1512-2012 Nafarroako konkista eta memoria historikoa

2012-07-01
Urteurrenez beteta dator aurtengoa: Gernikako bonbardaketak 75, Nafarroako konkistak 500... Horien karietara hainbat ekimen antolatu dira. Guztietan nabarmen ageri da, oro har, ezer gutxi dakigula gure historiaz.
Historiaren bertsio ofizialak ezkutatu eta desitxuratu duen memoria ezagutarazteko lanean dabil Nabarralde: hik hasik antolatu duen ikastaroan Nafarroako Erresumaren konkistaren gaineko zertzeladak eskainiko dituzte. Aukera baliatuta, eskolan gure historia ezagunagoa izan dadin, hainbat gogoeta eta baliabide dituzu ondoren. Historiaren beste kontaketa bat egiteko, funtsezkoak.
 
 
Gure historia birkontatzeko beharra
 Zer ikasten dugu eskolan Euskal Herriko historiari buruz? Zer dakigu ­gure historiari buruz? Zein da eskolan gure historiaz egiten dugun kontaketa?
Joseba Sarrionandiak egindako hausnarketa argigarri gerta dakiguke: “Historia inportantea da. Mila aldiz ida­tzi da lurrean, geure oinen azpian, eta mila bider ezabatu da. Harrigarria da nola borratzen duten botereek historia.
Ingalaterrako ziklo arturikoa in­teresgarria da, Mio Cid edo Errolanen ­epopeiak bezala, boterearen mitoa ­ezagutzeko. Harkaitzetatik ateratako ezpataren metafora hori, esate baterako. Baina ze gizalege ekarriko du ba harri gogorretik ateratako ezpatak? Power Rangers, irabazleen memoria, ume ­ipuin lotsagarriak, menperatzaileen historia.
Harrokeria horrek egonezina sor­tzen dit. Nik jende xehearen historia ­ezagutu nahi nuke, gizaki umilen boza entzunez sentituko nintzateke gustura. Handikiena baizik ez da entzuten, eta hauek gauza bera diote beti. Erraza da laburbiltzeko: “dena neuretzat, eta zuentzat ezer ez”. Jende umilak ezin ­izan du, zoritxarrez, ia ezer idatzi historian. Hauen erantzule sentitzen naiz handikien historiak entzuten dituda­nean.
Jakitea oroitzea da, memoriarik izaten ez duen jendea zozoa izaten da, ­garrantzia duen ezer egiteko inkapaza. Etorkizuna iraganetik dator, menpera­tzaileen historia galtzaileen memoria eskasean oinarritzen da”. (Hausnart aldizkaria, 0. zenbakia).
Gure historia kontatzeke dugu ­oraindik. Lehendakari Jose Antonio ­Agirrek halaxe idatzi zuen 1946an, erbestean Estatu Batuetako argitaletxe baten eskariz idatzi zuen liburuan: “Gure historia ttipitzen saiatzearen poderioz, ulertezin bilakatu dugu ikertu nahi gaituztenentzat”.
Eta egin behar dugun lana da, euskaldunok biziraungo badugu, historialari eta etnografo Jimeno Jurio zenak 2001ean esan bezala: “Memoria historikorik gabeko herri bat, informaziorik gabea, bere baloreak eta identitatea ­ezagutzen ez dituena kolonizatua izateko soroa da [...] Bere iragana, bere nortasunaren ezaugarririk funtsezkoenak ezagutzen ez dituen herria txo­txongilo bat izango da, edonork nahierara erabili ahalko duena”.
Eskolak badu erantzukizunik gure historiaren kontaketan. Haatik, ez da lan erraza; hainbeste urteetako ilunpea ez da alferrik izan.  Zorionez, han eta hemen sortutako ekimenek egin dute argia lan horretan.
 
“Historiak berak erakusten digu non dagoen egin duten interpretazioaren akatsa”
 1512ko data memoria kolektiboan il­tzaturik geratu da, estatuaren, independentziaren eta subiranotasunaren galeraren erreferente gisa. Ordukoa, Nafarroako Erresumaren amaiera ekarri zuen konkistetako bat da; ez bakarra, ordea. Gertaera historiko hark, gaur egunera ­arte iritsi diren ondorioak izan zituen.
Nabarralde memoria historikoa lan­tzen duen taldea da. Talde horretako kide dira Beñi Agirre euskara-irakasle eta historialaria eta Angel Rekalde soziologian doktore eta Nabarraldeko zuzendaria; biek eskainiko duten ikastaroan, gure historiaren hastapenetik gaur egun arte mugarri izan diren gertakizun historikoen kontaketa egingo dute, eta ikuspuntu soziologikotik gertakizun horien ondorioak azalduko dituzte, hurrenez hurren.
Historia ofizialak dio Nafarroa borondatez gehitu zela Gaztelara... 
Konkistaren urteurrenari esker, jendartean argi geratu da orain arte eskainitako bertsioa, ofiziala, ez dela bertsio bakarra. Bi urtean, harrigarriki, bertsio ofiziala erori egin da. Izan ere, bertsio ­ofizialak ezkutatu egin du garaiko dokumentuek, Gaztelako kronistek, eta abarrek ziotena: gerra izan zela eta okupazioa izan zela. Ezkutatu nahi horren adibide garbia da Idoia Arrietak Getariako (Gipuzkoa) artxiboan aurkitu zuen dokumentua: historialari gehienek ezagutzen duten arren, ez dute aipatu ere egin, eta izenburuan konkista hitza agertzen denez, moldatu egin dute, izenburutik desagertzeko. Orriaren ertz batean, gainera, “Ojo, habla de conquista” oharra du idatzita. Horrek guztiak kontzientzia ematen dizu boterea izan dutenek, konkistatu zutenek, garbi zekitela zer egiten zuten eta nola manipulatu zuten gure memoria historikoa. 
Historiak berak erakusten du non dagoen interpretazioaren akatsa. Badago nafar estatu bat: lehenengo Iruñeko Erresuma izena zuen, Nafarroako ­Erresuma gero, eta estatu batek izan dezakeen konpetentzia edo ezaugarri guztiak ditu. Badago, beraz, abiapuntu bat, batasun bat. Eta nola desegin zen batasun hori? Alboko bi estatuen konkistarengatik desegin zen, hori da arrazoia, eta mendez mende luzatu den prozesua da.
 
Zuen helburuetako bat da Nafarroaren, Euskal Herriaren, historia ezagu­tzea, manipulazioetatik haratago. Zein dira manipulazio horren gakoak? Zein da historiaren zuen irakurketa?
Nafarroa izan da azken 15 mendeetan Euskal Herriaren ardatza edo zentralitatea:  gure historia kontatzerakoan, kobazuloen garaietatik karlistaldietara salto egiten da. Itzali duten garai horretan, estatu politiko bat izan zen, eta euskaldunok antolatuta egon ginen, Nafarroa izan zen, beraz, gure estatua. Euskaldunen tokia, hortaz, Nafarroa da, ­eta hori garbi zeukaten aurrekoek.  Nafar bezala antolatu dugu guk geure burua mendeetan, estatu bezala. Memoria hori azken bi mendeetan kendu digute.
Estatuak nazionalizatzen du herria: haren hizkuntza babesten du, eta ohiturak, merkatua eta ekonomia bat ematen dizkio, oinarri fisikoa eta materiala ematen dio, antolakuntza. Hamar mendean Nafarroak antolatu du gure herria. Horren erakusgarri da Nafarroako Estaturik izan ez duten euskal lurraldeetan euskara desagertzea, Aragoiko edo ­Akitaniako kasuetan bezala. Lur horietan botere politikoa galdu zen, eta euskara ez zen babestu.
 
Bere buruari antolaketa ekonomikoa, politikoa, estrategikoa eta abar eman dion herria gara:  Espainiako Erresuma eta Frantziakoa kanpotik etorritako inbasioen ondorioak dira, bisigodoen eta frankoen inbasioen ondorioak, hain zuzen. Baskoien herria, berriz, bertako kultura eta hizkuntza duen eta habitat konkretu batean dagoen herri baten garapena da. Horrek bereizten gaitu aldamenean ditugun beste bi herrietatik, haiek bisigodoen, frankoen eta karolingiarren kulturetatik eratorriak baitira. Lurralde hori, habitat hori, baskoien habitata da.
Hemen, behetik egin dira herria eta estatua, eta, horren ondorioz, neurri handi batean, eutsi egin diegu bertako ohiturei, sinesmenei, eta abarri. Horrek bestelako joera ematen dizu barneko ­eta naturarekiko harremanetan, eta ­abar. Horren isla dira foruak, laneko kultura, eta abar: hori guztia mendez mende garatu da, beste herrialdeen ondoan prozesu desberdina da. 
Estatu guztiek dute beren proiektu historikoa, Gaztelak bazuen berea, eta guk bestelakoa izan dugu. Euskaldunek parte hartu zuten gudetan, baina euskaldunak zeuden lurretan geratu ziren. Borrokak izan zituzten Gaztelarekin, baina sekula ez ziren joan Gaztela inbaditzera. 
 
Euskaldunek ez zuten sekula itunik ­egin: hainbat mendean erresistentzia ­izugarria erakutsi dute euskaldunek. Gerra guztiak, inbasioak, konkistak, dena galdu zuten, ­eta, hala ere, mendietan eutsi zioten: Malmasinen, Aralarren, Pirinioetan, eta abarretan. 1054an, Gaztelak mendebaldeko lurrak konkistatu zizkion Nafarroari. Lau mende eta erdi geroago konkistatu zuen Nafarroa Garaia, eta, bitartean, gerrak izan ziren, etengabe. Gaztelak zortzi mende egin zituen errekonkistan mairuen kontra, eta euskaldunak ere erresisti­tzen ari gara mendez mende.
Foruak ez dira subiranotasunaren ­ikur, erresistentziaren isla dira: inbasioa eta mendekotasuna onartzen ez zutenekin akordio batera iritsi nahian eman ziren foruak. Subiranotasunaren eta ­erresistentziaren hondarra dira, baina ­irabazle-galtzaile testuinguruan. Izan ere, itunak konkista gertatu eta mende eta erdi geroago egin ziren.
Hitzetik hortzera dabil jendartean “memoria historikoa” hitza. Ba ote dakigu, ordea, zein den benetan hitz horren dimentsioa?
Ikastaroan ikusiko dugu zer den eta nola lantzen den. Hori guztia beharrezkoa da, zer ikuspegi ematen digun eta zer–nolako eragina daukan ezagutzeko. Azkar esanda, zure errealitateari buruz, zure jatorriari buruz, zure iraganari buruz egiten duzun irakurketa da, gaur egungo arazoak nondik datozen ulertzeko. Esaterako, 36ko gerra oso gogorra eta oso krudela izan zen gure­tzat, baina guk independentzia galtzea, adibidez, estrategikoki, herri bezala, gure etorkizunerako, gure errealitaterako, askoz larriagoa, eraginkorragoa, izan zen.
Konkistaren urteurrenak hainbat prozesu abiarazi ditu. Dituzun erreferentzien arabera, ikuspuntu desberdinez ulertuko duzu gertatutakoa, errealitatea modu batera edo bestera uler­tzen baita. Erantzuteko formula ere desberdina izango da, ondorioz. Gerrako memoria historikoa azaltzen duzunean, gerra aztertzerakoan, ez duzu horrelakorik pentsatzen: “gu, gaiztoak, ze mina...” Ez, jada beste plano batean zaude: hori nire historia da, nire errealitatea, orain ulertzen ditut hainbat gauza. Hori da, batez ere, ikastaroan azalduko duguna, memoria historikoaren dimentsioa, eta gero joango gara datuetara.
Landuko dituzuen gaien artean oroimen-lekuak daude, termino hori ez da hain erabilia, akaso.
Oroimen-lekua, gure iraganaren eszenatokia, gure historiaren gakoak oroitzea, mantentzea eta hedatzea ­ahalbidetzen duena da. Beste era batera esanda, erreferentzia eta memoria aldetik identifikatzen gaituen ondarea da. Gazteluen gaia: adibidez, zergatik Euskal Herrian apenas dago gaztelurik? Gazteluak erreferenteak eta memoria lekuak direlako. Gaztelu bat zutik ikusten badugu, eta baldin badakigu gaztelu hori Nafarroako Estatu ginenean ­egindakoa dela, Gaztelako Erresumatik defendatzeko, hain zuzen, ez duzu azalpen gehiago behar. Hor daukazu kontaketa. Ez zituzten alferrik suntsitu, haiekin desagertu baitzen gure kontaketa: gaztelua ez badago, ez duzu nora begiratu, ez dago ezer. Gazteluak Frantziako eta Espainiako Estatuetan daude.
 
Eskolan kontatu ez dizkiguten 7 gauza
 1. Nafarroaren konkista bereziki krudela izan zen.
Dokumentuetan aurkitutako datuen arabera, Noaingo sarraskian soilik, Gaztelako armadak 5.000 lagun baino gehiago hil zituen. Amaiurko gazteluko defendatzaile Jaime Velaz de Medrano eta haren seme Luis kartzelan pozoitu zituzten, gaztelarrek bizitza errespetatuko zietela agindu ondoren. Nafarroako Pedro mariskala ere hilda aurkitu zuten Simancaseko (Valladolid, Espainia) gazteluan: bost urte zeraman ­Errege-erregina Katolikoei men egitea ukatuz. Arrazoi bera zela medio, Donibane Garaziko defendatzaile Joanicot arrastaka ibili zuten Iruñeko kaleetan zehar; hil eta gorpua harresietatik kanpora bota zuten. Nafarroa Beherean, berriz, emakumeak bortxatu egin zituzten soldadu gaztelarrek.  
2. Iruñea mehatxu izugarrien bidez zanpatu zuten.
Albako Dukeak 12.000 gizoneko armadarekin inguratu zuen Iruñea 1512an. Herriak 8.000 biztanle zituen. Amore eman zuten gaztelarren meha­txu beldurgarrien aurrean.
1521ean, gaztelarren aurkako al­txamenduan, jendetza handi batek ­erregeordeak okupatutako jauregia ­eraso, eta Gaztelako errege-etxearen ­ikurrak lokaztu zituen. Gaztelarren ­errepresioaren erakusgarri, Miguel Bertizkoa iruindarrari gertatutakoa: ­labanaz zintzurra moztu eta burua ebaki zioten, hiriaren askapenaren ospakizunetan Gaztelako erregeorde eta Naiarako duke zenaren mandoan ibil­tzeagatik.
3. Nafarroak konkista arbuiatu zuen.
Leinu nahiz dinastien arteko borroketatik haratago, nafar herritarren gehiengo zabalak konkista arbuiatu zuen; horren lekuko dira 1516ko hirien altxamenduak eta 1521eko askapenaren herri-ospakizunak. Era berean, Veneziako enbaxadore Gaspar Contariniren arabera (1525): “Universalmente, todos los de este reino tienen odio a los españoles”; edo kardinal Cisneros-en arabera: “Según ha parecido, casi no había persona en aquel Reyno (de Navarra) de quien nos pudiésemos fiar”.
4. Konkistak ondorio dramatikoak ­izan zituen Nafarroarentzat.
Errege-aldaketa izan zen nafar herritarrentzako garrantzi gutxien izan zuen ondorioa. Larrienak hauek izan ziren: nafar estatuaren independen­tziaren galera; okupazio-armada baten ezarpena, mende batez, gutxienez; ­Nafarroaren pobretzea, gerrako kostuen, ordainen eta Nafarroa Beherearekin salerosketa egiteko debekuaren ondorioz; Inkisizioaren eta “sorgin-ehizen” sustapena; eta euskararen bazterketa. 
 
5. Nafar jauntxoak: Nafarroaren izenean Errege-erregina Katolikoei fideltasuna zin egitera behartuak.
Konkista militarraren ostean, gaztelar erregeordeak Gorteak deitu zituen, Errege-erregina Katolikoei men egin ­eta, era horretara, inbasioa legitima zezaten. Gorteen bilera horretan, Gaztelaren inbasioa babestu zuten beaumondarrak besterik ez zeuden, Errege-erregina Katolikoen azken asmoa Nafarroaren independentziarekin betirako amaitzea zela susmatu gabe. Aliatuekin egon arren, gaztelar erregeordeak heriotza-mehatxua egin zien.
6. Nafarroa indarrez lotu zuten Gaztelara.
Nafarroak, formalki, erresuma izaten jarraitu zuen, baina, armen indarrez, estatu independente izateari utzi zion. Nafarroa Gaztelan sartu zuten, nafarren borondatea aintzat hartu gabe, Fernando erregeak 1515ean Gaztelako Gorteetan bultzatutako aldebakarreko ekitaldian. Erabaki horretan ez zuten parte hartu ez Nafarroako eliteak ezta herritarrek ere.
7. Espainia eta Frantziaren inperialismoaren biktima izan zen Nafarroa.
Karlos III.aren eta Zuria Nafarroakoaren hilobian grafikoki irudikatuta dago konkistaren afera: bi txakur (Frantzia eta Espainia) lehian dabiltza hezur bat (Nafarroa) nork harrapatuko. Gaztelak lortu zuen zati handiena: 1200ean Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Errioxa konkista zituen; eta 1512an, Nafarroa Garaia. Frantziak bereganatu zuen 1620an Nafarroa Beherean biziraun zuen estatu txikia. 
 
Konkistari buruzko unitate didaktikoa
 Ikaselkar argitaletxeak eskolan 1512ko konkistaren gaia lantzeko bi euskarri argitaratu zituen 2011ko Durangoko azokarako. Alde batetik, 1512 Nafarroa amets urratua komikia, eta, beste alde batetik, 1512 Nafarroaren konkista unitate didaktikoa. Hala, Nafarroaren konkistaren errealitateari “beste ikuspegi” batetik begiratzeko aukera zabaldu zuen. Bi proposamen horiek egokiak dira DBHn lantzeko.
1512 Nafarroaren konkista
Liburuxka bakarrean Nafarroako ­Erresumaren historiako zertzelada ba­tzuk eskaintzen zaizkie ikasleei, 1512ko inbasioan arreta berezia jarriz, betiere. Halaber, Nafarroaren konkistaren aurrekariak eta ondorengo bilakaera ere aipatzen dira, ikuspegi zabala eskaintze aldera. Zazpi ataletan banatuta dago lehen zatia: 
1. Aurrekariak.
2. XV. mendea: badaezpadako garaia.
3. 1512ko konkista.
4. 1516ko berreskuratze-saioa.
5. 1521eko errekonkista.
6. Amaiurko gaztelua.
7. Nafarroaren ondorengo bilakaera.
Unitate didaktiko laburraren azken zatian, neska-mutilei lehen zatiko edukia barneratzen lagunduko dieten ariketak daude.  
1200eko konkistari buruzko unitatea bidean
Ez zen 1512koa izan, ordea, Nafarroako Erresumak pairatu zuen lehen konkista. Jada hirurehun urte lehenago, 1200ean, hain zuzen, jasan zuen beste konkista bat, eta Nafarroak itsasora zituen bideak galdu zituen. Konkista hori landuko duen unitatea prest izango da 2012ko Durangoko azokarako.
 
Konkistan sakontzeko baliabideak
 Konkistaren nondik norakoak ezagutu eta ulertzeko hainbat euskarritako baliabideak daude: liburuak, filmak, DVDak, web-orriak, eta abar. Horietako batzuen xehetasunak dira ondorengo hauek:
Gartxot, konkista aitzineko konkista
Gartxot ahoz aho transmititutako kondaira batean oinarrituta dago. Arturo Campionek benetako kontestu batean kokatu zuen, Nafarroako Konkistaren lehen urratsak non eta nola eman ziren kontatuz: Donejakue Bidea, bardoak, hizkuntzen arteko lehia, Karlomagnoren jarraitzaile inperiozaleak eta ­abar dira Gartxoten kondairan ager­tzen diren keinuetako batzuek, eta ez kasualitatez. XII. mendeko Orreagan kokatu zuen kondaira, Zaraitzun, konkista hasi zen unean. Konkista hura ­ulertzeko arrastoak eskaintzen ditu, beraz, bai filmak eta baita liburuak ere.
www.gartxotfilma.com 
 BARRUETABEÑA, E; URMENETA, A: Gartxot, konkista aitzineko konkista, ELKAR, Donostia, 2011.
MARTINEZ GARATEA; Luis Mª: ­Nafarroako historiaren sintesia, Nabarralde, Iruñea, 2010.
Gure herriko lurraldeen irakurketa bateratua eta orokorra eskaini nahi du, ardatz nagusia den Nafarroako Erresumatik abiatuta. Liburuan, Nafarroa esaten denean, herri baten (Euskal Herriaren) adierazpide politikoa esan nahi da. Nafar guztiok gara euskaldunak hizkuntzari eta etniari dagokienez. Halaber, euskaldun guztiok gara, ikuspuntu politikotik, nafarrak. Irakasleentzat liburu aproposa da, oinarrizko sintesiak eskaintzen ditu.
1512 Nafarroaren konkista, Nabarralde, 2010: DVDa
Nafarroa Europako Erresuma zaharrenetakoa zen, historia luzekoa, gorte jantzia zuen, aurreratua, eta txikia izan arren,  aberatsa zen: eredu zen bere garaian. Munduan zuen ospearen erakusle da Shakespearek Love´s labour´s lost  (1594) lanean idatzi zuena: “Nafarroa miragarri izanen da munduarentzat”. Gaztelak Nafarroa konkistatu zuen, su eta gar, bulda faltsu eta iruzurrekin. 1512.a gorrotoaren eta legez kontrako biolentziaren data historikoa da.
1512 Nafarroaren konkista, Nabarralde, 2010: DVDa
Gipuzkoako “Fidelissima bardulia nunquam superata” mitoa da. Estrabonek aipatutako barduliarren tribuaren eta egungo Gipuzkoaren artean ez da jarraitutasunik. Ipuzkoa nafar eskualdea izan zen 1025ean. Gaurko lurraldearen sorkuntza berantiarra da: zer interesek bultzatuta sortu ote zuen Gaztelak, Nafarroarekin zuen etengabeko guda hartan?
www.euratlas.com:  atari honetan, Europako 21 mapa politiko daude ikusgai, 1. urtetik hasi eta 2000. urte arte, 100 urteko aldeekin. Mapa horiek, Europaren azken bi milurteko historiaren ikuspegi orokorra izatea ahalbidetzen dute.
www.puntubi.com: Europako, Nafarroako Estatuko eta euskararen historia, eta, Euskal Herriko mitoak, kondairak eta elezaharrak. Halaber, Garonatik Duerora bitarteko Nafarroako Erresuma osoko herriak biltzen ditu.
www.nabarralde.com
www.1512-2012.com