Ikasleak, beren guraso eta familien isla

2012-07-01
 
 
Familietan zein eskoletan gertatzen diren egoera gatazkatsuak ulertzea da ikastaroaren helburuetako bat. Zein izan ohi dira gatazka horiek?
Gatazken sorburuan, ordena-gabeziak ditugu, eta dagokigun lekuan ez ­egoteagatik edota sistema errespetatu ez izanagatik gertatzen dira. Beraz, esparru horretan, errespetu falta, ordena hierarkikorik ez izatea, bazterketa, komunikazio eza, integrazio eza, diziplina-gabezia, arduragabekeria edota ardura besteen eskuetan uztea aipa ditzakegu. Hona hemen zenbait adibide:
• Ikasleak irakaslea ez errespeta­tzea eta hari gaina hartzea.
• Hezkuntza-esparruan, hainbat gurasok aintzat hartu nahi ez izatea irakasleak eskain ditzakeen iradokizunak edota aholkuak. Haien ustez, irakasleak ezin bidera ditzake ikaslearen egoerak, bere azalean jasaten ez dituen bitartean.
• Irakasle batzuek besteen iritzia aintzakotzat ez hartzea, eta beraien iri­tziak besteenen gainetik aurrera eraman nahi izatea. Eskola beraiei esker aterako dela aurrera pentsatzen dute, ­edota beraiena dela...
Gurasoek zein irakasleek asko espero izaten dute elkarrengandik, eta asko eskatu ohi dio batak besteari. Zer garrantzi du norberak bere lekua ondo ezagutzeak?
Guztion arteko errespetuzko harreman baterako giltzarria norberak dagokion lekua ondo ezagutzea da, eta, nagusiki, dagokion leku hori betetzea. Pertsonari dagokion lekua ematean, merezi duen errespetua ematen zaio, ­eta, horrekin batera, baita dagokion ardura ere. Horrela, bakoitza aske da bere eginkizunen jabe izateko, eta soilik bere eginkizunaz arduratuko da.
Irakasle batek, gurasoen lekuan jarri nahian dabilenean, uste du ikaslea gurasoengandik aska dezakeela. Irakaslearen aldetik harrokeria da hori, guztiok eta, bereziki, ikaslea ahultzen duen harrokeria.
Haien jarrera beste kontu bat litzake. Gurasoen laguntzarekin, nolabait ere, haien jarrera azter daiteke, eta berriro bidera dezaten oharpenak egin daitezke. Baina gurasoak baztertu gabe, betiere.
Bestalde, zenbait gurasok uste dute beren seme-alabek irakasleak baino hobeto irakats dezaketela; bide horretatik, ez dute onartzen irakaslearen heziketarako gaitasuna eta balioa, eta ez dute errespetatzen.
Ikaslearen familia-sistema ezagutzeak eta errespetatzeak zertan lagunduko die irakasleari eta ikasleari berari?
Irakasleen ikuspegitik, kontua ez da ikaslearen familia-sistemaren nondik norakoak eta historia ezagutzea, sistema den bezala hartzea baizik. Ikasle horren aita-amak nolakoak diren ­ikustea eta diren bezala hartzea lagungarri gertatuko zaie.
Ikasleak ikusten duenean irakasleak bere gurasoak errespetatu egiten dituela, konfiantza jartzen du harengan, eta gutxitu egiten dira haren beldurrak eta segurtasunik eza, zabalagoa den sistema baten aurrean (eskolan); horrela, besteen aurrean irekiago ager daiteke, eta irakaskuntza hobea eskuratzeko aukera izango du.
Bestalde, ikasleek eta gurasoek ­errespetatu egingo dute irakaslea, eta, horrela, guztion arteko harremanak eta komunikazioa arinagoak izango dira..
Ikasleak beren gurasoen eta familien isla direla diozu, ikastaroaren izenburuan bertan. Nola eragiten du ikaslearen familiak edo familiarekin duen harremanak ikastetxean? 
Eskolak erakunde biziak dira; eskoletan biltzen dira geletako gorabeherak. Geletan, berriz, irakasleek jarrerak ebaluatzen dituzte, gorabeherei irtenbideak ematen dizkiete, erabakiak hartzen dituzte, eta jarraitu beharreko ildoak eta arauak sortzen dituzte.
Ikaslea ez datorkigu eskolara bere familia-esparrutik banatuta, banako soil gisa; familia-egiturarekin datorkigu eskolara. Horrekin batera, bere familia-sisteman diren rolak, arauak, mugak, jarrerak eta ordena-gabeziak dakartza. Beraz, zuzenean eragiten du.
Gelan arazoak dituen ikasle bat dugula diogunean, badakigu ume horrek gela horren funtzionamendua baldin­tzatzen duela, baina umearen jarrera hori bere familia-esparrutik dakarren zerbait da, eta badakigu jarrera hori bizi duen egoera adierazteko edota islatzeko modu bat besterik ez dela.