Eguneroko emozioak

2012-07-01

“Emozio atseginak sortzeko lehenengo pausoa geure barruko ahalmenak aurkitzea eta garatzea da”

 Ibon De la Cruz psikologoak norberaren baitan, erraietan, dauden ­emozioak eta tresnak ikusaraztea du helburu, ikastaro honetan. Sufritzen ari den jendeak egoera aldatzeko baliabideak bere baitan dituela dio psikologoak, ezagutzea eta erabiltzen ­ikastea dela kontua.

 
 
Krisia, langabezia… Gero eta pertsona bakartiagoak omen gara. Ez dira albiste onak egunero entzuten ditugun horiek. Baina, horien aurrean, zer egin dezakegu, eguneroko emozioak atseginak izan daitezen?
Ez, ez dira berri onak, baina benetako emaitzak lortzeko, errealitatearekin egin behar dugu lan. Egoerak askotarikoak dira, eta hainbat mailatan lan egiteko ohitura sortu behar dugu. Zein diren aurkitzen ditugun beharrak, desberdina izango da gure erantzuna, horri egokituko zaio. Eta ez dugu soilik geure bizitza hobetuko, besteen bizitzan ­eragin positiboa izaten ere ikasiko dugu. Nola? Bada, tresna praktikoak erabiliz, metodologia ikasiz eta antolatuz. Emozio atseginak sortzeko lehenengo pausoa geure barruko ahalmenak aurkitzea eta garatzea da.
Gure barruan sentitzeko moduak aldatzeko tresna piloa dugula diozu, motibazioa, lidergoa, zaurien sendaketa... eta, batez ere, umorea! Baina ezagutzen al ditugu denok ditugun tresna horiek guztiak?
Ez, normalean ez ditugu ezagutzen. Eta krudelkeria handiena hauxe da, nolabait: jende askok sufrimendu larria du, eta egoera hobetzeko tresnak bere barruan daude. Nolabait esateko, eskaleak gara, baina altxor baten gainean gaude. Nire ustez, tresnak eskuratu litezke, arazorik gabe, baina hori ez da garrantsitsuena. Garrantzirik handiena geure ikuspegia aldatzeak du. Askotan, gure ikuspuntua aldatzen dugunean, guztiz aldatzen dira normalean bizi ohi ditugun egoera horiek.
Iazko ikastaroan, hipnosia eta autohipnosia erabili zenituzten. Aurten ere teknika horiek erabiliko dituzue emozio positiboak askatzen ikasteko? Edo beste zer teknika erabiliko duzue? 
Egia esateko, gizaki guztiok erabil­tzen ditugu hipnosia eta autohipnosia egunero; eta, normalean, gaizki, gure kalterako erabiltzen baititugu. Adibidez, gure bizitzan behin eta berriz errepikatzen den arazo bat badaukagu, hori nolabaiteko “programazioa” da, eta ez da oso zaila hori aldatzea, prozesua ondo ulertu eta gero. Hipnosia oso tresna indartsua da, eta, gustura bizitzeko, ongi erabili behar dugu. Baina ez da tresna magiko bat, ez du zerikusirik telebistan ikusten dugunarekin. 
Beste tresna batzuk ere erabiliko ditugu (umorea, gorputzaren lana, arnasaketak, irudipen gidatua…), baina beti baldintza batekin erabiliko ditugu: alde batetik, metodologikoki egingo dugu lan guztia. Bestetik, praktikotasuna izango dugu kontuan: nire ustez, ­emaitza praktikoak sortu behar ditugu; bestela, teoria hitz andana bat da, besterik ez.
Badirudi garai batean ahaztu egin genituela emozioak, eta ematen du orain berriro ari garela gizabanakoak geure emozioekin harremanetan jartzeko saiakera egiten. Hala iruditzen zaizu zuri ere? 
Bai, eta, nire ustez, mugimendu zabala eta ederra da. Baina arlo bat falta zaio, oso garrantzitsua dena, nire ustez: emozio “kementsuak” ere landu behar dira. Emozio horiek senarekin lotuta daude, gure erraietan daude. Horrek bizitzari aurre egiteko indarra ematen digu, gure ahalmenak handitzen ditu, eta gure arazoak gutxitzen.
Adibidez, depresioetan funtsezkoa da gure benetako emozioez jabetzea. Gaur egun, depresioa gure gizarteko ­izurri bat da, eta areagotzen ari da. Nik ­ikusi ditudan hainbat kasutan, benetako emoziok ikusten ditugunean, badago emozio horien arabera hainbat pauso antolatzeko eta egoera hori hobetzeko aukera. Askotan, arazo ugariren aurrean, normalean egiten duguna baino askoz gehiago egin dezakegu. Eta ez badugu gehiago egiten, ez da borondate faltagatik, baizik eta askotan ez dakigulako zer eta nola egin dezakegun. Horretarako izango da ikastaro hau.