Gure adimena nola eta norantz gidatu ikasten

2012-07-01
“Beste bizitza bat hasi denaren sentsazio eta bizipenek mundua beste begi batzuekin ikusteko aukera eskainiko digute”
 Barne lanketa bidez norbanakoak berezko baliabideak landu, garatu eta plazaratzeko beharrezko indarra eta ziurtasuna eskuratuko ditu Urko Arozenaren iritziz. Gure adimena nola eta norantz gidatu irakatsi du, norbere baliabideen ezagutza hobetuz. 
 
 
Produktibitatea gero eta gehiago baloratzen den jendarte honetan, zuk barne lanketa egitea proposatzen duzu, norbanakoak berezko baliabideak landu, garatu eta plazaratzeko beharraz ari zara. Hori lortzeak, ze nolako eragina izango du norbanakoaren bizitzan? Zertan antzemango da? Ze garrantzia du?
Hasteko, inguru mugituegi honen zurrunbilotik ateratzea lortu beharko genuke benetan zer garen, zertan gabiltzan, zer nahi dugun, etabar jakiteko. Barne lanketa eskatzen du hasierako puntu honek. Barne lanketa egin ondoren, eta gure benetako kokapenaz jabetu ondoren, gure bizitza erabat alda­tzen da: gertaera berdinak gure barruan erantzun ezberdina edukiko dute, eragin ezberdina. Beste bizitza bat hasi denaren sentsazio eta bizipenek mundua beste begi batzuekin ikusteko aukera eskainiko digute, aukera lasaia, sosegatua.
Horrek barruko indar ikaragarria eskainiko digu benetan nahi dugun horretan gure ahalegin hori eskaintzeko, benetako kalitatea duen ahalegina.
Batetik, norbere buruari dagozkion puntuak ukituko dituzue, konfiantza eza, beldurrak, muga estuak, pertzepzio ez zuzenak... eta bestetik maite ditugun pertsonak beste era batera laguntzeko tresnez jardungo zara. Bi horiek al dira bizitza kalitatea hobetzeko faktore garrantzitsuenak?
Bizitza kalitatea hobetzeko faktoreak erabat pertsonalak dira. Argi edukiz gero zer den benetan egitea gustatuko litzaigukeena, benetan amestu dugun bizitza hori, benetan maite ditugun pertsonak, eta gure indar guztiak aipaturiko gustuko eta benetan desiratzen dugun  bizitza horren alde jarriz gero, beste bizitza bat edukiko genuke.
Ordena alderantzizkoa da nire ustez: lehenik, gure beldurrak eta mugak gainditu, eta ondoren, norbere edalontzia ongi betea daukagunean, nahi eta ez hortik ateratzen dena eta ondokoei eskeiniko dieguna, gure onena ­izango da, horretaz beterik gaudelako, hori gainezka daukagulako.
Horrek dudarik gabe, bizitza kalitatea asko hobetuko liguke, guri eta ondokoei.
Kontrol mentalari buruz unibertsitateko ikerlanen mundu mailako ikerkuntza garrantzitsuenen berri emango da ikastaroan. Aurreratu ditzakezu zeintzuk diren eta ze puntu garrantzitsu defendatzen duten?
Aurreratu dezakedana honako hau da: goi mailako kirolari gehientsuenek darabiltela bueltan kirol psikologoa. Kirolariak, fisikoki prestatzeaz gain, mentalki ere prestatzen dira egin beharrari aurre egiteko, eta emaitza bikainak nabarmentzen dituzten hamaika ikerlan dauzkagu eskura. Zein da honako abantailak lortzeko tresnak gainontzeko gizakiek ez erabiltzeko arrazoia? Gizaki osoak bagara, zergatik ez landu gure errekurtso guztiak? Zergatik arriskatu gure ahalmenen ohiko %10 ezagun hori bakarrik erabilita? 
Bakoitzaren beldurrak, baliabideak eta helburuak desberdinak izan daitezkeela kontuan izanik, ikastaroa nola egituratuko duzu?
Ikastaroaren puntu garrantzitsuenetakoa deritzot azken honi. Galdera zuzena da: nola eskaini orokorki,  helburu erabat pertsonalen lanketa suposatuko duen hori?
 Erantzuna honakoa duzu: ikastaroan eskainiko dena, gure barru lanketarako teknika bilduma bat da. Ez da dagoen bakarra, baina bai nik ezagutu ditudanetatik eraginkorrena. Teknika hauek apal gisa ulertuko bagenitu, gure esku legoke apal hauetan zer eta noiz landu. Ustez ulertzen lagunduko duen beste adibide bat jartzearren, ikastaroan txirrinduan ibiltzen ikasi ondoren, norbere esku dago noiz, nola eta nora joan. Norbanakoak erabakitzen du ikasitako horrekin zer egin.
Hortik aurrera, egokiena, ikastarora etorri eta bertan ikustea! 
Teknika bilduma honek nire bizitza aldatu duen gisan, lantzeko prest dagoenaren bizitza aldatuko duenaren uste osoa daukat.