Irakurketa, bizitza osorako bidelaguna

2012-07-01

“Testua ulertzea eta interpretatzea da irakurketa, eta hor ­atzean dagoen guztiaz jabetzea”

 Umea irakurketara eta testuetara hurbildu dadin, zertarako bat eduki behar du eskolan, bizitzan bezala. ­Elena Laizek behar, desio eta helburu hori sortarazten eta bilatzen ­lagunduko die irakasleei, ikastaro honen bidez.

 
 
Irakurketara edo testuetara hurbiltzeko, beharra, desioa, helburu bat behar dela diozu, zertarako bat. Nola aurkitu zertarako hori? Zer egin dezake irakasleak ikasleak irakurketara hurbiltzeko?
Bizitza errealean, inor ez gara joaten testuetara edo irakurtzera, desiorik, premiarik edo beharrik ez badago. Bizitzan, zertarako bat behar dugu irakurtzeko, eta premia bat asetzeko irakurtzen dugu; beraz, eskolan ere bai. Hori ulertu behar dugu lehenik eta behin, zertarako bat eduki behar dugula irakurtzeko.
Batzuetan, behar horiek ikasleengan bilatu beharko ditu irakasleak. Ikasleak berak zer desio, zer behar, zer zertarako dituen ikusi behar du irakasleak. Eta, beste batzuetan, irakasleak piztu egin beharko du behar edo desio hori ikasleengan. Biengandik etorriko da irakurketara gerturatzeko zertarako hori. 
Telebista, bideo-jokoak, Internet... oso baliabide pizgarriak ditu eskura umeak gaur egun. Baliabide horiek ematen ez diguten zer ematen digu irakurketak?
Pentsa zer tresna dituzten umeek eskura! Baliabide horiek eskolan ere sartu beharko genituzke, eta beraiekin aztertu eta erabili.  Tresna asko aisialdirako dira, baina ikasteko baliabideak dira beste asko. Umeak eskolan ikasle direla jakin behar dugu, baina ume eta hiritar direla bizitzan; eta eskura dituzten baliabide horiek eskolan erabiltzen eta irakurtzen ikasi behar dugu. Gaur egun, irakurketa ez da liburuetako testu idatziak bakarrik irakurtzea, gauza zabalagoa da: irudiak irakurtzen ikasi behar da, Interneten gauzak aztertzen jakin behar da, gauzak aurkitzen, aukeratzen eta bereizten. Gaur egun irakurketa gauza zabalagoa dela ulertu behar dugu. Gure ikastaroa, dena den, testu idatziaz izango da gehien bat.
Ondo irakurtzen ikasten badugu, hainbat irakurketa modu ezagutzen baditugu, gero hobeto moldatuko gara. Nik irakurketa ez dut ulertzen deskodetze bat bezala, testu batean jartzen duenaren deskodetze huts bezala; askoz harago doa irakurketa. Testua ulertzea eta interpretatzea da irakurketa, eta hor atzean dagoen guztiaz edo gauza askotaz jabetzea. Horrela sustatuko dugu iritzi kritikoa. Hitzak edo testu horrek esaten duena jakin behar dugu, baina ez da nahikoa. Testuingurua eta idazlearen intentzioa jakin behar ditugu, zer helbururekin idatzita dagoen testua... 
Azken batean, testu batek informazio testuala dauka, testuan datorrena; baina testutik kanpoko informazioa ere badago, eta, horri buruz zenbat eta informazio gehiago eduki, hobeto interpretatuko dugu testua.
 
Gaur egungo hainbat ikerketaren berri emango duzu ikastaroan. Nondik nora doaz ikerketa horiek, eta zeintzuk lirateke ondorio nagusiak?
Irakurketari buruzko ikerketa asko egiten dira, eta mota askotakoak izaten dira, gainera. Noski, helburuaren araberako ondorioak izaten dituzte ikerketa horiek, eta nik erabiliko ditudanak irakurketa interpretatiboaz dihardutenak dira batik bat. Niretzat ezinbestekoak dira Emilia Ferreiro ­eta haren taldearen ikerketak, adibidez, eta baita Frank Smithenak ere; eta Euskal Herrian, Uri Ruiz Bikandiren testuak..
Ikerketetan bai, baina esperientzietan ere oinarritzen zara. 
Nik neuk edo nire lankideek umeekin egindako esperientziak azalduko ditut. ­Umearen ezaugarri bat ezagutzeko nahia ­edukitzea da, berezkoa dute jakin-mina; jakin-min horretatik abiatuta antolatzen eta planifikatzen dugu lana, eta haien behar ­eta helburuen arabera eta gure erronken arabera gerturatzen gara irakurketara eta testuetara. Esperientzia horien emaitzak eta prozesuak ikusiko ditugu.
Irakurketa, askotan, bakarka egiten den ekintzatzat ulertzen dugu. Hala izan behar du nahitaez?. 
Irakurketan autonomia izaten ikasi ­egin behar da. Baina helburu horretara iristeko, laguntza behar dugu ikasketa-prozesuan. Testu mota bakoitzak bere ezaugarriak  eta berezitasunak ditu, eta oso zaila da testu mota guztietan guztiz autonomoa izatea; batzuetan ez dugu tutik ulertzen bakarka, nahiz eta 60 urte izan, eta, irakurketa partekatzen eta sozializatzen denean, osoagoa eta aberatsagoa da irakurketa, eta ­ulermena handiagoa da. Ikasketa-prozesua da eskolan egiten dena, eta, autonomo izateko prozesu horretan, oso garrantzi­tsua da sozializatzea eta elkarri eragitea.