Ipuinak antzerki bihurtzen direnean

2012-07-01

“Ipuinak antzeztoki batean sartzen dira, eta orriak pasatuz ­kontatzen dira”

 Irakaskuntzako eguneroko jardunean daude ipuinak, eta helburu askotarako erabiltzen dira. Ikastaroan, ipuinak erabiltzeko bi teknika eskainiko dira:  ipuin bat antzerkirako testu bihurtzea, eta kamishibaiak egiteko eta antzezteko teknikak. Hori guztia praktikan oinarritutako lan-metodologia baten bidez proposatuko da.

 
 
Ipuinak oso hedatuak daude irakaskuntzako eguneroko jardunean. Zein helburutarako erabiltzen dira, batez ere?
Irakaskuntzan, ipuinak kontatu ­egiten dira gehienbat; haien baitan, goxotasunaz gain, gaur egungo eta aitzinako jakinduriaren zati eder bat baitago.
Horretaz gain, helburu jakin baterako edo besterako ere erabiltzen dira; ­adibidez, balio bat lantzeko, ipuinaren egitura jorratzeko, ipuinen ezaugarriak ezagutzeko, eta abarretarako. 
Kontua da, une horretan, ipuina bihotzetik burura eramaten den unean, bere baitako magia galdu egiten duela, sast: tresna bihurtu dugu, eta lanabes batek ez du magiarik, ez baitu bihotzik.
Horregatik, ipuinak erreminta gisa erabili ostean, haien txokora itzuli behar dira azkar-azkar, bihotzaren hondora.
Horrela, prest izango dira hurrengo batean kontatzeko edo erabiltzeko, eta berriro ere gozatzeko aukera izango dugu denok.
Askotan, ipuin bat antzezteko garaian, testua hartu, eta zatitu egiten dugu: narratzailea izaten da pertsonaia nagusia. Ba al da bestelako aukerarik?
Antzerki klasikoan, Antigona ­obran, adibidez, rol nagusietako bat, koroarekin batera, narratzaileak zuen. Denborak aurrera egin ahala, narratzailearen pertsonaia desagertu egin zen, eta, gaur egun, antzerki modernoan, guztiz galdu da.
Ipuinetan, aldiz, eta batez ere ipuin klasikoetan, narratzaileak presentzia handia du; narratzaile orojakilea edo pertsonaia izango da, baina narratzailearen rola garrantzitsua izango da.
Horregatik, ikastetxeetan ipuin bat antzeztu nahi denean, testua hartu, eta zatitu egiten da; narratzaile-rola den bezala uzten da, eta pertsonaia nagusietako bat izango da.
Jakina, denbora faltagatik edo bestela egiteko teknikak ez ezagutzeagatik egiten da horrela; eta besterik ez dagoen bitartean, oso ongi egina, gainera!
Ikastaro honetan, baliabide gutxi ­eta erraz batzuk erabiliz ipuinak an­tzezlan moderno bihurtzen ikasiko dugu.
Ikastaroan, antzeztoki txiki batean kamishibaiak egiteko eta antzezteko teknikak eskainiko dituzu. Zer dira, ordea, kamishibaiak?
Kamishibaia Japoniatik ekarritako teknika bat da: ipuinak antzeztoki txiki batean sartzen dira, eta, orriak pasatuz, ipuina kontatzen da.
Nik urteak daramatzat ipuinak teknika horren bidez kontatzen, ipuin japoniarrak gehienbat, jakina!
Izan ere, teknika horren bidez, edozein ipuin konta daiteke. Erraza da an­tzeztokia egitea, marrazkiak egitea... ­Ikasleek beraiek edozein ipuin presta dezakete, gelako ikasleei edo ondoko gelakoei (txikiei, adibidez, edo handiei, ausartzen badira) ipuin bat horrela kontatzeko!
Horixe izango da ikastaro honetan eskainiko dena. Kamishibaiak egiten ­eta erabiltzen ikasiko dugu; irakasleak zeharkako bitarteko bikaina aurkituko du, eta ikasleei sortzeko aukera paregabea proposatuko zaie horrela.