Irakasleak ilusionatu eta gurasoak trebatu

2009-07-01
 
 
Irakasleok askotan esaten dugu, gure eguneroko lanean hala ikusten dugulako, familiak eta eskolak elkarrekin lan egiten dutenean, ikaslearen bide erdia egina dagoela eta askoz hobeto lortzen ditugula haren heziketarako adostutako helburuak.
Zer egin dezakegu bada, eskolaren eta familiaren arteko lankidetza hobetzeko?
Gure ikasleek familia eta eskola dituzte inguruko elementurik garrantzitsuenak, pertsona gisa haien garapenean laguntzeko eta hori bideratzeko. Bien arteko harremana ulertzeko eredu gisa ikuspegi sistemikoa hartzen badugu, biak sistemak direla ikusiko dugu, eta sistema gisa ikusteko, ulertzeko eta aztertzeko saiakeran, sistemek berezkoak dituzten ezaugarriak topatuko ditugu, hala nola: osotasuna, homeostasia, zirkularitatea, mugak, testuingurua, irekia, itxia, arauak, mitoak, helburuak… Kontzeptuok ulertzeak, eskola eta familia sistemak beste era batera ikusten lagunduko digu. 
Ikuspegi sistemikoaren laguntzaz, begirada zabaltzen joango gara eta pertsona, haren ezaugarriak, historia eta arazoak begiratzetik, bere testuinguruko elementuekin dituen erlazioak begiratzen hastera pasatuko gara.
Baina sistemak biziak dira, eta eskolak eta familiak garatzen joaten dira, haien barnean aldaketak gertatzen direlako. Aldaketa horiek etapa edo ziklo batzuen arabera gertatzen dira eta erregulartasunak izaten dituzte. Horietako etapa bakoitzak, zenbait lan aurrera eramateko gaitasunak eskatzen ditu, eta aukerak eta arriskuak ditu. Ziklo horiek ezagutzeak zenbait egoera ulertzen, arazotik aldentzen eta normaltasunera hurbiltzen lagunduko digu.
Hala ere, ez dago denontzat balio duen eredurik eta gizartean gertatzen ari diren aldaketekin batera, hainbat familia mota eta eredu daudela ikusten dugu. Guri dagokigu ere eredu berri horiek, eta horien eskakizunak, beharrak, aukerak eta arriskuak   ezagutzea.
Bestalde, harremanei garrantzia ematen badiegu, ezin dugu harreman guztien oinarri den komunikazioa ahaztu. Horrela, edukia, erlazioa, simetria, osagarritasuna, gertakizunen sekuentziaren puntuazioa, komunikazio digitala, komunikazio analogikoa… konzeptuek, eskolan eta familian, sistema bakoitzean nahiz sistemen arteko erlazioetan burutzen den komunikazioari buruz hausnartzen eta hobetzen lagunduko digute.
Azken finean, ikuspegi sistemikoak, eguneroko lanean, begirada zabaltzen lagunduko digu; orain eta hemen, eta erlazioak ardatz gisa hartuta, sistema bakoitzean dauden estrategia eta baliabide berriak askatzen eta martxan jartzen, bi sistemak, eskola eta familia, indartuz eta trebatuz.
IKUSPEGI SISTEMIKOAK, beraz, begirada aldatzea proposatzen digu: