Matematika, manipulatzeko materialekin

2012-07-01

“Geu gara eredu, eta nekez ereingo dugu jakin-mina, gugan hazi hori garatuta ez badago”

 Matematikak eragin handia izan du gehienon autoirudian. Beraz, tentu handiz kudeatu beharreko gaia da irakasleontzat. Haurrek burua mar­txan izateko, eskuekin aritu behar dute, beldurrik gabeko lankidetzan, konfiantza-giro baikor eta kooperatiboan jardun daitezen. Horretan guztian sakontzeko baliabideak aztertuko dira ikastaroan.

 
 
Matematikari buruzko ikastaro bat eman behar duzu aurtengo jardunaldietan. Zu matematikaria zara?
Ez, ez horixe. Maisu soila naiz. Azken urteotan, gehiago nabil arlo horretan, eta, dibulgazioaren arloan, betidanik izan dut zaletasuna gai batzuk jorratzeko; baina nire prestakuntza akademikoaren «gailurra» ulertu gabe ebazten nituen Batxilergoko integral haiek izango dira. Ez da matematikaria izan behar, Lehen Hezkuntzako geletan matematika taxuz lantzeko; baina, kontuz, ez baita nahikoa «lau eragiketak» egiten jakitea. Badira gauza garrantzitsu batzuk, maisu-maistrok garbi izan behar ditugunak.
Batetik, psikopedagogiaren eskutik, haurrek nola ikasten duten jakin behar dugu; eta, bestetik, irizpide argiak izan behar ditugu arloari buruz, lehentasuna zerk duen jakiteko. Helburua eguneroko bizitza hobeto ulertuko eta kudeatuko duten herritarrak heztea da, eta, aldi berean, pixkana-pixkana beren burua erabiltzen eta pentsatzen ikastea.
Eskolan ikaslearen burua martxan jartzea izaten da gure kezka nagusietako bat. Nahikoa ote da, ordea?
Erronka itzela da eskolan eskaintzen diegunarekin ikasleen buruak martxan jartzea, baina, nahi hori bideratzen joateko, oso kontuan hartu behar dugu emozioen mundua.
Gure esperientziari erreparatzen badiogu, onartuko dugu matematikak bereziki eragin handia izan duela gure autoirudian. Tentu handiz kudeatu behar dugu gai hori irakasleok. ­Ikertzea eta sortzea bultzatu nahi badugu, prozesuei emango diegu nagusiki garrantzia; eta ­akatsari beldurra galtzea nahi badugu, gure zuzenketa-estiloak nahi horrekin bat egin beharko du.
Buruak martxan jartzeko, eskuen laguntza behar dugu. Haurrek muga jakin batzuk dituzte era abstraktuan pentsatzeko, eta, beraz, guztiz beharrezkoak dira manipulazioa eta materialen erabilera.
Beraz, burua martxan izateko, eskuekin aritu behar dute haurrek, beldurrik gabeko lankidetzan, konfiantza-giro baikor eta kooperati­boan.
Nola susta dezakegu matematikako saio dinamiko eta parte-hartzaile bat Lehen Hezkuntzan?
Nire ustez, haurren interesetan arakatzeak erakusten digu bidea.  Lehen Hezkuntzako ikasleak haurtzaro betean daude; begiak zabal-zabalik dituzte, eta, oro har, jakin-minez bizi dira. Handitzen ari dira, eta hobeto ulertu nahi dute ­eguneroko bizitzaren funtzionamendua. Zenbakiz inguratuta bizi gara, komunikabideak taulaz eta grafikoz gainezka egoten dira, eta geometria aurkituko dugu eraikinetan, kiroletan ­edo gure jantzien estanpatuetan ere. Eskolak ­ireki behar ditugu, eguneroko bizitza sar dadin.
Jolasa da haurren eginkizunik natural eta gogokoena. Inongo beldurrik gabe ekarri behar ditugu jolasak gure geletara: banakakoak eta taldekoak, irabazteko estrategian oinarritzen direnak eta espazioaren azterketarako egokiak direnak, euskarri fisikoa edo birtuala dutenak… Jolasak partaidetza bultzatzen du: motibazioa pizten du, eta akatsa erlatibizatzen.
Erronkak eskaini behar dizkiegu: ikerketarako eta espekulaziorako giro batean, norberaren ideiak eta lorpenak partekatzeko aukerak, alegia. Horra hor triangelu bat: eguneroko bizi­tza aztertu, jolas egin eta erronkak eskaini.
Piztu ote dezakegu jakin-mina eta erein matematikarako zaletasuna?
Gakoa arestian aipatutako giro horren baitan dagoela pentsatzen dut, eta hori, nagusiki, ­irakasleon esku dago. Irakasleok aukeratzen ­eta proposatzen ditugu jarduerak, etengabekoa da gure esku-hartzea errendimenduaren eskakizunean nahiz harreman-estiloan, eta geuk ematen diegu balioa gauzei. Geu gara eredu; nekez ereingo dugu jakin-mina, gugan hazi hori garatuta ez badago.
Indar handia, ilusioa eta gogoa behar dira ­egunero erronka hori gauzatzen joateko. Indarra eta ilusioa ere bai, ingurutik datozkigun mamuei eusteko; alde guztietatik egiten zaizkigun eskakizunen oparotasunak eta pairatzen ari garen baliabideen murrizketak talka egiten dute gugan.
Ikastaroan ipuinak, filmak, musika, eta abar erabiliko dituzu. Zer harreman dute, bada, matematikarekin?
Bikote klasikoa dugu matematikako irakasleak eta arbelak osatzen dutena, baina ez da nahikoa. Aurrera egiteko, etengabeko gaurko­tze didaktiko eta teknologikoa behar dugu. Teknologia berriez hitz egiten dugu, baina Lehen Hezkuntzako haur guztiak XXI. mendean jaioak dira, irudiaren eta bideo-jokoen munduan jaio eta bizi dira; ez dute Internetik gabeko garairik ­ezagutu. 
Baliabide horiek erabiliz, elkarrekin gauzatuko ditugun saioei aire freskoa eman nahi nieke, eta tradizionalki astuntzat hartzen diren gaiei begiratu alai eta arinago bat eskaini, zeharka bada ere.
Gai asko ukitu ditut, eta ez pentsa nire eguneroko lanean denak bideratuta ditudanik.  Saiatzen naiz, lana egiten dut, eta batzuetan gozoa ateratzen da, eta gazia besteetan. Hiru goiz ditugu elkarrekin lanean jarduteko: zalantza berriak sortuko dira, leiho batzuk irekitzen saiatuko gara; hautsak astinduko ditugu, eta ilusioak hauspotuko. 
Ondoren, ongietorria emango diegu oporrei.