Jasone IRIGOIEN: Espresio tailerra: sortuz sentitu, sentituz sortu

2013-07-01

“Sormenak, erlaxazioetan lantzen diren sinboloekin uztartzean, inkontzientean ditugun emozioak azaleratzea ahalbidetzen du”.

 Ikastaro praktikoa eta teorikoa eskainiko du Jasone Irigoienek. Erlaxazioaren bidez eta sormena intuitiboki landuz hainbat emozio azaleratzeko teknikak erakutsiko ditu. “Piskanaka askatzen goaz, eta konturatu gabe egiten da lan”. 

 
 
Pintura, zeramika, eskultura, dantza, erlaxazioa..., nola uztartuko dituzue elementu horiek guztiak emozioak azaleratzeko?
Gehienetan, aurkezpen gisa marrazten hasi ohi gara, geureak deritzegun espazio horietan nola kokatzen garen ikusteko. Erlaxazioaren bidez hainbat sinbolo eta eredu lantzen dira eta, ondoren, sentitu dutena ahoz edo marraztuz adierazteko eskatzen zaie. Sortzean traba edo hormaren bat sumatzean, emozio horiei izena ipini, eta sortze-prozesu horretan kokatzen laguntzen diet. Sinboloen bidez jarduten dugu, intuitiboki lan egiteak arrazoitzean baztertuko genituzkeen emozioak azaleratzea eta lantzea ahalbidetzen duelako.
Pintura, eskultura, dantza edo antzerkia erabili ohi ditut azaleratu diren emozio horiek bideratu edo sakontzeko. Lantzen den sinbolo edo emozioaren arabera aukeratzen dut adierazteko lanabes egokiena zein den. Hasieran, errazago egin ohi zaigu eskuen bidez adieraztea. Taldera egokituz goazen heinean, hainbat ariketa eta jolas ahotsaren edo gorputz-adierazpenaren bidez egin ditzakegu. Pintura edo eskulturarekin hasitako ariketa edo jolasak dantza edo antzerkira bideratzen ditut, horren beharra sumatzen bada
Joseph Beuys artista aipatzen duzu; haren hitzetan, sortzea sendabide bat da. Nola sendatzen du sortzeak?
Sormenak, erlaxazioetan lantzen diren sinboloekin uztartzean, inkontzientean ditugun emozio horiek azaleratzea ahalbidetzen du. Azaleratu ondoren sentitzen den 
emozio edo bizipena epaitu gabe onartuko dugu. Hor, oso garrantzitsua da prozesua gidatzen ari denaren jarrera, begiradak, hitzak, gorputz-adierazpena, guztia zaindu behar da. Onartu ondoren, emozio hori bideratzen saiatzen gara. Sinboloekin jarraitzeko, sormenaren laguntzaz ateak ireki, hormak bota, ilun diren espazioak argitu... Hitzez adierazi ezin diren bizipenak argitara irteten dira behartu gabe. Sortze-prozesu horren emaitzari sortzaileak berak harriduraz begiratzen dio. Egin duen horren kontzientzia barneratzen du bat-batean. Azaleratu ez ezik, emozio edo bizipen horri bere mementoko beharren arabera irtenbide bat ere ematen dio. 
Sormenak aske egiten gaitu, pixkanaka askatzen goaz, koloreak eta formak nahierara erabiliz, margotzean ere, eskuarekin ez ezik, gorputz osoarekin laguntzen dugu esku horren mugimendua, konturatu gabe egiten da lan. Harrigarria da benetan.
Sortzaile izan behar da ikastaroan parte hartzeko? Ala denok gara sortzaile?
Sormena gizakiaren dohain handienetakoa da. Guztiongan dago sormena; beraz, denok gara sortzaile modu batera edo bestera. Marrazkiren bat egiteko eskatzen dudanean, teknika ez menperatzearen beldurra edo lotsa agertzen du heldu askok. Denok gara marrazteko gai, denok gara eskultura bat egin, dantzatu edo antzezteko gai. Sortze-prozesu horretan, teknika oro helduleku soil da. Teknikak komunikatzen eta adierazten lagunduko digu, baina ez da jomuga. 
 
Nola lagun dezake sormenak ikasleen emozio eta jokaeren kontzientzia esnatzen?
Haurrekin sormenarekin eta irudimenarekin lan egitean, naturaltasunez, jolastuz, lan egin dezakegu. Lehen esan bezala, sormenaren harira aske sentitzen gara; zeharka lan egitean, zuzenki aurre egingo ez geniekeen emozio eta bizipenak lantzea posible da. Sormen-prozesuak, emozioak edo bizipenak azaleratu ez ezik, horiek eraldatzen ere laguntzen die. Prozesu horretan egiten dutena ez epaitzeak aske sentiarazten ditu. Sentitu dutena, emozio horiei irtenbide bat ematea, emaitzak begiratu eta barneratzea... bat-batekotasun horrek ematen dio indarra. Prozesu hori gidatzen duenak adi begiratuko die zehaztasunei, ariketa edo jolasetan parte hartu dutenen jarrerari, talde-dinamikari... Garrantzitsua da gurasoekin harreman zuzena izatea, ariketen emaitzak balioetsi ostean sumatu dena, enpatiaz ulertu den hori, gurasoei helarazteko.
Haurrei begira, haurren emozioak, beharrak eta kezkak sormenaren bidez askatzen irakatsiko duzu? Nola lagun dezake sormenak, hitzez azaltzen ez duten hori adierazteko?
Ikastaroaren lehen zatian, praktikan oinarrituko gara. Hainbat sinbolo eta eredu oinarritzat hartu, eta, zenbait ariketaren bidez, nork bere baitan sumatzen dutena landuko dugu. Barnetik kanporako ibilbidea egingo dugu, nolabait esateko, bestela nola ulertu, nola enpatizatu norberak sentitu ez duenarekin? Norberak aztertu ahal izango du zer emozio sortzen zaizkion, nola sentitzen den, sormenaz nola askatu, nola eraiki, nola bideratu, zein aldaketa edo bilakaera sumatu. Ikastaroaren zati teorikoan, emozioak lantzeko ariketa eta jolasen hainbat eredu eta metodologia diseinatuko dira. Zentzumenen garrantziaz arituko gara, haurren marrazkiak ulertzeko moduaz, sinboloen esanahiaz... Gai ugari izango da.