Heriotza heziketan: pedagogia berria sortzeko erronka
> Bizitzarako hezi: galera, heriotza eta doluaren pedagogiarantz
PLAXATS, M. Antonia. Psikoterapeuta eta “Educar para la vida, educar para la pérdida, la muerte y el duelo en la escuela” mintegiaren koordinatzailea Rosa Sensaten
Bigarren aldiz zuen artean egongo naiz Hik Hasieren Udako Topaketak direla eta. Oraingoan ere oraindik orokorrean, eta hezkuntza arloan ere bai ondorioz, zailtasun handiak dituen gai baten inguruko hausnarketa egitera animatu nahi zaituzte.
Galera esanguratsuen aurreko dolu prozesuen gainean hausnartzen jarraituko dugu. Galera orokor horien artean heriotzak leku berezia hartu ohi du.
Ez da gauza berria onartzea gaur egungo mendebaldeko gizartean oraindik zaila suertatzen zaigula haurrei eta nerabeei doluan laguntzea. Zergatik lantzen da sexualitatea hezkuntzan eta ez galerak eta heriotza? Balioak, jarrerak, sentimenduak, sufrimenduaren inguruko ekintzak, galera, heriotza edo dolua oso gutxi aztertzen dira giza errealitateko beste dimentsioekin alderatuz gero. Pertsonen arteko harremanetan eragiten duten sustrai humanistikoko zenbait ikasketetako curriculumetan alboratu egiten dute. Esate baterako magisteritzan, pedagogian, psikologian, psikopedagogian... Gure lan taldea ikuspegi holistikoan oinarritzen da; mundua ulertzeko ikuspuntu global eta integratzailea da. Sistema biologiko, psikologiko eta sozial guztiak elkarren artean lotuta dauden azpisistemekin osatuta daudela ulertzen du, eta guztiek zatien batuketa baino handiagoa den osotasuna osatzen dute. Ikuspegi hori gure gaira egokituz zera esan nahi du: pertsona batek galera bat sufritzen duenen, bere adina dena delako izanik ere, normalean bere dimentsio guztietan eraginda gelditzen dela. Galera : zergatik sentitzen dugu hainbeste galera? Gizakia erlazionatu egiten da eta afektibitate maila desberdina duten loturak sortzen ditu, zeinak aldi berean loturaren balorazio positiboa edo negatiboa inplikatzen duen. Balorazioa aldagai arrazionalen, emozionalen eta soziokulturalen multzo batean oinarritzen da. Horrela, zentzu subjektiboan galera bat daukagunean mina sentitzen dugu. Gogoaren mina da, eta beraz, hunkiberatasuna: tristura, beldurra, kulpa, haserrea, inbidia... Modu horretan, kontzienteki edo inkontzienteki, pertsona batek galera baloratzen duen dolu horretara iristen gara. Doluaren prozesuan galera baten aurrean bat-batean gara daitezkeen prozesu arrazionalak, emozionalak, erlaziozkoak eta izpiritualak aurkitzen dira. Noski, beharrezkoa da dolua konplikatzea ekiditea, eta horregatik, pertsonalki gure taldean doluaren eraldaketa osasuntsua deitzen diogu horretara bideratu behar dugu. Zauri hunkigarria orbaintzeko bitarteko egokiak jartzea esan nahi du horrek. Era berean, galera esanguratsu bakoitza eraldaketa sortzaile baterako aukera izan daiteke, prozesuan dauden aldagai bio-psiko-sozialak integra baldin baditzakegu.Hil ala biziko garrantzia duten beste gauzekin gertatzen den bezala, haur edo nerabe batek galera esanguratsu baten aurrean dituen erreakzioak aldagai ugariren pilaketaren baitan egongo dira: nerabearen garapen egoera, bere izaera, bere ingurunearen lehenaldiae eta orainaldia (familiakoa, kulturala, azpikulturala, bere erreferentziazko taldea...) pertsona bezala garatzen ari den heinean galera, sufrimendua eta heriotzaren inguruan jaso dituen eta jasotzen ari den mezu inplizituak eta esplizituak.
Heriotzaren pedagogia eraiki beharra daukagu
IZAGIRRE, Patxi. Psikoterapeuta eta Ekintza ikastolako psikologoa
Iaz estreinatu genuen Heriotza heziketan. Egungo tabua? ikastaroa eta benetan gustura gelditu nintzen bertaratu zen jendearen erantzunarekin. Horrek aurten beste ikastaro bat koordinatzera animatu nau, eta horretarako, ustez erakargarria den programa prestatu dugu. Gainera, Miren Akordagoitia ere gure artean izango da, eta hezkuntzan heriotza lantzeko maleta didaktiko bat aurkeztuko digu, niri pertsonalki oso interesgarria iruditzen zaidan maleta.
Sarritan entzuten ditugu nahigabeko heriotzen inguruko komentarioak, eta gure txikiek ere entzuten dituzte. Gorrak, itsuak eta ezinduak balira bezala jokatzen dugu, ordea, beraien aurrean. Heriotza bizitzaren zati bat da eta heziketak izugarrizko garrantzia du heriotza bizitzaren zati bezala integra dadin.
Badakigu ziurtasun osoz hil egingo garela eta guk maite ditugunak ere hilko direla. Gainera, betidanik jakin dugu hori. Orduan, zergatik ezkutatzen dugu heriotza? Agian horrelako krisi latzen aurrean bitartekoak sortzeko aukera galtzen ari gara. Dudarik gabe, giza heldutasun batera iristen ari gara eta beste tabu handi bati zapia kentzera hurbiltzen ari gara. Benetan asko kezkatzen nau hezkuntzan heriotzari eskaintzen zaion denbora eskasak. Doluaren pedagogia sortu beharra daukagu bizitzako galerei aurre egiteko bitartekoak era ditzagun. 3 urtetik aurrera haurra joko sinbolikoa erabiltzen hasten da eta horren bitartez heriotzaren itxura ere egiten du. Joko bat gehiago bezala hartzen du, eta noski, oraindik ez daki egoera itzulezina dela. Hau da, hildakoak behin eta berriz berpiztu ditzakete joko sinbolikoan. Magia erabiltzen dute eta horrekin galerari aurre egiteko errekurtsoak sortzen dituzte. Aberastasun izugarriz, helduaroko atxikimendu ezak onartzeko atxikimendu seguruaren oinarriak ezartzen ari dira. Haurtzaroan helduaroan ez bezalako komunikazio kodeak erabiltzen dira ideiak adierazteko, abstrakzio gaitasuna artean garatu gabe egoten baita. Haurren ikasketaren oinarria behaketa eta imitazioa dira. Gure gain dago, beraz, haurrek heriotzari buruz eduki dezaketen ideia. Gure beldurrak beraiengan proiektatzen baditugu, baliabide propioak sortzeko aukera kentzen diegu.Hilarriak biribilketan maleta didaktikoa
AKORDAGOITIA, Miren. San Telmo Museoa - Donostia Kultura Hilarriak biribilketan proiektuaren koordinatzailea
Duela urtebete Donostiako San Telmo Museoan Hilarriak biribilketan izenburupean hilarrien inguruko proiektu bati ekiteko aukera suertatu zitzaidan. Proiektu honen xedea hilarriak modu didaktikoan heziketa zein bestelako esparruetara helaraztea zen. Era honetan kultur ondarearen alderdi esanguratsu hau azpimarratzen zen . Egitasmoan Portugal, Frantzia eta Euskal Herriko zein Espainiako 20 museorekin elkarlanean aritu ginen. Horretarako, euskarri didaktiko bezala, bestelako museoetan darabilten maleta didaktiko bat burutzeko asmoa zegoen. Maleta didaktikoa dohainik eta epealdi batez maileguan ematen den euskarria da. Eduki baten inguruan hainbat jarduera burutuz ikasteko balio du.
Erronka handia zen matela egitea; izan ere, San Telmo Museoak eskaintzen zidan abagunea sekulakoa zen. Hala ere, konpromisoa gustura hartu nuen. Batetik, proiektuak gizartean gaur egun ekiditen den arlo baten inguruan hausnarketa egiteko aukera ematen zuelako. Eta bestetik, hilarriak kultur ondarea osatzen duten hainbat elementuren artean, ondarearen babesaren inguruan aritzeko eta kontzientzia pizteko abiapuntua izan zitekeela uste nuelako. Horrek guztiak museoen funtzio didaktikoaren garrantzia agerian jartzeko aukera ematen zuen. Aldi berean, hain beharrezkoa den heziketa eta kulturaren eremuen arteko elkarlana sustatzeko parada ere bazen. Erantzukizun handiko proiektua zen arren, sor zitzakeen emaitzei begira lanari ekin nion. Proiektuaren garapenean zehar hainbat jenderekin kontaktuan jarri ginen. Horien artean, Patxi Izagirre eta hik hasik antolatu berri zuen Heriotza heziketan. Egungo tabua?ikastaroaren antolatzaileekin. Harremanetan jarri bezain laster, aipatutako euskarri didaktikoaren garrantziaz ohartu ginen. Horren bitartez, heriotzaren gaia heziketaren alorrera era natural eta ikertzaile batean gerturatu nahi genuen. Maleta didaktikorako proposatzen genituen jarduerak metodologia aktiboa sustatzen zuten, ikasleek zuzeneko esperientziaren bidez ikas zezaten. Beraz, hilarriak landa-lanaren bidez azter zitzaketen ondarearekin zuzeneko harremana ahalbidetuz. Hilarrien bitartez, hezkuntzan eta familia artean ezohikoa den heriotzaren gaiari buruz hitz egiteko aukera ematen zigula ohartu ginen. Hala gertatu zen maletako materiala helduekin eta zenbait eskoletako ikasleekin frogatu genuenean. Irakasleei edota taldeen arduradunei harrigarria iruditu zitzaien ikasleak heriotzari buruz zein naturaltasunez hitz egiten aritzen ziren. Bakoitzak gaiari buruz zituen usteak, beldurrak, sinesmenak … agerian uzten zituen. Aurtengo ikastaroan parte hartu eta euskarri didaktiko hau zuei ezagutzera emateko aukera eskaintzeagatik hik hasi eta Patxi Izagirreri eskerrak eman nahi nizkieke San Telmo Museoaren izenean. Era berean, San Telmo Museoa - Donostiako Udal Kultur Patronatuari eskertu nahi nioke proiektu honetan murgiltzeko abagunea eskaini zidalako. Aipatzekoa da baita ere, proiektu honetan parte hartu duten 20 museoen laguntza. Eta azkenik, eskertu nahi nituzke Donostiako Santo Tomas Lizeoa (Aitziber Aiesta irakaslea eta bere ikasle izandako guztiak), Eskoriatzako Museo Eskola (Isabel Guridi arduraduna) eta Eskoriatzako Luis Ezeiza, eskola zein herriko helduen hainbat talderi maletako materialak frogatzeko antolatutako saioan esku hartzeagatik. Guztien konpromiso eta ahaleginari esker, egun euskarri didaktiko hau erabilgarria baita. Mila esker guztiei! Ikastaroan nire partaidetzaren nondik norakoen berri emateari ekingo diot landuko ditugun edukiak aipatuz. Saioak bi zati izango ditu: teorikoa eta praktikoa. Teorikoari dagokionez, hasieran heziketa eremuak heriotzaren gaiari aurre egiteko izan dituen oztopoei buruzko aipamen laburra egingo dugu, hausnarketa moduan. Ondoren, maleta didaktikoaren aurkezpenari ekingo diogu, zein esparrutan egin den ikus dezazuen. Hau da, europar egitasmo baten diru laguntzarekin eginiko proiektu honetan zenbat kultur erakundek parte hartu duten, zein izan diren helburuak… Jarraian maleta ezagutuko dugu: bere egitura, metodologia, materialak… Azkenik, saio praktikoan zehar maletan azaltzen diren bi jarduera burutuko ditugu eta bukatzeko, galderei tartea egingo diegu. Saio teorikoa bideo proiekzioz zein gardenkiz hornitua izango da.