Txotxongilo tailerra

2012-07-01

“Txotxongilorik errazena munduko altxorrik preziatuen bihur ­daiteke”

 Eskulanak egiterakoan, gaizki ­egingo dugun beldurrak ez digu gozatzen uzten askotan. Horrek edota askotan plastikako txokoan zer egin ez dakigula egoteak ez dute lana ­errazten. Horregatik, ikastaro honen proposamena eguneroko lanean ­erabilgarri gertatuko zaizkigun txo­txongiloak egitea da, eta esku-eskura ditugun materialak erabiliko ditugu horretarako. Halaber, egindakoaren balioa ikusi ahal izango dute, ­abestien eta ipuinen mundura hurbilduz eta antzezpen bat eginez.

 
 
Rafa Vilaren eskutik murgildu zinen txotxongiloen munduan... Nor da, ordea, Rafa Vila?
Rafa Villa esparru asko jorratu dituen artista bat da. Cuencan (Espainia) jaio zen, baina, gaztetan, Getxora etorri zen bizitzera. Margolaria da (New Yorken eta Madrilen egin ditu azken erakusketak), eta antzerki irakaslea. 80ko hamarkadan, txotxongilo talde bat sortu zuen. Duela 20 urte antolatu zituen haurrentzako lehenengo tailerrak, Bilboko jaietan. Orduan hasi nintzen harekin lanean, eta, geroztik, elkarrekin ­ibili gara udalekuetan eta ludoteketan, haurrentzako txotxongilo tailerrak ­ematen.
Asko ikasi dut harengandik, eta, batez ere, irudimena eta sormena eguneroko lanean erabiltzen irakatsi dit.
Zein dira, zure ustez, plastikako txokoan irakasleek topatzen dituzten eragozpen handienak?
Nire ustez, irakasleen prestakun­tzan ez zaio behar den garrantzia ematen plastika munduari, eta horren ondorioa da arlo horretan adierazten dugun segurtasun falta: betiko eskulanetatik ateratzen bagara, baliabiderik gabe gaude, eta ez dakigu zer egin. 
Askotan, ez ditugu ezagutzen merkatuan dauden material berriak eta horiek ematen dizkiguten aukerak: matematikan, hizkuntzan..... Beti gaude birziklatzeko ikastaroak egiteko prest, baina plastikari buruzkoak ez dira horren ugariak, edo beste une baterako uzten ditugu. 
Bestalde, ezinbestekoa da lan egiteko espazio egoki bat edukitzea: batzuetan, lekua sortzeko zenbat mahai edo aulki mugitu behar dituzun pentsatze hutsak nekatu egiten zaitu, eta zerbait berezia egiteko gogoa kentzen dizu.
Ez dugu ahaztu behar gero eta zailagoa egiten zaigula gaurko haurrak eskulanen bidez harritzea, denetarik daukate-eta; baina, askotan, txotxongilorik errazena munduko altxorrik preziatuen bihur daiteke, beraiek egindakoa delako.
 
Zer alde dago gure ikasleekin txotxongiloak egitearen edo gure ikasleentzat txotxongiloak egitearen artean?
Askotan, liburuei, Interneti edo ­ikastaro batzuei esker, oso eskulan interesgarriak egiteko gai gara. Gure gelako ikasleekin saiatzen garenean, ordea, gure lana aurrera eramateko zailtasunak ditugula konturatzen gara. Hainbat arrazoi direla medio, azkenean guk geuk egiten dugu. Ikasleak ikusle bihurtzen dira, eta aspertu egiten dira azkenerako.
Tailerretan eraikiko ditugun txo­txongiloak inolako arazorik gabe egin ahal izango dituzte gure ikasleek: gure laguntzarekin, noski. Oraingoan, haiek izango dira protagonistak.
Neska-mutilek txotxongiloak egin ondoren, zer aukera dute haiei “bizitza” emateko?
Txotxongilo bati "bizitza" emateko, mugimendu pixka bat eta hitz batzuk baino ez dira behar. Horrez gain, abestu daiteke, edo elkarrizketak sortu, ­ipuin ezagun bat edo asmatutako bat kontatu, eguneroko egoerak antzeztu, eta abar. Txotxongiloek ematen dizkiguten aukerak ugariak dira. Haurren­tzat garrantzitsua da txotxongiloek zerbaiterako balio dutela jakitea. Oso lagungarria da beraien "gorputzaren luzapen" bat dela sentitzea, eta barnean gordeta dituzten sentipenak (amorrua, beldurra, lotsa poza,...) kanporatzeko bide bihurtu daitekeela jabetzea.