Blanca Olalde: "Kultur aniztasunak irakaskuntzan ekarri duen erronkari aurre egiteko baliabide gutxi ditugu oraindik"

2013-07-01
Estereotipoen eta pentsamendu heuristikoaren arteko lotura, kulturarteko hezkuntzaren alorrean. Hori da Blanca Olalde Lopez de Aretxabaleta lantzen ari den tesiaren  gaia. Kultur aniztasunean irakastea gure eskoletako  “erronka berri bat” dela dio Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolako Irakasleak. Aniztasuna arazo gisa ikusi beharrean, baloratzea eta gauza positibotzat hartu behar dela dio.  Horretarako, estereotipoez jabetu eta horiek gainditzea beharrezko jotzen du. “Esaterako, ez dago oinarririk ikasle 
etorkinak errendimendu baxuarekin lotzeko, korrelazio ilusorio bat besterik ez da. Hemen jaiotakoen zein kanpoan jaiotakoen artean daude ikasle onak eta txarrak”.
Korrelazio ilusorio horiek desmuntatzen laguntzeko, aniztasunari buruzko formazioa eskaintzen die Olaldek irakasleei, baina benetako aldaketa gerta dadin, hezkuntza komunitateko eragile guztiek parte hartuko duten planteamendu orokor bat egin behar dela dio.
 
 
Kultur aniztasunaren testuinguruan ikastea eta irakastea, gai berria dugu irakaskuntzan? 
Nik esango nuke erronka berri bat dela irakasle guztiontzat. Baliabide gutxi dugu, eta baita ohitura gutxi ere, erronka horri aurre egiteko. Irakasleek kezka hori adierazten dute. Orain arte ohituak egon gara mundu homogeneo batean irakasten: denok eduki berdinak, modu berean, metolodologia eta ebaluaketa berdinarekin... Nahiz eta lehen ere aniztasuna bazegoen, ez genion kasu handirik egiten gaiari. Orain nabariagoak direnez kultur aniztasunaren zantzuak, azaleratu da.
Aniztasun horrek planteatzen duen erronkari erantzuteko, zein aldaketa egin beharko litzateke?
Aldaketa orokorrak behar dira, ez arlo zehatzetako aldaketak: edukiak, metodologia... Planteamendu orokor bat diseinatu behar da aniztasunari aurre egiteko. Eta hor, hezkuntza komunitateko partaide guztiek hartu behar dute parte: irakasleek, ikasleek, familiek... Aldaketa horiek islatu behar dira eragile guztietan eta arlo guztietan: eskola proiektuetan... Aldaketa itzela eskatzen du, modu holistiko batean egindako aldaketa. 
Zein dira horretarako tresnak?
Hezkuntza komunitatea osatzen duten eragile guztien artean integrazioan dago koska. Kultur aniztasunari buruz plan orokor hori islatu behar da eskola proiektuetan, eskola metodologian, familien formakuntzan eta parte-hartzean, ikasleen ebaluazioan, eta abar. Esparru asko direnez, lan handia da. 
Aniztasunak eskatzen du kulturarteko konpetentziak garatzea, bai irakasleen artean bai ikasleen artean. Modelo ezberdinak planteatzen dira, baina eredu horien laburpen bat egitearren, azpimarratuko nuke garrantzitsuena dela jabetzea gauzak aztertu ahal direla ikuspegi ezberdinetatik, enpatia garatzea, ikuspuntuen zabalera irekitzea, eta etnozentrismotik ateratzea. Azken finean,  aniztasuna baloratzea da oinarria, gauza positibotzat hartzea, eta arazo bezala hartzen duten pentsamenduak baztertzea.
Immigrazioak planteatzen dituen erronketako bat kognitiboa dela idatzi duzu artikulu batean. Erabakiak hartu edo iritziak osatzerakoan konplexutasuna sinplifikatzera jotzen dugu, ez diogu arau-sistema bati jarraitzen. Horrela sortzen dira estereotipoak.
Eguneroko bizitzan informazio asko prozesatu beharra dugu, eta estereotipoek eta heuristikoek laguntzen dute antolatzen informazioa modu azkar batean. Kategoriak eta eskemak osatzen ditugu, aurretik barneratuta ditugun ideiak eta usteak erabiltzen ditugu... Batzutan funtzionatzen du pentsatzeko modu horrek, baina beti ez da modurik zuzenena. Horren kontzientzia hartu behar dugu, modu sinplista horrek ondorio batzuk izan ditzakeelako.
Estereotipoak unibertsalak dira, kultura eta gizarte guztietan existitzen dira, baina garrantzitsua da, gutxienez, horren kontzientzia izatea. Jakitea nola funtzionatzen duten estereotipoek, noiz erabiltzen ditugun, ondorio negatibo horiek ekiditen saiatzeko. Denok jasotzen ditugu beste pertsona edo taldeen estereotipoak, eta guk ere erabiltzen ditugu besteak epaitzeko. 
Eskolak zein tresna ditu estereotipoen gaia gelan lantzeko, estereotipo kulturalaz jabetzeko eta ideia sinplistak gainditzeko?  
Erne ibili behar dugu, askotan azaltzen baitira estereotipoak komunikabideetako albisteetan, politikarien hitzaldietan, edonoren diskurtsoetan... Estereotipoez jabetzeko eta haiek gainditzeko, egokia da ikasgelan adibideak azaltzea (pertsonalak zein besteonak), enpatia garatzea eta estereotipoen menpean gaudenean nola sentitzen garen azaltzea, zeren denok sufritu dugu inoiz estereotipoen zama, edo ezagutu ditugu antzeko egoerak gure ondoan. 
Estereotipoak non dauden ondo aztertzea ere komeni da, zeren konturatu gabe sartu daitezke gure barrura. Esaterako, telesailak eta filmak oso tresna eraginkorrak dira estereotipoak sortzeko, eta hausnarketarako jokoa ematen dute, esaterako, zergatik telesailetako pertsonaia batzuk izaten diren beti nazio edo etnia batekoak...
Material anitzak erabili behar dira aniztasuna baloratzen ikasteko, kulturarteko gaitasunak garatzeko, eta  pentsamendu kritikoa eta erreflexiboa lantzeko ikasleekin. Planteamendu sozio-afektibo bat erabili behar da.
Estereotipoak eta aurreiritziak identifikatzea zaila gerta daiteke hainbat kasutan, horrenbeste  naturaldu ditugunez, ezta?  
Bai, hala gertatzen da. Korrelazio ilusorioak egiten ditugu modu naturalean, eta ez gara konturatzen oinarririk ez dutela egiten ditugun hainbat loturak. Esaterako, ikasle etorkinak errendimendu baxuarekin eta ikasle txarrak izatearekin lotzen ditugu sarri. Baina ez dugu aztertzen korrelazio hori egiteko arrazoi objektiborik badagoen, ea badagoen daturik. Hemen jaiotakoen zein kanpoan jaiotakoen artean daude ikasle onak eta txarrak. Beraz, ez dago loturarik, guk sortzen dugu lotura hori. Horren atzean zer dagoen aztertu behar da ikuspuntu ezberdinetatik, zeren agian egiten ari garena da eskolak dituen arazoak ikasle horien gainean bota, eskolaren arazo estrukturalen errudun bilakatu. 
Maiz egiten den beste korrelazio ilusorio bat da familia etorkinak eta hezkuntzarekiko interes falta lotzea. Horretan ez dugula sinisten esaten dugu, baina gero praktikan ikusten da ideia hori hor dagoela. Konturatu behar gara familia guztien artean denetarik dagoela, batzuk asko hurbiltzen dira eskolara eta beste batzuk ez. 
Tamalez, oraindik ez dugu nahikoa baliabiderik aniztasunaren erronka hori aurrera eramateko modu zuzen batean, ohitura faltagatik edo hastapenetan gaudelako.   
Irakasleek jasotzen dute kultur aniztasunean ikasteko eta irakasteko formazioa?
Bai, gero eta gehiago. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2004an martxan jarritako Harrera-Planarekin hasi zen jorratzen gaia eskoletan. Ikasle berriak ikastetxera egokitzen laguntzeko eredu orokor bat eskaintzen die planak ikastetxeei, eta bakoitzak ere egoera propiora moldatzen du. 
Etorkin kopuru handia duten ikastetxeek badute pertsona bat gai hori eskolan bideratzeaz arduratzen dena, proposamenak planteatzen dituena... Irakasle eta arduradun horiek formatzeko lan handia egin da. Halaber, Garatun eskaintzen dira aniztasuna bideratzeko ikastaroak, eta Magisteritzako ikasleekin ere lantzen da gaia.
Hain zuzen, badira sei urte kultur aniztasunari buruzko formazioa eskaintzen duzula Garatu egitasmoaren barruan. Lehen esan duzu euren kezka agertzen dutela irakasleek.  
Irakasleen formakuntza ikastaroetan korrelazio ilusorio horiek identifikatu eta desmuntatzen ditugu, beste interpretazio batzuk egon daitezkeela aztertzen dugu, eta familiak eskolara erakartzeko moduak aztertzen ditugu: familien arteko sareak osatu, informazioak trukatu, familien arteko prestakuntza landu interesatzen zaizkien gaiekin, familiak eta seme-alaben hezkuntza lotzeko formulak...
Irakasleak interesatuta daude hori lantzeko. Ikertu dut noraino barneratzen ditugun guk, irakasleok, sinesmen horiek. Esaten dugu ezetz, baina gero ikusten da barruraino sartu zaizkigula ideia horiek; horregatik erne ibili behar dugu ez erortzeko tranpa horretan. Ondorio negatibo asko dituelako, eta batzuk nahiko latzak izan daitezke: familia batzuek ez dute seme-alabak eskola publikora bidali nahi horrelako aurreiritziak dituztelako, etorkinekin ikasiz gero emaitza akademikoak txarragoak izango direlakoan... 
Irakasle eta ikasleengan zein eragin izan dezakete estereotipoek?
Irakasleok espektatiba baxuagoak izan ahal ditugu uste baldin badugu ikasleak txarrak direla, ez dutela interesik... Ikasleok auto-estimu baxuagoa izan dezakete, edo estereotipo horren arabera joka dezakete, ikasle txarraren estereotipoa bereganatu dutelako...
Estereotipo edo korrelazio ilusiorioak desmuntatzen ikasteaz gain, kultur aniztasunaren alderdi positiboetan arreta jartzea eta indartzea beste giltzetariko bat izan liteke, ezta?
Bai, irakasleek askotan nabarmentzen duten gaia da. Gelan gai batzuk aritzeko orduan oso aberatsak dira jatorri ezberdinetako ikasleen testigantzak, esperientziak... Ezberdinak direlako gai bat aztertzean, eta askoz aberasagarriagoa da. Edozein gaitan, animaliak, garraioak, landareak... Zoritxarrez, alderdi negatiboak bakarrik ikusteko joera dago, liskarrak... eta horrek estaltzen du beste guztia. Ez ditugu konfliktoak bideratzeko tresnak.
Gazteen artean immigrazioarekiko jarrera irekiagoa sumatzen duzu?
Gaur egun euskal gazteek lehen baino harreman handiagoa dute beste kulturetako gazteekin. Kirolaren edota zaletasunen bidez, kulturarteko talde gehiago ikusten dira gazteen artean lehen baino. Egin nuen ikerketa txiki batean ondorio hori agertu zen, ez dago horren aurkako iritzirik, aurreiritzirik.
Esan nahi du horrek gaur egungo gazteengan estereotipoek eragin apalagoa dutela?
Izan liteke, bai, edo beharbada gaur egun ez dago ondo ikusia modu ireki batean adieraztea aurreiritzi horiek. Agian baditugu, hor daude, baina ez gara ausartzen argi eta garbi azaltzen. Edo modu sotilago batean azaltzen dira, ez hain esplizituki. Arrazakeria modernoa deitu izan zaio, modu sotil baten bidez adierazten dena. 
Estereotipoak noiz hasten dira sortzen?
Txiki-txikitatik joaten dira agertzen, batzuk familiarengandik jasotzen ditugu, beste batzuk gizartean daude, komunikabideetatik, pelikuletatik, telesailetatik ere jasotzen ditu, eta haiek barneratzen edo ikasten ditugu. Baina beti ikasten ditugu konturatu gabe, modu automatiko batean, eta behin osatuta zaila izaten da desmuntatzea. Adina aurrera joan ahala gero eta zailagoa da, gainera. Horregatik uste dut interesgarria dela gai hori txiki-txikitatik lantzea. 
Euskal gizarteak nolako jarrera du kultur aniztasunarekiko? Arduratzen al gaitu?
Bai eta ez. Orain azaldu dira gizartearen garrantzi handiagokoak diren gaiak, krisi ekonomikoarekin lotutakoak: langa-bezia, esaterako. Bestetik, badirudi immigrazio datuek ez dutela gora egin azken urteetan, eta erlaxatu egin gara. Lehen kezka handiagoa zegoen, duela urte batzuk. Baina gaur egun egoera alderantzizkoa da, hemengo gazte askok emigratu behar izatea da orain kezka. Duela bospasei urte egindako ikerketa txiki batean gazteei galdetu nien ea ikusten zuten euren burua emigratzen beste lurralde batera, eta gehienek esaten zuten ezetz. Gaur berriz egingo banu galdera bera, emaitzak oso ezberdinak izango lirateke. Immigrazioarekiko ardura hor dago, baina gaur eguneko egoera sozioekonomikoaren ondorioz, adierazpenak edo moduak ezberdinak dira.