Hezkuntzaren zentzua, euskaldun izaten jarraitzeko, geuretik egin eta geuk bermatzea: “gu, geuk, geuretik”

2013-07-01
Euskaldunok geure burujabetzaren aldarria oihukatzen ari garen garaian, hezkuntzan zenbaitek erabiltzen duten ikuskera harrigarria egiten zait. Herrietako hormetan politikan eta ekonomian burujabetza aldarrikatuz kartel handiak ipintzen ditugun une berean, hezkuntzan, hori alde batera utzi eta politikatik aparteko  ikuspegiak azpimarratzen dira. Jabea nor den alboratuta, kalitatean oinarritu eta aukera guztiak bateratzen. Desberdina litzateke, helburu berberaren inguruan jendea bateratzea, norbere erabakiz eskutik eramaten konprometituz. 
Bakarrik ikuskera pedagogikoa eta kalitatezkoa azpimarratzen da hitzetik hortzera.  Berdin al da euskaldunontzat, gure identitatearen transmisioa eta garapena  geuk zaintzea eta espainiarrak edo frantziarrak erabakitzea? Haiei aldarrikatuz lortzeko asmotan al gabiltza? 
Geuk egin, geuretik, subjektu politiko “bagina bezala” jokatzea, menpekotasuna astintzeko estrategia eraginkorra izaten ari da hainbat kolektiborentzat. Hori egin du 
ikastolarekin euskal gizarte zibilak ehun urte hauetan. Beste zerbait da aurkaria dugun jabearen zerbitzua aldatzera dedikatzea. Biak al dira estrategikoak  Euskal Herria 
eraikitzeko? Kalitate kontua al da gure hezkuntza arazoa?  Kalitatezko alderdi politiko edo sindikatuak lortuz geure propiorik ez al dugu behar?  Wertek kalitatezko eskaintza egiten badu —gainera, euskara erabiltzen uzten duena— hori al da gurea?.
Politikatik aparteko hezkuntzarik ez dago. Geure hezkuntzari heltzea, kalitate kontua baino zerbait gehiago da. Izaten jarraitzeko behar duguna da. Beraz, eskubide izateaz gain erantzukizunezko determinazioa da. Edozer bide ez da estrategikoa eta estatuek inposatutako ezaugarrietatik burujabetzera aldaketa emateak, guztioi eta bakoitzari aldaketa sakonak eskatzen dizkigu.
Burujabetzaz serio ari bagara, bizitza osoari dagokiola ulertzen dugu edo ez dago burujabetzarik. Hezkuntzan bereziki estrategikoa, gu nor garen eta herri eskarmentuaren transmisioa eta garapena geuretik egiteko, geuk erabakiak hartuta bermatzeko.
Horretarako, euskal gizarte zibilak  ipini zuen martxan geure hezkuntza propioa den  ikastola proiektua eta, ehun urtera, euskal gizarte zibila euskal curriculumaren erronkari geure eskutik aurre egiten ari gara. Eta horrek poz handia ematen du.
Argi izan behar dugu  hezkuntzan, gure ekintza guztien zentzua  euskalduntasuna
 iraunkortzeko dela. Geu izaten jarraitzeko.  Eta hori geuk egin beharrekoa da. Bizikletan bezala: manual gutxi eta praktika asko. Horrek egunerokotasunean, inposatzen zaigunaren gainetik, geurea egiten konprometitzea eskatzen du. 
Horretan ari gara, burujabetzara eramaten duten printzipioetan  oinarritzen  eta gure jardunaren estiloari ezaugarri berriak ezartzen bost konpetentzietan ardaztuz guztia. Norberarengandik aldaketa egiten trebatzea ez da erronka makala. Hori da euskal curriculumak eskatzen diguna. Gure herriari, eta geure ikasleei aldaketa zor diegu, 
izaten jarraitzeko euskalduntasuna etengabe bizi-berrituz, “gu, geuk, geuretik”.