Posible al da Udako Topaketa Pedagogikoak antolatzea 5.000 eurorekin?

2012-07-01
Krisia, ekonomikoa eta balioena, garai egokia izan liteke zein diren behar-beharrezko gauzak ­bereizteko, lehentasunak ­finkatzeko, eta benetan balio duten haietan atentzioa jartzeko. 
 
 
5.000 euro. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak hik hasiri egokitu dion kopurua 2012ko Udako Topaketak antolatzeko.
Anjeles Iztueta izan zen EAEko lehenengo Hezkuntza Kontseilari emakumea. Haren esanetan, bitarteko eta diru gutxirekin gauza asko egiten zituen hik hasik. Bigarren Hezkuntza Kon­tseilari emakumea 2009an izan zen ­izendatua. Sartu bezain pronto, 14.000 eurotik 9.800ra jaitsi zion hik hasiri Topaketak prestatzeko laguntza, eta kopuru horren bueltan ibili zen hurrengo bi urteetan. Aurten, aldiz, erdira jaitsi du (10.000tik 5.000ra).
Hezkuntza gizarteak aurrera egiteko inbertsiorik emankorrena dela, prestakuntzak garrantzia handia duela, krisiari aurre egiteko ­ikasketak eta heziketak ezinbestekoak direla, eta abar ­esaten da. Europan egindako ikerketek zera ondorioztatu dute: hezkuntzan inbertitzen den euro bakoitzeko lau euroko errentagarritasuna sortzen da. 
Datu horiek guztiak ezagututa, zergatik egiten dira halako murrizketa basatiak? Ez, ez du balio beste alde batera begiratzeak, Eusko Jaurlaritzaren esku baitaude “hezkuntza eskumenak”. 
Aginte kargutan nor dagoen eta zer sentsibilitate duen badu bere eragina. Gogoan dugu Udako Topaketak prestatzen ari ginen hastapen haietan, nola jo genuen Gipuzkoako Foru Aldundira, eta nola hartu gintuen Lorea Leanizbarrutia euskara zuzendariak. Loreak zioenez, ona zen prestakuntza euskaraz eskaintzea. Dena erraztu zuen: 12.000 euroko dirulaguntza emateaz gain, Topaketei ongietorria emateko ­eta hasierako hitzaldia egiteko ­utzi zuen Foru Aldundiko areto nagusia. 
Urte batzuk pasata, postu bera bete zuen beste “euskalzale” batek uko egin zion hasierako ekitaldia egoitza hartan egiteari. Eta, duela hiru urte, Lorearen alderdikide batek dirulaguntzen deialditik at utzi zituen Topaketak.
Udako Topaketa Pedagogikoak ­egin diren 13 urtetan, Donostiako Udala izan da instituziorik erregularrena.
Ona eta behar-beharrezkoa da inguruan gertatzen ari dena ezagutzea. Baina, hezitzaileok, gure ustez, ezin dugu ­ezagutza hutsean geratu. Hezi­tzaileak ezin du ilusioa galdu, jendartea hobetzea izan behar du helburu: herri ­identitatea, elkartasuna, elkarlana, behar handiena dutenei laguntzea, errespetua, pentsamendu askea eta kritikoa, eta abar, garatzeko konpromisoa izan behar du. 
Krisia, ekonomikoa eta balioena, garai egokia izan liteke behar-beharrezkoak diren gauzak bereizteko, lehentasunak finkatzeko, ­eta, bene-benetan balio duten haietan aten­tzioa jar­tzeko; hausnartzeko, eztabaidatzeko, besteak entzuteko, gure iritzia eskain­tzeko. 
Egiteko horretan, elkarrekin ari­tzea, parte-hartzea, lan egiteko eta fun­tziona­tzeko ­erak demokratizatzea, gardenak izatea eta zer herri mota nahi dugun ­argitzen joatea oso lagungarri lirateke, jendarte berria, hobea eta libreagoa lortu nahi badugu, behintzat.