Gipuzkoako URTXINTXA Eskola: Eskolako bizipenak, hizkuntza-ideologia eta jarreren eraldatzaile

2013-07-01

“Ikasleak gaiarekin emozionatzea lortzen badugu, euskararekin emozionatzea lortuko dugu, eta horrek balio handia izango luke”

 

Irakasleen lanetako bat ikasleak ebaluatzea da, eta ebaluatu beharreko ikasgaietako bat hizkuntzarena ­izaten da. Eginbehar horretan, sarritan, ikasleak “ondo nola ebaluatu” ­erabaki behar izaten dute, eta horren arabera sortu behar dituzte azterketak eta ebaluatzeko beste hainbat tresna. Ebaluazioa zuzena eta lagungarria izan dadin kontuan izan beharreko hainbat irizpide azalduko dituzte ikastaroan. 

 
 
Zer premiari erantzuteko sortu da ikastaro hau egiteko proiektua?
Azken garaiotan gizartean puri-purian dauden bi gai uztartzeko ideiarekin sortu da ikastaro hau: psikologiaren arloan uste eta jarreren eraldaketan bizipenek eta emozioek duten eraginkortasuna, alde batetik; eta soziolinguistikaren arloan, hizkuntzari berari eta hizkuntza-komunitateari garrantzia emateaz gain, hiztuna norbanako gisa hartu eta maila indibidualean erreparatzea bestetik.
 
Eskolako bizipenek sortutako emozioek zer nolako eragina dute haurren/gaztetxoen hizkuntza-jarreretan?
 Hizkuntzarekiko motibazioen eta jarreren eraketan garrantzi handia hartzen du testuinguruak; izan ere, taldearekiko elkarreraginak eta hizkuntzekin izandako bizipenek jarrerak bideratuko dituzte. Zentzu horretan, gizakiaren garapen-aldiek, bizipen esparruek eta funtzioek eragin handia izango dute: gurasoek eta inguru hurbilak lehenago, eskolak gero, aisialdiak, komunikabideek....
Zer da hizkuntza-ideologia eta zer garrantzia du?
Hizkuntza-ideologia pertsona edo giza talde batek hizkuntzei buruz dituen ideien multzoa da. Ideologia hori erabilera, diskurtso edo portaera linguistiko jakin batzuen bidez adierazten da. Jarrera batzuk ala beste izatea ekarriko du eta horrek, zalantzarik gabe, eragin zuzena izango du hiztunen jardueran, hizkuntza bat ala bestea hautatzean, hizkuntza baten aldaera bat ala bestea erabiltzean. 
Hizkuntza (euskara) jakinagatik ere, erabileraren datuak nahiko eskasak direla erakutsi du Arrue proiektuak. Erabilera sustatzeko, zer eduki beharko genuke kontuan?
Ahal  izatea gauza bat da baina oso kontu ezberdina da nahi izatea. Horixe da guk bilatzen duguna, ahal izatetik nahi izatera pasatzea. Nahi izate horrek hartzen ditu bere baitan ideologia edo usteak eta hauen araberakoak izango dira portaera edo jarrerak?
Ikasleek protagonismo eta ahots gehiago izango balukete eskolan (gehiago hitz egiteko aukera izango balute, adibidez) hobetuko lirateke erabileraren datuak?
Zaila da hori aurrikustea. Ahozkotasuna lantzea garrantzitsua da, jakina, gaitasun hori baduzu, esan nahi duzuna esateko ez duzu inolako zailtasunik izango. Ikusi beharko litzateke ikasleei zeri buruz hitz egitea eskatzen zaien. Ikasleak gaiarekin emozionatzea lortzen badugu, euskararekin emozionatzea lortuko genuke eta horrek balio handia  izango luke beraientzat. Kontuan hartzen ditugula sentiaraziz eta gertuko kontuez hitz eginez gustura sentitzea lor genezake eta euskara sentsazio positiboekin lotuko lukete.
Hizkuntza-komunitateak ze garrantzia du norbanakoak hizkuntza bat edo bestea aukeratu eta erabiltzeko garaian?
Garrantzi handia. Hizkuntza-hautaketa ez da hain librea. Lehen hizkuntza gurasoek aukeratzen dute eta gero testuinguru soziolinguistikoak gidatzen gaitu, egoeren arabera, auzo-hizkuntza batera, edo eskualdeetako komunikazio-hizkuntza batera, edo botere-hizkuntza batera.