Haurrentzako masajea

2012-07-01

“Zentzumenak abian jartzen badira, bizitzaren zentzua errazago bilatzen da”

 Haur bakoitzaren garapen fisikoa eta emozionala, eta familian bertan eta familiaren eta eskolaren arteko egokitzapen prozesuak ikusiko dira teoriko-praktikoa izango den ­ikastaro honetan.

 
 
Zertarako balio du haurrentzako majaseak eta zer onura dakarzkio haurrari?
Lehenik eta behin, haurrak dituen gaitasunak kontuan edukitzeko balio du. Era berean, haurraren eta gurasoen arteko komunikazioa errazteko balio du; masajearen bitartez, adierazpena, mugimendua, mimika, ahotsa eta abar transmititzen direlako, eta jolas egiten delako.
Bigarrenik, hainbat tentsio bigun­tzeko, arintzeko eta bideratzeko balio du. Beti esaten dut, haurraren zentzumena, usaimena, ikusmena, entzumena, ukimena eta dastamena hasieratik abian jartzen badira, bizitzaren zentzua errazago bilatzen dela.
 
 Zure ikastaroa “ukitu + sentitu = kokatu” ideian oinarritzen duzu...
Ukitzeak pertsonak ukitzeko duen gaitasunari egiten dio erreferentzia. Hori unibertsoaren funtzionamenduan dago kokatuta. Gu zerk ukitu gaituen eta nola ukitu gaituen, horrek ekarri gaitu gaurko gaitasunak edukitzera edo bizitzera.
Sentitzeak, berriz, jaiotzatik bertatik, sentitzeko modu bat garatzeari egiten dio erreferentzia. Pertsona edo animalia bakoitzak bere espezieari dagokion berezko hezte prozesua du. Horren ondorioz, hazten garenean, gure egitura izaten dugu, eta munduarekin erlazionatzeko modu bat edo bestea.
Sentitzeak, beraz, izugarrizko garrantzia du, gure benetako kokapen eta integraziora heltzen garenean. Nola gauden kokatuta ez da geure buruarekin gaudela sentitzea soilik; horrekin batera, ondo jakin behar da zein ingurutan gauden, eta inguru horrekin harremanetan nola kokatzen garen, eta nola eboluzinatzen dugun.
Larruazala ukitzeko premiaz, sentitzeko premiaz hitz egingo duzu ikastaroan. Zer-nolako garrantzia du larruazalak?
Garrantzi handia du. Izan ere, kokatu esaten dugunean, ondo nabaritu behar dugu geure barrukoaren eta kanpokoaren arteko aldea. Eta hori larruazalaren bitartez egiten dugu. Larruazalak izugarrizko sentsibilitatea dauka, burmuinean kokatzen da.
Masajeak azala lantzen du, eta gorputzeko atalak lantzen dira horrela, tentsioa eduki dezaketen atalak. Ten­tsioa saihestearen ondorioz, barruko ­ahalmenak bideratu egiten dira.
Larruazala gorputzeko zatirik zabalena da, eta izugarrizko garrantzia dauka burmuinean: horrek, garrantzi handi dauka haurraren lehendabiziko urtean: gorputza zutik jartzeko bidean artikulazio gzutiak masajeen bidez ondo goxatu baldin badira, gorputza lurrean jartzeko modua oso koherentea izango da gorputzeko sentipenekin. Bizitzaren bizitasuna barruan sentituko du. Horrela, tentsioak ere sahiestu edo bideratu egiten dira, gorputzak ez du tentsio horiekin borroka egin beharko
Zer jakin behar dugu haurrei masajeak ­emateko? Nola has gaitezke?
Hasteko, haurraren gorputzaren gainean eskuak jartzen ditugunean, haren erreakzioak eta gureak ikusi behar dira. Nola gauden eta haurra nola dagoen ikusi behar da, zein den bakoitzaren egoera. Une batzuetan ezinezkoa da masajeak ematea; beste batzuetan, ­egoera egokia da, eta aurrera, beraz: gorputzari tankera hartu, eta, eskuak sartuz, jolas bat sortu. Hori da egin behar dena. Jolas horretan sortzaile izanez gero, oso lan polita egiten da.
Baina ez da masajea ematea soilik. Masajea ematen duena lurrean dago, ­eta jolas egitera ohitu behar du. Elementu garrantzitsuena jolas egitea da. Jolas egiteko gai baldin bazara, zuk zeure barruarekin malgutasun handia daukazula esan nahi du, eta haurraren malgutasuna ere kontuan hartzen ari zarela, eta hori lantzen saiatzen ari zarela. Jolasak izugarrizko garrantzia dauka. Jolasaren bitartez, mimika eginez, kontuak esanez... haurrari harekin zaudela sentiarazten diozu, harekin jolasten eta hura kontuan hartzen ari zarela, harentzat onena lortu nahian eta harekin aberastu nahian.