Ixabel MILLET: ‘Kamishibai’ tailerra

2013-07-01

“Ikasleari sortzeko aukera paregabea eskaintzen dio ‘kamishibai’ teknikak”

 

Ipuinak kontatzeko eta antzezteko Japoniako ‘kamishibai’ teknikaren ezagutza zabala du Ixabel Milletek. Teknika horren bidez sormena lantzeko (ipuinak kontatu, marrazkiak egin....) aukerak azalduko ditu ikastaroan. 

 
 
Zer da ‘kamishibai’ teknika? Zein dira teknika japoniar honen ezaugarriak?
Kamishibai-a Japoniatik ekarritako teknika bat da: ipuinak antzeztoki txiki batean sartzen dira eta orriak pasatuz ipuina kontatzen da.
Nik urteak daramatzat ipuinak teknika horrekin kontatzen; gehien bat ipuin japoniarrak, jakina!
Ikasleari sortzaile izateko aukerarik ematen al dio ‘kamishibai’ teknikak? Ala soilik entzule rolean jartzen du haurra?
Teknika horrekin edozein ipuin konta daiteke. Erraza da antzeztokia fabrikatzea, marrazkiak egitea... ikasleek beraiek edozein ipuin presta dezakete haien gelako edo ondoko gelako ikasleei (txikiei, adibidez, 
edo handiei... ausartzen badira!) kontaketa bat horrela egiteko! 
Teknika honek, ipuinak ahoz kontatzeaz gain, marrazkiak egiteko edo eskulanak erabiltzeko aukera ematen du.
‘Butai’ antzeztoki bat egiten ere irakatsiko duzu, ezta? Zein garrantzi du antzeztokiak ipuinaren kontaketan?
Ez dago arazorik antzeztokirik gabe kontatzeko, laminekin soilik, baina ez da gauza bera. Butai antzeztokiak zerbait berezia gehitzen dio ipuin kontaketari eta bere estruktura eta mugekin ere kontatzen da.. 
Ipuinek bereziak izan behar dute ‘kamishibai’-n erabiltzeko, ala edozein ipuin erabil liteke teknika honen bidez?
Teorian edozein ipuin erabil daiteke. Hala ere, teknikak berak dakarren berezitasunak erabiliz (lamina pasatzean, adibidez), hagitz hobeki gelditzen da kontaketa.
Eskola bakoitzak bere ‘kamishibai’-a sortu eta erabiltzea da ikastaro honen helburua?
Ikastaro honetan kamishibai teknikak eskaintzen dituen bide berriak ikusiko ditugu. Eta materiala sortzeaz gain, sorturiko kamishibai-ak trukatzeko martxan dagoen proiektuaren berri emango da, eta parte hartzeko gonbida luzatuko dugu. 
Beste ikasleek sortutakoa ezagutzea eta erabiltzea da helburua. Proiektu honek sortutako kamishibai-ak eta sortzeko erabilitako teknikak eta trukuak konpartitzeko aukera ematen nahi die eskolei.
Horixe izango da ikastaro honetan eskainiko dena: kamishibai-ak egin eta erabiltzen ikastea; irakasleak zeharkako bitarteko bikaina aurkituz, ikasleei sortzeko aukera paregabea proposatuz.