Urko AROZENA: Ametsak eta entrenamendu mentala zoriontsu izateko

2013-07-01

“Gauez ametsen bidez jasotako mezua egunez lantzen badugu, gure zorionerako bidean pauso asko emango ditugu”.

 Ametsen munduan ere murgilduko da Urko Arozena aurtengo ikastaroan. “Ametsek guretzako dakartzaten mezua eta ikasketa interpretatuko ditugu, arazoei soluzioak bilatzeko informazioa eskatuko dugu”. 

 
 
Urte batzuk badaramatzazu ikastaroak ematen Udako Topaketetan. Zer beharrekin etortzen dira irakasleak zure ikastarora, eta nola irteten dira?
Orokorrean, norberaren ezinegonak lasaitzeko, informazio bila etorri ohi dira parte hartzen dutenak. Zoriontsuak izan nahi eta ezin, familiakoren bat hil berria delako, edo nahiz aspaldi hil, buelta eman ezin diotelako, ikasleekin entrenamendu mentala praktikan jartzeko asmoz, etabar. Ariketak behartuta egiten dituenak ere aldaketa sumatuko du azaldutako aukeren bidez: irtenbidea ikusiko du, bere buruari eta ikasleei laguntzeko aukera praktikoa, joandakoak bihotzez eta bakean agurtzeko bidea, bizitzako helburuak argitu eta haien bila gogotsu ibiltzeko bidea.
Produzitzeaz arduratzen gara gero eta gehiago, eta geure burua zaintzea eta elikatzea ahaztu egiten zaigu batzuetan. Zein dira gure benetako osotasunaren prestakuntzan dauzkagun hutsune nabarmenenak?
Pertsona guztiak desberdinak garela kontuan izanik eta, hala ere, zure galderari
 erantzuten saiatuz, orokorrean eta niri dagokidan arlotik atera gabe, hutsune nabarmenena zoriona kanpoan bilatzea da. 
Kanpoan esperientziak gertatzen dira, batzuk atseginak, beste batzuk ez hainbeste. Esperientzia horien aurrean, guk era batera edo bestera erantzuten dugu, pertzepzio desberdinak eduki ohi ditugu, gure egoera emozionalaren eta gure usteen arabera. Gure emozioak gure esku daudela konturatzea da kontua, gertatutako horren aurrean gure esku dagoela zer sentitu, eta, batez ere, gertatutakoa aspaldiko kontua bada eta atsegina ez bada, gure ardura dela sentimenduei eustea edo joaten uztea. Askotan, kontziente ez izan arren, guk erabakitzen dugu sufrimendua gerturatzea, min gehiago bizitzeko, gure biktima-paperean jarraitzeko.
Eta nola eragiten digute hutsune horiek gure eguneroko bizimoduan eta lanean?
Sufrimendua ardatz duen bizimodua gogorra da, erosoa, baina gogorra! Sufritzen bizi denak sufrimendu-jarrera eta sufrimendu-aurpegia azalduko ditu. Haren ondoan egotea ez da batere atsegina, beti kexaka, besteak epaitzen...
Pertsona guztiok ez ditugu ikasketa berdinak (bizitza honetan emozionalki ikasi behar dugunari deritzot ikasketa: maitatua eta errespetatua sentitzea, duintasuna defendatzea, kontuan hartzen gaituztela sentitzea eta merezi dugula onartzea...). Bizitza lasaia dela ikasi behar duenak ziztu bizian joateko joera izango du, bizitza dastatu gabe, bizitza bizi gabe, bizitza lasaia ez dela sentituta eta sentipen horrekin sufrituta. Buelta emateko, meditatu eta egin behar duen ikasketa zein den ohartzea aukera paregabea da. Konturatzen denean hasiko da egoera beste era batera ikusten, sentitzen eta bizitzen. Bizitza lasaia dela ohartu, eta bizitza benetan eta ehuneko ehunean bizitzen hasiko da, bere gaitasunen arabera. 
Irakaslea jendaurrean (haurren, beste irakasleen edo gurasoen aurrean) egoten da ia uneoro. Langintza horretan, oso beharrezkoa da norberaren burua ezagutzea eta gustura moldatzeko tresnak edukitzea, ezta?
Irakaslea pertsona da lehenengo. Pertsona den horretan zoriontsua izan nahi badu, bere burua ezagutu, onartu eta maitatu beharko du, bere abantaila eta hutsune guztiekin. Helburu horiek lortzeko planteatzen duguna, meditazioa, alegia, bide egokia da. 
Norbera ongi sentitzen denean, askoz errazagoa da besteen egoeraz jabetzea, 
onartzea, barkatzea, partekatzea, etabar.
Besteen aurrean azaltzen denerako bere barrua lasai badu, eta lasai jarraituko duela sinesten badu, oso zaila izango da irakasle hori bere onetik ateratzea. Guraso urduri batekin bildu behar badu edo klaustroan gai korapilatsua landu behar badu, tenple onean egoten jakitea tresna paregabea bihur daiteke!
Zer-nolako tresnak erakutsiko dituzu?
Nire ikasketan ezagututako meditazio-sistema eraginkorrenen tresnak azalduko ditut: indarberritze-ariketak, PNL, sofrologia, erabateko barkamena, yoga eta bisualizazio-ariketak, eta abar. Aurten, ametsen munduan ere murgilduko gara, eta horiek guretzako dakartzaten mezua eta ikasketa interpretatuko ditugu, arazoei soluzioak bilatzeko informazioa eskatuko dugu.
Ametsak ulertu eta lantzeko tresnak eskainiko dituzu. Ez al dauzkagu ametsak ahaztuak gure gizartean? Zer garrantzi dute? Nola uler ditzakegu?
Gauero egiten dugu amets. Zientzialarien ikerketen arabera, bost amets egin genitzake gauero. Amets horiek, Gestalt-aren arabera, bestelako mezuen artean, gure subkontzienteak gu nola ikusten gaituen azaltzen dute.
Mezu horiek interpretatzen ikasteak egunerokotasuna hobeto eta errazago ulertzeko aukera ematen digu. Gure jarreren zergatia ulertzen laguntzen dute. 
Gauez jasotako mezua egunez landuko genuke, gure zorionerako bidean pauso asko emango genituzke, gure zorion-egoerara gehiago hurbiltzeko.
Horretaz gain, ametsek arazo zehatzei buruzko soluzio garbi-garbiak ekartzen dizkigute. Soluzio horiek nola bidera daitezkeen ere azalduko dugu.
Meditazioa ez dago erabat zabalduta oraindik Euskal Herrian. Zein dira haren onurak? 
Gizakia bezain izaki bitxirik ba ote da munduan?
Euskal Herri zoragarri honen historian pixka bat murgilduta, meditazioaren alde espirituala erabat txertatua duen gizartea azaltzen zaigu, eta luzea eta amaigabea da gurtuak izan direnen zerrenda: Urtzi, Ekhi, Kixmi, Aitor, Mari, eta, ondoren, San Migel, San Gabriel, San Isidro, eta abar. Gaur egun, ezagutza horren mamiari buruz jakin nahi duenak, bilatu beharra dauka, ez dago hain eskura. Azaleko sinboloaren benetako esanahia ezkutatu egin zaigu.
1926 inguruko entrenamendu mentalaren liburu batean aurkitu nuen Ignatius de Loyola izeneko pertsonaia ezagun baten aipamena, non jarraitzaile zituenei meditazio gogorrak eginarazten omen zizkien, indar negatiboen eragina meditazioetan biziaraziz, indar negatibo haien tentazioetatik urrutiratzen laguntzeko. 
Fraideek eta mojek adina meditatu duenik ba ote da?
Galdera hauek sortzen zaizkit: ezaguera hori zeukatenek zergatik ez ziguten jakituria hura irakatsi? Zergatik ez ziguten zoriontsu izaten irakatsi? Zergatik oinarritu zuten hezkuntza beldurrean? Zergatik saiatu ziren gizartea beldurraren beldurrez 
emozionalki hiltzen? Zergatik?
Kuriosoa da etxean bertan geneukan ezagutza ofizialki ukatu eta, gaur egun, kanpotik ekarritakoa zabaldu behar izatea, Asiatik iritsitakoa, lehenengo, eta, gaur 
egun, Amerikatik ere badatorrena.
Baina bizitza horrelakoa da: mementoa iristen denean gertatzen dira gertatu beharrekoak. 
Meditazioaren onurak amaigabeak dira, bai osasun fisikoan bai mentalean. Onura nagusia, nire iritziz, hauxe da: bizitza honetara zein ikasketarekin etorri ginen argitzen laguntzen duela, eta, ikasketak argitu ondoren, horiek landuz benetako zorion 
egoerara gerturatzen garela.