Nire ikasleekiko harremana

2012-07-01

“Ezkor egoteko arrazoiek harrapatzen gaituztenean, ezinbestekoa da hezitzaile-lanari buruz ikuspegi positiboa edukitzea”

“Irakasle-ikasleen arteko harremana, kolektiboen arteko tentsio eta gatazkak. Nola kokatu gai horren aurrean, eta hobetu?”. Arantzazu Loidik, PRH Formazio Eskolako helduen hezitzaile eta garapen pertsonalean aditu denak, topaketetan emango duen ikastaroak galdera horri eran­tzutea du helburu, hain zuzen. Hezi­tzaileek ikasleekin bakarka zein taldean dauzkaten harremanak aztertu, eta horiek hobetzeko bideak bilatuko dituzte ikastaro horretan. 

 
 
Ikasle-irakasleen arteko harremanak ikuspegi baikor batetik jorratzea proposatzen duzu. Uste duzu ez direla horrela egiten?
Ez dugu esan nahi horrela egiten ez denik. Baina, sarritan, lankideekin eguneroko arazoez dihardugunean eta harreman-arazoak ere baditugunean, ­edo azken aldian heziketa-arloan albiste diren egoerak, egiten ari diren murrizketak eta abar kontuan hartuta, zaila izaten da hortik aldentzea, eta baikorrak izateko modua ematen diguten perspektibetatik begiratzea gure errealitateari. Eragin handia izaten du horrek motibazioan. Gure esperientziaren ­arabera, bakoitza bere onenean jartzen da honelako ikastaroetan, eta ikasleari eta nork bere buruari beste modu batera begiratzea lortzen da; heziketa-lanerako motibazioak indarberritu egiten dira horrela. Eta elkar ezagutu ez arren, lanbide berean diharduen jendearekin batera lan hau egiteak indartu eta asko ­aberasten ditu irakasleak. Horixe izaten da beti azpimarratzen duten gauzetako bat.
Zer garrantzi du ikuspegi positiboa edukitzeak? 
Ezinbestekoa da, are gehiago ezkor egoteko arrazoiek harrapatzen gaituztenean. Hezitzaile-lanari, ikasle bakoi­tzari eta haren gaitasunei, hezitzaile gisa ditugun indargune eta motibazioei begira jarrita, funtsezkoa da begirada hori landu eta indartzea, gure lanaren zentzuari eusteko, lanean gustura jarduteko, geure burua garatzeko, eta ­ahalik eta emaitzarik onenak erdiesteko.
Heziketa-harremana hobetzen duten jarrerez mintzatuko zarete ikastaroan. Gainetik bada ere, esaguzu zein liratekeen jarrera horiek.
Beno, ikastaroan erabiliko den metodologia PRH Formazio Eskolan erabili ohi dena izango da, eta irakasle bakoitza bere esperientziari begira jarriko dugu, gogoeta egin dezan eta lagun­tzen duten eta ez duten jarrera, bide eta moduez ondorioak atera ditzan. Parte-hartzaile bakoitzak bere hitzekin izendatuko ditu, baina alderdi ugari jorratuko ditugu: ikasle bakoitzarenganako begirada eta ezagutza, haren beharrak ezagutu eta horiei erantzuteko gaitasuna eta jarrera, aspirazio eta beharren fenomenoa, balorazioa, zailtasunak eta oztopoak eta horien aurrean izaten ditugun jarrerak…
Ikasle bakoitzarekiko harremana kudeatzeko gaitasuna eduki behar du irakasleak. Baina gaitasun hori landu liteke, ezta? Tresnak eskurabaditu, errazago izango zaio harremana kudeatzea? 
Lehenik eta behin, bere harreman-gaitasunez eta zailtasunez ohartu beharko du, eta baita aurrean duen ikaslearen gaitasun eta mugez ere. Ezagutzen duguna landu liteke, etengabe haz gaitezke, horretarako jarrera izanez gero. Lehen urratsa non gauden jakitea da, ­eta horretan lagunduko die ikastaroak bertan parte hartzen duten irakasleei. Nor bere errealitateaz ohar dadin eta bere senera hurbil dadin saiatuko gara. Esperientziak argi erakutsi digu daukagun onena ematen dugula bide horretatik; hobetzeko gogoa piztu, eta bide bat proposatuko diegu…