Gortasunaren erronkak

2012-07-01

“Keinu-hizkuntzaren oinarrizko irizpideak dituztenak gai dira gorren kolektiboaren integrazioa bermatzeko”

Jendarteak eta, noski, eskolak ­ikasle guztiei erantzun egokia ematea eskatzen den garaiotan, gaur ­egun, gorrek oraindik ikasteko eta komunikatzeko dituzten trabez eta arazoez sentsibilizatu nahi dituzte hezitzaileak Ander Azkarate eta Mireya de Castro psikopedagogoek, gorren kolektiboaren bizi-kalitatea hobe­tzeko helburuz. 

 
 
Gorren bat gertu ez badugu, haien eguneroko bizia ez dugu ondo ezagutzen. Zein dira eguneroko bizitzan izaten dituzten zailtasun nagusiak?
Esan bezala, gorren bat gure eguneroko bizian ez badugu, zaila da beraiek izaten dituzten zailtasunak azaltzea; eta bakoitzak era pertsonalean bizi dituen zailtasunak ere badaude. Gainera, gure mundua, oro har, ez dago behar bereziak dituzten biztanleentzako pentsatuta. Adibidez, ez legoke eskailerarik, denok gurpil-aulki batean ibiliko bagina.
Mundua zailtasunik ez duten pertsonentzako dago prestatuta, eta hori da aldatu behar duguna. Egunero, beharrezkoak diren zenbait jardueratan, hainbat eta hainbat zailtasun izan ohi dituzte: tren askotan, geldialdiei buruzko informazioa ahots batek ematen du; medikuarengana joateko, interprete baten laguntza behar dute, bestela, ezinezkoa bailitzateke komunikazioa; telebista egokitua ez da existitzen ia; oinarrizko hiztegia besterik ez dute…
Komunikatzeko zailtasunak azpimarratzekoak dira; izan ere, gure eguneroko bizitzan, ­etengabe ari gara informazioa trukatzen, eta hizkuntza desberdina izateak (edo ez izateak), hasiera batean, ateak itxi egiten dizkizu.
Egoera horien aurrean erraztasunak emateko eta benetako inklusioa landu ahal izateko, zer premisa hartu beharko genuke gogoan lehenengo?
Hasteko, gortasunari buruzko ikuspegia aldatzetik hasi beharko genuke, ezta?
Dudarik gabe, inklusioa landu ahal izateko, gorren inguruko ikuspegia aldatu egin behar dugu, eta oraindik asko dago egiteko; baina kontua da intentzioa eta gogoa baditugula.
Normaltasunaren aurrean, mito asko izan dira iraganean (eta gaur egun), eta denok garela desberdinak jabetu behar dugu, guztiok daukagula zer edo zer berezia, eta horixe dela dibertsitatearen oparirik gorenena.
Ba al dago gorren gaiari buruzko sentsibilitaterik, gaur egun, euskal jendartean? Zertan eragin dezakegu?
Denbora pasatu ahala, gauzak aldatzen doaz, baina bide luzea dugu oraindik gure aurrean, eta ezinbestekoa da sentsibilitatea lantzea. Per­tsona gorren bat ezagutzea litzateke egoera aldatzeko aukerarik onena, mito guztiak apurtzeko eta haien bizitza ulertzeko.
Bien bitartean, gorren inguruko informazioa gertu izateak asko laguntzen du; batez ere, pertsona guztiak ez garela berdinak irakatsi behar zaie txikitatik haurrei, eta guztiok elkar ­errespetatu behar dugula. Haurrek eraikiko dute etorkizuna, eta, mundu hobea lortzeko, ezinbestekoa da beraiekin lan egitea.
Ikastetxeetara etorriz, zein dira gorrek dituzten behar nagusiak? Nola erantzun diezaieke ikastetxeak haien beharrei?
Ikastetxeetan, gorrek traba asko izaten dituzte, batez ere, komunikatzeko arazoak. Kontuan izan behar da biztanle gehienek ez dakitela keinu-hizkuntza, eta, beraz, eskoletan ­ikasteko eta lagunekin erlazionatzeko zailtasunak dituztela. Gainera, eraikinak, gelaren banaketa, materialak, eta abar, ez daude egokituta, ­eta hori guztia landu beharra dago.
Nola lagun dezake gorren integrazioan edozein irakaslek −edozein pertsonak− gorren hizkuntzaz zerbait jakiteak?
Oso lagungarria da: kontuan hartu behar dugu gorrek, keinu-hizkuntzari esker, komunikatzeko bidea aurkitu dutela, eta gauza jakina da komunikazioa ezinbestekoa dela, geure gizartean parte hartu ahal izateko. Beraz, hizkuntza horren oinarrizko irizpideak dituztenak gai dira kolektibo horren integrazioa bermatzeko, behar duten erantzuna emanez.
Laburbilduz, gure hizketako ahotsaren erabileraren oinarri bat ikasiko dugu; ahotsa osasuntsu dagoen ala ez bereizten ere saiatuko gara, eta, azkenik, ditugun prebentzio-mekanismoak ezagutuko ditugu.
Zaila al da gorren hizkuntza ikastea?
Keinu-hizkuntza ikastea ez da batere zaila, baina denbora eskatzen du. Hasierako “txipa” aldatzea lortuz gero, aurrera begira, keinu berriak ikasten jarraitzea izango da eginkizun bakarra. Bestalde, ezinbestekoa da praktikatzea, beste edozein hizkuntzatan bezala. Keinu piloa dago, eta oso erraz ahazten edo nahasten dira.
Nahiz zaila edota erraza izan, ezinbestekoa iruditu behar zaigu, gorrek behar duten erantzuna emateko gai izateko. Denoi gustatzen zaigu edozein lekutara joaten garenean geure hizkuntzan erantzutea; beraz, keinu-hizkuntza ­ikasteari ekin behar diogu!