Marina PINTOS: Yoga eta kontzentrazio-teknikak

2013-07-01

“Irakasle izatea ez da lan erraza, ikasleen kontzentrazio eza, dispertsioa, motibazio falta eta emozio aztoratuak baitaude”

 
 
Asana edo jarrera fisikoen bitartez gure gorputza sentitu, lasaitu, indartu, energia harmonikoki mugitu, adimena lasaitu eta kontzentratzen irakatsiko du Marina Pintosek ikastaro honetan. Ibilbide luzea egin du irakasleei nahiz haurrei yoga irakasten. “Irakasle edo hezitzaile  izatea ez da lan erraza, berezkoa duen lanaz gain, ikasleen kontzentrazio eza, dispertsioa, motibazio falta, emozio aztoratuak, jarrera desegokiak eta abar presente baitaude”.
Horrek guztiak irakasleen osasunean eragin dezakeela ikusi du Pintosek, estresak sistema immunologikoa makaltzen baitu eta gaitz fisiko eta psikologikoak sortzeko arriskua areagotu (urduritasuna, lo egiteko arazoak, min muskularrak, kontzentrazio falta, tristura, depresioa, eta abar). “Yogako hainbat teknikak eragin horiek arindu eta bideratzen dituzte. Teknika horiek ikasleekin erabiltzeko aukeratuta daudenez, haien kontzentrazioa handitu egiten dute, lasaitasuna ezartzen, adimenaren gaitasunak bizkortzen, portaera hobetzen eta ikasketarekiko jarrera baikorra eragiten”.
Arnasketak nerbio sisteman eta emozioetan daukan eragin zuzenaz jardun eta teknika hauek behar diren momentuetan erabiltzen irakatsiko du eta  adimena lasaitu eta kontzentratzeko teknikak ere ikasi ahal izango dira, teknika horiek ondoren, hezitzaileek euren ikasleekin landu ahal izateko. Erlaxazio sakonaren bitartez, fisikoki eta psikologikoki lasaitzen eta eraberritzen ere irakatsiko du.