herrira etorri nintzen…
M: Hara, Pariseko alaba, euskaldun berri…
I: Honat etorritakoan, euskara ikasten hasi... eta oraindik amaigabeko jarduera horretan nabil, euskaldun berri guztiak bezala.
Euskal Herrira etorri eta frantsesa erakusten aritu nintzen 18 urtez, irakaskuntza sugestopedikoa erabiliz eta AEKko irakasleen artean hedatuz. Metodo horretan, besteak beste, poesia, kantuak eta ipuinak erabiltzen dira. Eta ate horretatik amildu ziren ipuinak nire bizitzara.
M: Zaku bete ipuin, gurasoentzat, irakasleentzat... Eskua sartu, eta edozein ateratzea aski?
I: Hara! Eta hartutako ipuinaren barnean mamu bat balego? Orduan, zer? Bada, kosk eginen dizula! Atx!
Hobe izanen da aukeratzea, ez al zaizu iduritzen? Ipuin asko daude, mota guztietakoak: luzeak eta motzak, barregarriak eta beldurgarriak, txiki-txikientzakoak eta helduentzakoak, eta abar. Beraz, entzulegoa, unea eta giroa kontuan hartuta izaten da kontaketa. Hala ere, egokia izaten da gogoak esaten duenari ere jarraitzea, gogoak erakusten duen bideari kasu egitea, behintzat. Kontatzeko orduan garrantzitsua da istorioa gustukua izatea.
M: Aizu, gure amonak bazekizkien ipuin franko, eta orduan ez zegoen Hik Hasirik. Dena egina nahi dugu orain?
I: Amonek bazekizkiten eta badakizkite! Amonek eta aitonek, eta amek eta aitek, eta askoz jende gehiagok, irakasleek barne. Gaur egungo gizarteak, ordea, pasiboki jasotzen dena du nahiago; telebista, adibidez. Baina ipuina entzuteak aktiboa izatea eskatzen du; gorputza geldi-geldirik badago ere, gure baitan dagoena aktibatzen da, gure oroitzapenak, inkontziente indibiduala zein kolektiboa, arketipoak, eta abar.
Bertze hark zioen bezala: "Haurrak lokartzeko eta helduak esnatzeko dira ederrak ipuinak". Bizitzaren misterioei ematen diegun erantzunak adituz hartzen dute lo haurrek; eta hitzek bihotzetik eta burutik pasatzean helduak iratzartzen dituzte.
Hala ere, ipuinak ezagutu ezagutzen baditugu ere, agian kontatzen ikasi beharko genuke berriz...
M: Ipuin egile eta ipuin kontalari zara. Hortik bizi zera. Ez dira gauza serioak, ordea.
I: Ez da batere serioa! Eskerrak konturatu zaren! Ipuinak jolasteko dira. Eta jolasa ez da serioa, gozamena baizik. Gozatu egiten dugu ipuinak aditzen eta kontatzen; gozatzea garrantzitsua da oso. Gozatuz egiten duguna betiko biribilkatzen da bihotz ondoan, eta transmititzeko gogoa pizten digu. Mundu ezagun eta ezezagunen leihoak irekitzen dizkigute ipuinek, eta gu, irribarretsu eta konfiaturik, leiho barrura amiltzen gara, eramaten gaituen lekura, ikusi, entzun, ezagutu eta gozatzeko irrikaz.