Ez dut zigortu nahi

2012-07-01
“Eraginkorrena haurrak jokaera ‘desegokiarekin’ zer esan nahi diogun ulertzea da”
 Zigorraren, xantaiaren eta mehatxuen aurrean, beste aukera ba­tzuk badaudela erakutsiko du Nerea Mendizabal psikopedagogoak ikastaro honetan.
 
 
Luzaroan, hezitzaileek eta gurasoek ez dute zalantzarik izan haurra zigortzerakoan. Orain, zalantzan jartzen da zigorra, ezta?
Bai, askotariko heziketa ereduak 
ari gara ezagutzen, eta ikusi dugu autoritarismoak (“nik esaten dudalako, eta kito, bestela…”) edo dena uzteko joerak (“dena aske duzu, eta egin nahi duzuna”) zer eragin izan dituzten haurrarengan, lortu nahi dugun jokaeran eta elkarrekin eraikitzen goazen harremanean. Eta, beraz, zigorrak zalantzan jartzera eraman gaituzte.
Zuk diozun bezala, igeri egiten, sukaldean edo gidatzen ikastea normaltzat hartzen dugu, baina seme-alabekin komunikatzen ez dugu ikasten. Hori, ikas al daiteke? Nola egiten da?
Beno, komunikatzen ikasi ez; izan ere, modu batera edo bestera, komunikazioa etengabea da, haurdunalditik gurasook komunikatu egiten baikara haurrarekin, eta haurra ere bai gurekin. Ikas dezakeguna elkarrengana gerturatuko gaituen komunikazioa da, ez bakarrik seme-alabekin harremanak sendotzeko, baita gainerako harremanak sendotzeko ere.
Gehienok gure harremanen kalitatea hobetzeko gaitasunak eduki nahi ditugu. Tamalez, lehiatzera, epaitzera, eskatzera eta diagnostikatzera bideratutako eredu hezitzaileekin eta patroiekin hezi gaituzte gehienok, oso gaztetatik; aurreiritziak erabiltzera eta giza harremanetan “ondo” edo “gaizki” dagoena adieraztera bideratu izan gaituzte, moral aldetik. Horretaz ohartzen eta baliabideak eskuratzen ikas dezakegu, guri gertatzen zaiguna adierazteko eta besteari gertatzen zaiona entzuten 
ikasteko.
Marshall Rosembergen ‘komunikazio ez bortitzaren eredua’ aurkeztuko duzu ikastaroan. Azalduko diguzu, labur-labur, zer dioen eredu horrek?
Marshall Rosembergek eraiki duen ereduaren helburua ez da jendearen 
izaera edo gurea aldatzea, ez eta besteen jokaerak eta gureak aldatzea ere, gure bidea lortzeko; zintzotasunean eta enpatian oinarritutako erlazioak eraikitzean datza; horrela, lehenago edo geroago, kontuan hartuko dira denon beharrak.
Oso prozesu konkretua da, edozer gauza adierazteko eta entzuteko gure­tzat oso baliagarriak izango diren pauso zehatzak ditu. Indarrak berreskura­tzen, elkarren arteko konexioa lantzen eta bakea lortzen lagunduko digu ­horrek. 
Zigorraren, xantaiaren eta mehatxuaren alternatibarik ba al dago? Aipatuko diguzu horietakoren bat?
Eraginkorrena haurrak jokaera “desegokiarekin” zer esan nahi digun ­ulertzea da, eta, horretarako, prozesuak halako arrasto batzuk ematen dizkigu: beharrak beteta edo bete gabe ­izatea da jokaera edo emozio guztien ­eragilea. Behar horiek identifikatuz eta ezagutuz gero, aukera onena kontuan hartuko duen modua diseinatuz gero, jokaera edo emozio horiek ez dute modu horretan azaldu beharrik izango.
Ikastaroa teorikoa eta praktikoa izango da. Nola egituratuko dituzu eskolak?
Prozesua aurkezteaz gain, partaideek dituzten egoeretatik edo kasuetatik abiatuta, teoria hori praktikan jar­tzen saiatuko gara.