Alazne UGARTETXEA: Krisialdirako plastika tailerra

2013-07-01

“Dena ez dugu erosi behar, guk geuk gauza asko egin ditzakegu birziklatzeko materialekin, era erraz eta merke batean”

 

Ikastaro praktikoa gidatuko du 

Alazne Ugartetxeak Udako Topaketetan. “Eginez egingo dugu” eta “denak balio du” leloak praktikan jarri ondoren, “laster, etxeko zakarrontziari beste modu batean begiratuko diogu”. 

 
 
Krisi garaian irudimena abian jarri behar dela diote. Zer-nolako jostailuak egin ditzakegu, zaborretara edo birziklatzera botatzen ditugun gauzekin?
Nire proposamena oso sinplea da. 
Etxeko edo eskolako zakarrontzian dagoen edozer altxorra izango da guretzat. Begirada bat bota eta askotariko objektuak berreskuratu ondoren, “denak balio du” leloari jarraituko diogu. Sormena eta irudimena abian jarrita eta oso teknika errazak erabiliz, gure eguneroko ur-botila itsulapiko bihurtuko da. Edateko jogurta, lasterketarako auto; eta tapoiekin, gelako hormak apainduko ditugu. Jostailuez gain, apaingarriak, dekoratuak eta horrelako gauzak egingo ditugu.
Alde batetik, birziklatzearen garrantziaz ohartuko gara, eta, bestetik, guretzat baliagarriak diren gauzak era erraz eta merke batean egingo ditugu. Beraz, dena ez dugu erosi behar; guk geuk asko egin dezakegu.
 
Zer material da erabilgarria jostailuak egiteko? Jogurt-potoak, kartoizko kaxak...? 
Lana hasi aurretik, materialen aukeraketa bat egiten dut. Tetrabrikak 
oso erabilgarriak izan daitezke, guztiz garbi baldin badaude, baina nahiko zaila izaten da hori. Latak eta beirak arriskutsuak izan daitezke haurrentzat, eta, beraz, bazterrean uzten ditut. Aukera handiak ditugu, eta erraz topatzekoak ere bai: tapoiak, komuneko tutuak, jogurt-potoak, plastikozko ur-botilak, arrautzontziak, izozkien koilaratxoak...
Haurrentzat, esperientzia ederra izango da xaboi-poto bat jostailu bihurtzea, ezta? Eguneroko tresnei bestelako bizi bat ematea... Jostailuekin jolasteaz gain, jostailuak egiteko prozesua bizi dezakete haurrek. Zer garrantzi du horrek? Nola bizi izaten dute prozesua beraiek?
Askotan, nagusiok emaitzarekin bakarrik gelditzen gara. ”Zer auto polita!” esanez bukatzen dugu; baina, nire ustez, hori baino askoz aberasgarriagoa da autoa egiteko prozesu guztia.
Zenbat ideia pasatu dira umearen burutik, materiala hartu duenetik autoa amaitu arte? Zenbat gozatu du? Zenbat aldiz jarri eta kendu ditu piezak? Zenbat hipotesi… Zenbat gaitasun landuta...
Hasieran, haurra ez da prozesuaren balioaz jabetzen bere jostailua egiten ari denean. Emaitza du helburu. Baina, behin baino gehiagotan egiten baditu horrelako ekintzak, pixkanaka, bera bihurtuko da protagonista, eta seguru eskuragarri dituen materialekin buruan dituen ideiak aurrera eramateko gai izango dela, guk ezer esan gabe.
Zer-nolako bizitza hartzen dute jostailu horiek gero? Apalean gera ez daitezen, proposatzen duzu nola jolastu, zer abestirekin erabili, edo antzerkiren bat egitea? 
Lana (jostailua, txotxongiloa, apaingarriak..) bukatu ondoren, askotariko gauzak egin daitezke:
- Jolastu eta ondo pasatu lagunekin. 
Inolako jarraibiderik eman gabe, izugarrizko istorioak sortzen dira.
- Taldeka, bertso edo abestiren bat ikasi edo asma dezakegu.
- Antzerki laburrak egin ahal ditugu…
Agian, alderantzizko lana ere egin dezakegu:
 - Ipuin edo antzezlan bat aukeratu, eta bertako dekoratuak, pertsonaiak eta beharrezkoa duguna birziklatzeko materialarekin egin.
Dena den, garrantzitsuena norberak 
egindako lanak gauza askotarako balio duela konturatzea da.
Zer adinetako haurrentzat dira jostailu horiek? 
Birziklatzeko materialak manipulatzeko, edozein adin da egokia; baina, zenbat eta nagusiagoak izan, gero eta lan konplexuagoak lor daitezke. Dena den, nik planteatzen ditudan ekintzak Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako lehen zikloko umeentzat dira bereziki. Teknika errazak erabiliko ditugu, eta bakoitza izango da bere lanaren sortzailea, ez gu. Nagusiok ikasi egin behar dugu umeari laguntza ematen baina haien lana egin gabe; oraingoan, gu laguntzaileak baino ez gara izango.