Diafreo, gorputza lantzeko beste era bat

2002-07-01

Diafreo hitza grezierazko diafrein -etik dator eta pasatzen utzi esan nahi du. Gure gorputzean eta sentipenetan adi egotera gonbidatzen gaituen lan metodo bat da.

 
 

Esperientziak frogatzen duenez, tentsioak giharretan pilatu ohi dira, beroien uzkurketa kronikoa eta tonizitate aldaketa eraginez. Horrek artikulazio eta hezurdurako hainbat puntutan du eragina eta gorputz jarrera, adierazpena eta sentsibilitatea aldatzen eta inhibitzen ditu. Beraz, artikulazio eta giharren tonuaren gain lan eginez, gorputz adierazpenean, sistema neurobegetatiboan, arnasketan... eragin daiteke, eta metodo hau oinarri horren gainean eratu da.

Praktikan, metodo honek gure tentsioaz ohartu ahal izateko aukera ematen diguten giharren luzamenduzko jarrera orokorrak eta mugimendu geldi eta zehatzak bateratzen ditu, hainbat kontzeptu kontuan hartuz: arreta kontzientea, kontaktua, lordosia, konpentsazioak…
Giharren luzaketa orokorreko ariketak direla medio, gorputzeko hainbat atal kontzienteki landuko dugu, gorputzak unitate moduan funtzionatzen duela kontuan hartuz. Horrela, gorputzean blokeatuta ditugun zatiez ohartzeko eta aldatzeko aukera izango dugu, eta baita ere anatomia arloan ezagutu eta gorputz jarrera egokiak identifikatu ahal izateko.
Azaleko eta sakoneko sentsibilitatean eragina duen kontaktuzko lanetan ere arituko gara, hainbat mugimendu eta jarreren bidez. Horrela, gorputz kontzientzia landu dezakegu, ager daitezkeen barne sentsazioei espazioa eta adierazpena emanez.
Nondik nora joango den jakin dezazuen, honelakoa izan daiteke ikastaro honetan egingo ditugun saioen adibide bat, jakinik egitaraua malgua dela eta taldeak berak markatuko duela erritmoa:
- Lanaren aurkezpena.
- Gorputzeko hainbat atalen behaketa sakona zenbait jarreratan: zutik, etzanda, eserita, mugimenduan…
- Arnasketaren behaketa.
- Erlaxazio ariketak.
- Luzamendu orokorra prestatuko duen gorputz atalen lana:
* Kontaktuzko ariketak. Horretarako zenbait material erabiliko dugu erreferentzia gisa: hainbat pilota mota, makilak, kortxoak...
* Mugimendu geldi eta zehatzak. Mugimendu hauek arreta handiz egiten saiatuko gara, behar duguna soilik erabiltzen saiatuz, gehiegizko indarrik egin gabe eta arnasa hartzen dugun modua kontuan izanik.
- Luzamendu orokorreko jarrera. Kasu honetan luzamendua ez behartzen, konpentsaziorik ez egiten, gure mugak onartzen, mina sentitu gabe tentsioa kontrolatzen eta gorputzak adierazi nahi duena entzuten saiatuko gara, arnasketan ere adi egonez.
- Saioaren ondorengo behaketa: egoera, sentsazioak…
- Bizitakoaren ahozko adierazpena.