Pelaio EIZAGIRRE: Bideoa editatzen ikasi Pinnacle Studio programarekin

2013-07-01
“Askotan, ez ditugu grabaketa batzuk ikusten gaizki grabatuta eta editatuta daudelako”
 
Pinnacle Studio programa erraza da, argia eta intuitiboa baita. Irakasleei nola ikasleei aukera argi eta intuitiboak eskaintzen dizkie editatzeko, azpitituluak ezartzeko nahiz musika jartzeko ere. Editatu aurreko lanak ere hizpide izango ditu Pelaio Eizagirre, grabazio-lana garrantzitsua baita ondo editatzeko. 
 
 
Gero eta gehiagotan egiten dira bideoak ikastetxeetan. Zer eskaintzen die Pinnacle Studio programak irakasleei? Irakasleen beharrak betetzen ditu? 
Pinnacle Studio programak erraz editatzeko aukera eskaintzen du. Oso argia da, 
eta intuitiboa. Programaren interfazea —edo leihoak— oso garbia eta ulerterraza da.
Irakasleek grabaketa bat editatu behar badute, horri errotuluak, musika edota trantsizioak (errezel-efektuak) gehitu behar badizkiote, zuzenean DVD bat egin behar badute edo bideo editatua Interneten jarri behar badute, hori guztia programa bakar baten bidez egin behar badute, bada, orduan bai, beteko ditu irakasleen beharrak.
Pinnacle Studio programa erraza da. 
Eta ez dut esaten hori nik erabiltzen dudalako; erabiltzaile askok gauza bera aipatzen dute. Hasieran, askotan bezala, ematen du oso konplikatua dela, baina segituan ikusiko duzu erraza dela.
Bideo bat ondo egin ahal izateko, lehenik eta behin, ondo egin beharko dugu grabazioa, ezta? Zer eduki behar da kontuan grabazio on bat egiteko? Zer irakatsiko duzu?
Grabazio on batek bi zati dauzka: alde batetik, planoak edo irudiak onak izatea; eta, bestetik, nahikoa material grabatzea. 
Eta, grabazioa ondo egiteko, ondo planifikatu behar dugu. Hasieratik jakin behar dugu zertarako grabatu nahi dugun ekitaldi bat edo irteera bat, adibidez. Oso desberdina da ekitaldia osorik grabatzea, gai horrekin DVD bat egiteko, edo grabazioa laburpen bat osatzeko egitea, adibidez, beste gai batzuekin batera DVD bat egiteko. Ikastaroan, planoaren morfologia ikusiko dugu, noiz daukagun plano on bat ikasteko, edo grabaketa baten plangintza egingo dugu, eta Pinnacle Studio programarekin nola editatu ikasiko dugu.
Askotan, grabatu ondoren, ez dakigu irudi horiek erabiltzen eta editatzen. Zer irakatsiko duzu edizioaz eta muntaketaz?
Lehen esan dudanez, grabatu baino lehen zer egin behar dugun azalduko dugu, 
eta, horrela, edizioa errazagoa egingo zaigu. Plano bat grabatzean, garrantzitsua da irudi hori bideoan zehar nola edo non kokatuko dugun jakitea. Hori kontuan hartu ezean, zuk aipatu duzuna gertatuko da: ez dugu jakingo zer egin irudiekin
Pinnacle Studio eta antzeko programen bidez, apur bat demokratizatu egin da bideogintza, ezta? Interesgarria litzateke denok hizkuntza honen inguruko gutxieneko jakintza bat izatea?
Bai. Baietz uste dut. Askotan, ez ditugu grabaketa batzuk ikusten, luzeak edo aspergarriak direlako. Hau da, gaizki grabatuta eta editatuta daudelako. Hori pixka bat zaintzen badugu, lortuko dugu bideoa aspergarria ez izatea.