Irakasle magoa (majoa)

2012-07-01

“Magiak egia absoluturik ez dagoela erakusten du, eta gauzak erlatibizatzen laguntzen du”

 Haur, gazte zein heldu, magiak ­edonor liluratzeko balioa duela uste du Zigor Urzelaik. Horregatik, ikasleen arreta berenganatzeko eta ikasleengan jakin-mina pizteko, eskolan magia oso erabilgarria dela dio. Haurrengan, berriz, magiak enpatia eta autoestimua sustatzen omen ­ditu.

 
 
Magiako trikimailuekin, gazteei beste ikuspegi bat hartzen lagun dakiekeela diozu. Nola erabiltzen da ilusionismoa gazteei beste ikuspegi bat sorrarazteko?
Errege Magoak direla, Olentzero dela, marrazki bizidunak direla, txikitan, ilusioen mundu magiko batean bezala sentitzen dira umeak. Baina, gero, 4 edo 5 urte egindakoan, arrazoia eta ­ulermena lekua hartzen hasten dira. Magiaren bidez, lor daiteke arrazoiak ­esaten duena, beharbada, ez dela egia­ ikustea, eta, horrela, hurrengo batean, beste ikuspegi batetik begiratuko diete gauzei. Magiak erakusten du egia absoluturik ez dagoela, eta gauzak erlatibizatzen laguntzen du.. 
Haurrek eta gaztetxoek berehala jartzen diote magoari arreta, ezta? Zer dauka magiak haien atentzioa erakartzeko?
Batetik, mago on batek ez ditu trikimailuak soilik menderatzen eta erabil­tzen. Mago on batek, bene-benetan, antzezle zoragarri bat izan beharko luke. Beraz, antzerkiari magiaren ulertu ezina batzen badiogu, haur edo gazte ­izan nahiz adineko edo nagusi izan, zaila izaten da magiari arreta ez jartzea, ­edonoren kasuan.
 
Zertan lagun diezaioke magia apur bat jakiteak eskola eman behar duen irakasleari?
Esan bezala, arreta sortzen eta erakartzen laguntzen du magiak... "Orain isilik egoten bazarete, gero magia egingo dizuet...". Umeen jakin-mina lan­tzeko ere oso baliagarria da magia, baina, batez ere, irakaslea majoa (magoa) bada, ikasleek asko eskertzen dute.
Magiaren bidez, autoestimua, enpatia, adierazkortasuna, jendaurrean hitz egiteko gaitasuna...; alor horiek guztiak landu daitezke? Nola?
Praktikaren bidez, praktika eta praktika da kontua. Haur batek bere ­adineko kideen aurrean magia apur bat egiten badu, kide horiek harri­tzeko gaitasuna izango du; eta adin nagusiagokoak harritzeko adina magia ­ikasten doan neurrian, autoestimua, enpatia, ­adierazkortasuna eta aipaturiko trebetasun horiek guztiak sortzen ­eta gara­tzen hasiko da pixka­naka.