Bizitzako lehen uneetako masajeak nola lagun diezaioke haurrari ondoezak prebenitzen?

2013-07-01
Munduko leku eta kultura askotan landu izan da masajea, interakzio gisa, haurraren gorputza aktibatzeko tresna gisa. Haur-masajea aspaldidanik praktikatu izan dela ohartu dira mendebaldar asko, egin dituzten bidaietan; adibidez, Nigerian, haurrei egunean bitan masajea ematen zaie beren bizitzako lehenengo urtean, eta alabek beren amengandik jasotzen dute antzinako ohitura hori.
 
 
Bielorrusian, ospitaleetako eta amatasun-zentroetako erizainek masajea ematen diete jaioberriei, batez ere, garaia baino lehen jaiotakoei, heriotza-tasa murrizteko. Amek haur-masajeari buruzko trebakuntza praktikoa jasotzen dute, ospitalean dauden bitartean. 
Kultura primitibo askotan ere, oso ohikoa da haurra amaren gorputzari atxikita 
eramatea.
Europan, eragin handia izan dute Frederic Leboyer-en Shantala liburuak eta bideoak, Indiara egindako bidaiaren ondoren argitaratutakoak.
Esperientzia horiek eta beste batzuek beldurrik ez dugula izan behar erakusten digute; masajearen praktika oso antzinakoa da, gure arbasoak ere intuizioz jabetu baitziren haurrengan eragin onuragarriak zituela. Gainera, gure haurrak nola uki eta laztan ditzakegun ikasteko aukera ematen digute.
Euskadiko hainbat lekutan, hala nola Urnietan, Usurbilen, Tolosan eta beste herri batzuetan, osasun-zentroko emaginek eta erizainek masajea lantzen dute amekin, erditu ondoren.
Freud, ikerkuntza terapeutikotik abiatuta, haurtzaroko traumek helduaroan zuten eraginaz ohartu zen, eta Reich-ek, traumei zuzenean gorputzean behatu ondoren, umetoki barneko korazaren garrantzia azpimarratu zuen. Eta, ariketa xume baten bidez, jaio orduko haur batzuek beren diafragman estutasuna eta larritasuna dutela 
erakutsi zigun: haurrak gure sorbalda paretik gora jasotakoan, batzuk negarrez hasten ziren, eta beste batzuei, berriz, izugarri gustatzen zitzaien, eta errepikatu egin nahi zuten. Gure gorputzaren goiko eta beheko aldea bereizten dituen gunean, hau da, diafragman, larritasuna eta izu-ikara eragiten dituen uzkurdura bat gertatzen dela ikusarazi zigun. Psikomotrizitatearen ildotik, babesik gabe, kontuan hartu gabe edota konfiantzarik gabe sentitu izan dela adierazten digu horrek.
Haurtzarotik gure hedatze-gaitasuna, gaitasun autoerregulatzailea, mugatzen joan daitekeela ulertarazi zigun horrek, eta bizitzaren lehen unetik horri aurrea hartzea posible dela eta horixe dela, hain zuzen, egin behar duguna.
Thomas Harms-ek haur-masajearen alderdi bioenergetikoez hitz egiten digu: “Txeraz emandako masaje batek hedatzea eta irekitzea bultzatzen du, hau da, organismoaren funtzionamendu parasinpatikoa sustatzen du. Horrela, lasaitzeko eta uzkurtasun-egoeratik irteteko gonbita egiten zaio. Gorputzaren kontaktu horren kalitateak ezinbesteko garrantzia du, masajea eraginkorra izan dadin. Kontaktu hotz eta mekanikoak eta kontaktu txeratsu eta sakonak bereizi behar ditugu. Beharrezkoa da haurraren eta masajea ematen ari zaionaren artean lotura emozional bat sortzea, maila 
energetiko sakonenetan eragiteko.
Haurraren mugimenduak gero eta geldiagoak eta lasaiagoak izango dira, eta lasaitze-erreakzioa hasi dela adierazten du horrek, horixe baita berorren ezaugarri nagusia. Zentratuago ikusiko dugu, bere gorputzarekin hobeto konektatuta. Mugimenduek adierazpen harmoniatsuagoa izango dute, irekiagoak dira. Masajea amaitzen denean, haurra bigunago dago, malguagoa, eta emozionalki gertuago dagoela esan daiteke.
Izan dituen bizipen mingarriengatik bere sistemaren barnean babestu den haurra da korazadun haurra. Egoera hori masajeekin konpon daiteke, bere inguruarekiko interesa nola berreskuratzen duen eta haurren zentzumen-kanalak nola irekitzen diren ikusiko baitugu. Ordura arte agian ihes egiten zion begi-kontaktua berreskuratuko du. Masajeak energia-fluxua irekitzen du begien norabidean. Arreta oso erraz galtzen zuten haurrak eta beren erara zebiltzanak zentratu egiten dira, energia biologikoak barnerantz bideratuz, eta beren gorputzera zuzentzen dute arreta.”
 
25 urte haurrei masajeak ematen 
Hazi Hezi prebentzio-zentroan, hasiera batean masajearekin gurasoak haurrengana hurbiltzea ere lortu nahi genuen, eguneroko ohiturak eta komunikazioa bultzatzeko eta elkarrekiko erregulazioa lortzeko lotura handiagoa izan zezaten. 25 urte daramatzagu zeregin horretan, eta, denboraldi horretan, hainbat modutara landu behar izan ditugun egoerak sortu dira, eta masajearen bidez esku hartzeko moduan ere aldaketak txertatu ditugu.
Xavier Serranok heltze-prozesuari eta korazaren osaketari buruz egindako ekarpenak ere kontuan hartzen ditugu. Haurra umetoki barnean bizi denean, jaiotzeko unean edota jaio ondorengo lehenengo egunetan has daiteke eratzen koraza, eta begietan, ahoan, lepoan eta diafragman nabarmentzen da hori.
Beraz, jaio bezain pronto ematen diogu masajea haurrari, komunikazioa eta elkarren arteko lotura sustatzeko; baina, batez ere, haurrak egoera zail edo estresagarria bizi izan duenean ematen diogu (zesarea, forzepsa, espatulak, epidurala, neonatologian ospitaleratzea, banantzea, etab.), bizi izandako estutasun hori kroniko bihur ez dadin.
Horrek detektatu beharrekoak garaiz detektatzeko eta garaiz esku hartzeko aukera ematen digu, eta haurraren lehenengo hiru urtean prebentzioz gurasoen eta haurraren arteko erregulazio eta sintoniaren jarraipen bat egiteko oinarriak emango dizkigu.
Irakasleen beharrak 2013an, hamar urte beteko dira Hik Hasirekin batera haur-masajeko ikastaroa ematen hasi nintzenetik. Ordudanik, urte batean izan ezik gainerako guztietan Haur Hezkuntzako irakasleekin lan egin dut, eta, beren beharrak zeintzuk ziren galdetzean, honako hauek azaldu zituzten, besteak beste:
-Haurrarekin kontaktuan izan beharreko jarrera azpimarratzen zuten. Beren lanean, haurren beharren arabera bideratutako halako aurretiazko joera bat zehaztuta ez zutela ohartzen ziren. Estresak sortutako gorabeheren arabera jokatzen zutela zioten gehienek.
-Heltze-prozesua ezagutzeko beharra sentitzen zuten, haurraren aurrean nola 
egon behar zuten jakiteko. Hezitzaileak izateko prestatu zirela zioten, eta 0-3 urteko 
etapa honi ez zegokiola zeregin hori; ohartzen ziren haurrari heltzen laguntzea zela beraien zeregina, eta horretarako informazioa falta zitzaiela zioten.
-Nahiz eta haurrak elkarrengandik oso desberdinak zirela jabetu, ez zuten haurren sentimenduak ulertzeko tarterik hartzen. Egin zuten ariketa baten bidez, jabetu ziren begiratzen ez zuten umeak zeudela, eta geldirik egoten ez zirenak, eta hori ez zela haien izaeragatik gertatzen ikusi zuten, zerbait gertatzen zitzaielako baizik.
-Eguneroko bizitzan, estres-sentsazioa zuten. Gurasoek haurra ikastolara eramaten zutenean, oso denbora gutxi izaten zuten haiekin egoteko, eta, beraz, haurra etxean nola ikusten zuten jakiteko eta haurrak gurasoekin zuen harremana ezagutzeko informazio gutxi zuten. Horrela, irakasleek ere haurrei arreta handiagoz behatzeko eta, beraz, haurren beharrei hobeto erantzuteko interesa galtzen zuten.
Azken puntu hori oso mingarria iruditzen zait, hiru urtera arte haurrak, amarekin ez bada, segurtasuna eta egonkortasuna emango dizkion erreferentziazko beste norbaitekin egon behar baitu, garunaren heldutasunerako oso garai kritikoa baita.
Aurrez azaldutako guztia kontuan hartuta, haurrentzako masajeak irakasleentzako oinarrizko hiru behar nagusi nabarmentzen ditu, eta horiexek izango dira, hain zuzen, hiru egun hauetan landuko ditugunak:
- Informazioa, hau da, neurozientziak haurren garapenari buruz eta lehenengo hiru urte horietan ongi antolatutako garuna garatzeko nerbioen loturek duten garrantziari buruz esaten diguna.
- Jarrera, hau da, heldu baten eta haur baten arteko zeharkako harremanaren zergatia, eta erreferentziazko pertsonaren garrantzia. 
- Ukitzen jakitea, edo “UKITU” masajea nola eman:
- 0 urtetik 3 urte bitarteko haurrentzako masajea:
·  Elkarren azalak ukitzeko beharra.
·  Azalaren muga sentitzeko beharra.
·  Azalaren azpian gorputz osoa sartzeko beharra.
·   Hori guztia haurraren erritmoa eta beharrak errespetatzen dituen pertsona baten bidez sentitzeko beharra; heldutasun zefalo-kaudalaren nahiz kaudo-zefalikoaren prozesuan dauden organoen edo zatien funtzionamendua eta azala estimulatuko ditu horrek.
- Masajea komunikazioaren modulatzaileak estimulatzeko bitarteko gisa: zentzumen guztiak: ikusmena, entzumena, azala, zentzumen bestibularra, propiozepzioa, etab. Eta mimika, ahotsa, alaitasuna, 
etab.
·  Erditze traumatiko baten ondorengo masajea.
· Masaje reichiano deritzona, zefalo-kaudala.
·  Shantala masajea, kaudo-zefalikoa.
· Oinen erreflexu-puntuetako masajea.
- Masajea eta berezko mugimendua lehenengo egunetik.
- Masajea lehenengo 4 hilabetean.
- Masajea 4. hilabetetik 12-18. hilabetera arte.
- Masajea eta berriro segurtatzeko mugimenduak urtebetetik hiru urtera bitartean.
- Baldintza egokiak giro lasaia sortzeko; haurren beharrei laguntzeko heldua ongi sentituko den leku bat, ukitzeko eta ukitua 
izateko esperientzia bizitzeko; eta bestearen erreakzioen arabera eta elkarrizketa tonikoan oinarrituta, aldatzen joateko aukera emango duen giro bat.