Hezkuntzaren kalitatea hobetuko bada, irakasleen formazioan inbertitzea ezinbesteako da

2013-07-01
Argi dago etengabeko formazioa ezinbestekoa dela irakasleen lanbidean. Irakasleak erronka zaharrei eta berriei erantzuteko gai izan behar du, eskola-komunitatearen eta gizarte hurbilaren laguntzarekin. Horregatik guztiagatik, beharrezkoa da irakasleen formazioan inbertitzea
 
 
Ikasteko gogoz, formatzeko premiaz. Hausnartu, partekatu, galdetu, zalantzan jarri, entzun, ikasi, ikusi, pentsatu, esan, ukitu, sentitu eta bizitzeko prest, desiraz eta beharrez daude Euskal Herriko irakasle asko eta asko. Aurten ere gogotsu etorriko dira euren oporretako lehen egunetan hik hasi-ren Udako Topaketa pedagogikoetara, uztailaren, 3, 4 eta 5ean. 
Haur txikienei, LHkoei, nahiz DBHkoei euren garapenean eta ikasketa-prozesuan laguntzeko gero eta exijentzia gehiago dituzte hezitzaile eta irakasleek. Blanca Olalde EHUko irakasleak barruko elkarrizketan dioen bezala, gero eta anitzagoa delako Euskal Herriko ikasleria. Baina baita irakasle eta hezitzaileak ere gero eta formatuago daudelako, eta ez direlako gauzak “egitearekin” soilik konformatzen, “ondo” egin nahi dituzte gauzak. Bai 0-3an, zaintza lanetatik hasten baita heziketa (Elena Herranek ekarpenetan dioen bezala), eta baita nerabezaroan ere, eskolan ditugun gazte horiek “nor naiz ni mundu honetan?” galderari erantzun nahian dabiltzanean (Miren Camisonekin landuriko gai nagusian planteatzen den gisan).
Ez da erraza izan aurtengo jardunaldi pedagogikoak antolatzea. Ez soilik gora-behera ekonomikoengatik (dakizuen bezala, matrikularen prezioa jaitsi dugu, bizitzen ari garen egoera ekonomikoa kontuan izanik, hezitzaileen parte-hartzea errazteko), baita giza baliabideen aldetik ere. Topaketen atzean dagoen izen-emate eta administrazio lan mardula egiten zuen lankidea falta izan zaigu aurtengoan, otsailean hil baitzen Arantza Goiburu. Aurten ez dugu Arantza mahaiaren beste aldean izango galderei erantzuteko, argibideak emateko, azken uneko arazoak konpontzeko. Bihoaz topaketa hauek haren oroimenean.
Baina bizitzak aurrera darrai, eta hik hasi-k ere bai. Topaketen ostean, 0-3ko formazio berri batekin abiatuko du egitasmo pedagogiko honek ikasturte berria. Pikler 
eta Malaguzziren jakintzetan oinarriturik, Euskal Herriko eta atzerriko adituek bi urteko prestakuntza sakona eskainiko diete hezitzaileei. Egarriz baitaude etapa honetako profesionalak. Euren lanean hobetzeko beharrez, egunero haur txikiekin lanean sortzen zaizkien galderei erantzuteko nahiarekin, familia eta eskolaren arteko zubi-lanak errazteko premiaz eta galdera berriak egiteko desiraz. Interesaren erakusle, berrogei plazako prestakuntzarako ia boskoiztu egin da matrikulatuen kopurua.
Argi dago etengabeko formazioa ezinbestekoa dela irakaslearen lanbidean. Hezkuntzaren kalitatea hobetuko bada, irakasleak erronka zaharrei eta berriei erantzuteko gai izan behar du, bere burua jantziz eta prestatuz, eskola-komunitatearen eta gizarte hurbilaren laguntzarekin. Horregatik, beharrezkoa da irakasleen formazioan inbertitzea, gizarteak aurrera egin dezan hezkuntza baita inbertsiorik emankorrena, hala giza balioetan nola ekonomikoetan ere.