Yoga saioak irakasleentzat

2012-07-01

“Yoga teknikek gure ingurukoekin erlazioak hobetu eta osasun ­orekatsua lortzen dute”

 Milaka urte ditu Yogak, belaunaldiz belaunaldi praktikatu da gaur ­egun arte. Yoga teknikek norberaren osasun físikoa eta psikologikoa hobetu nahi duen edonorentzat da eragingarria, eta baliagarria da ikasleekin egiteko ere. Gai bakoitzaren azalpen teorikoa egin ondoren, teknikak praktikak jarriko dituzte batez ere praktikoa izan den ikastaroan.

 
 
Zer da Yoga, zertan datza?
Yoga, orain dela milaka urte Indian sortutako zientzia-filosofia da. Bere barnean, zientzia, filosofia, psikologia, natur-medikuntza eta espiritualtasuna biltzen dira, besteak beste. Yoga sistematikoki praktikatu da belaunaldiz belaunaldi, norberaren oreka, osasun fisikoa eta psiko-emozionala hobetzeko.
Hezitzaile edo irakasle izateak ba al du guregan ondoriorik?
Gaur egun, irakasle edo hezitzaile ­izatea ez da lan erraza: eskolak antolatu, azterketak prestatu eta zuzendu, bilerak, ebaluazioak, gurasoekin elkarrizketak, ikasleen kontzentrazio eza, motibazio falta, aztoratutako emozioak, jarrera desegokiak...  Horien guztien ondorioek nahi baino eragin handiagoa dute hezitzaileengan: antsietatea, estresa, gaitz fisikoak, urduritasuna, lo egiteko arazoak, kontzentrazio falta, tristura, depresiva dira ondorio horietako batzuk.
Yoga teknikek lagun al dezateke ondorio hoietako batzuk hobeto eramaten?
Yogako teknikek eragin horiek ­arindu eta aurreikus ditzakete. Era berean, gorputza indarberritu eta lasaitu egiten dute, arnasteko gaitasuna hobetu, odol zirkulazioa aktibatu, kontzentrazioa erraztu, errendimendu fisikoa areagotu, ingurukoekin ditugun harremanak hobetu... Azken batean, teknika horiek, osasun orekatua lortzen lagun­tzen dute.
 
Zein helburu ditu batez ere praktikoa izango den ikastaro honek?
Lehenik eta behin,  asana edo jarrera fisikoen bitartez gure gorputza sentitu, lasaitu, indartu, energia harmonikoki mugitu eta jarrera desegokien ondorioz agertzen diren arazo fisikoak aurreikusi eta landu (herniak, lordosiak, zifosiak, eta abar).
Bestalde, arnasketak, nerbio-sistema eta emozioetan daukan eragin zuzenaz jardun eta teknika horiek behar diren mementuetan erabiltzen ikastea da beste helburu bat.
Guretzako teknikak ez ezik, ikasleekin landu ahal izateko modukoak diren teknikak ere ikasiko ditugu: adimena lasaitu eta kontzentratzeko teknikak, hain zuzen. Halaber, bisualizazioen bitartez norberaren eta ikasleen ­ikasteko gaitasunak handitzen ikasiko dugu. 
Azkenik, erlaxazio sakonaren bitartez, fisikoki nahiz psikologikoki lasai­tzen eta eraberritzen ikasiko dugu.