Software askeak hezkuntzan, zergatik ez?

2009-07-01
Informatika, aplikazio-eremua edozein delarik ere, erronka eta aukerez josia aurkezten zaigu, beti. Euskal hezkuntzak ere, beraz, informatika ikastetxeetan txertatzearen eta bere aukerak profitatzearen erronka garrantzitsuari erantzun behar izan dio orain arte. Eta, jakina, baita etorkizunean ere. Informatikaren mundua, ordea, hainbat modutara uler daiteke eta aukeraketa hori egitea ere erronken artean dago, printzipio teknologikoak baitaude jokoan.
 
 
Informatika bizitzako esparru guztietan presente dago. Eta presente dagoelako, dena beste modu batera egiten dugu. Ia konturatu gabe barneratu dugu, gainera, funtzionatzeko modu berri hori. Informatikak, IKTek eta Internetek, oro har, komunikatzeko modu gehiago sortzea ahalbidetu dute, lana egiteko modua eraldatu dute eta, jakina, ikasteko eta irakasteko modua aldatu dituzte.
Belaunaldi berriak informatikarekin jaioko dira, horrekin haziko dira. Eta horrekin haziko direlako, horrekin heztea ere hezkuntzaren ardura bilakatu da. Egun, teknologiak erronka gisa planteatzen diren garaiotan, informatika ikastetxeetan txertatu eta teknologiak modu bizian erabiltzea lortu behar da, baina txertatze hori pedagogikoa izatea nahi badugu eta erabilera biziak arduratsua izan behar badu, ezinbestekoa da teknologien nolakotasuna aztertzea. Alegia, edozein teknologia mota erabil al daiteke, teknologia delako soilik? Edo aukeratu egin behar da, eta teknologien aukeraketa horretan, besteak beste, irizpide pedagogiko, linguistiko eta sozialak aplikatu behar al dira?
Hezkuntza-guneetan eta berauetatik kanpo, gero eta leku handiagoa beteko duten tresnak dira teknologiak. Teknologiak, beraz, tresna hutsak dira. Aplikazio edo programa bakoitzak funtzio bat edo gehiago beteko ditu eta ikasgai batean edo gehiagotan erabili ahal izango dira. Funtzionalitate hutsetik haratago, ordea, tresna horiek garatzeko moduak eta behin garatuta, horiek banatzeko moduak ezberdintzen ditu bata bestearengandik. Alegia, funtzionalitate terminoetan, bi aplikazio berdinak izan daitezke, baina programa hori garatzeko modua eta banaketarako erabilitako irizpideak, hainbat printzipio teknologikotan oinarri daitezke. Eta horregatik, erabiltzen den teknologia motaren arabera, ikasle pasibo edo aktiboagoak sortu, ikasleen jakin-mina eta pentsamendu kritikoa areagotu eta elkartasun balioa transmititu daitezke.
Zentzu horretan, software librean garatutako programek elkartasunean oinarritutako etika teknologikoa aplikatzen dute. Programen atzean dagoen iturburu-kodea irekia mantentzen da. Ikus daiteke, aztertu, aldatu, hobetu. Besteek egindakoa oinarritzat har daiteke, besteek egindakotik ikas daiteke, betiere iturburu-kodea ulertzeko ezagutza nahikoa badugu. Modu horretan, atzerriko ikastetxe baterako garatutako programak, gure egin ditzakegu, gure beharretara egokitu eta euskaratu, inori baimenik eskatu gabe. Gure egin eta aldatu duguna gainerakoentzat eskuragarri uztea da baldintza bakarra.
Teknologiak beraz, ezinbestekoak dira euskal hezkuntzan ere. Baina dena ez da zilegi: etika teknologikoa aplikatuz euskarazko tresnak erabiltzea oinarri eta helburutzat hartu beharko litzateke eta, hori, software librearen eskutik soilik egin daiteke.