Nerea MENDIZABAL: Eguneroko gatazkei nola erantzun bortxakeriarik gabe?

2013-07-01

“Tamalez, lehiatzera, epaitzera, eskatzera eta diagnostikatzera bideratutako eredu eta patroiekin hezi gaituzte gehienok”

 
 
“Jaso logela! Itzali telebista! Mugitu, berandu goaz!”.
“Utzi aldamenekoarekiko solasa! Ixo, 
eta hasi lanean! Laguna ez da jo behar! Niri ez hitz egin tonu horretan!”.
Sarritan, guraso eta hezitzaileok gauza bera ehun aldiz esaten dugulako inpresioa 
izaten dugu, tonu guztietan, kasu egin baino lehen. Aldi berean, zailtasunak izan ditzakegu ezer debekatzeko orduan, exijitzeko orduan… “Ez” esatea kosta egiten zaigu edota gehiegitan esaten dugu.
Autoritarismoak (“nik esaten dudalako, eta kito, bestela…”) edo dena uzteko joerak (“dena aske duzu, eta egin nahi duzuna”) haurrarengan zer eragin izan dituzten ikusi ondoren, zigorraren, xantaiaren eta mehatxuen aurrean, beste aukera batzuk badaudela erakutsiko du Nerea Mendizabal psikopedagogoak ikastaro honetan. “Gehienok gure harremanen kalitatea hobetzeko gaitasunak eduki nahi ditugu. Tamalez, lehiatzera, epaitzera, eskatzera eta diagnostikatzera bideratutako eredu hezitzaileekin eta patroiekin hezi gaituzte gehienok, oso gaztetatik; aurreiritziak erabiltzera eta giza harremanetan “ondo” edo “gaizki” dagoena adieraztera bideratu izan gaituzte, moral aldetik. Horretaz ohartzen eta baliabideak eskuratzen ikas dezakegu, guri gertatzen zaiguna adierazteko eta besteari gertatzen zaiona entzuten ikasteko”.
Marshall Rosembergen ‘komunikazio ez bortitzaren eredua’ aurkeztuko du ikastaroan. “Rosembergek eraiki duen ereduaren helburua ez da jendearen izaera edo gurea aldatzea, ez eta besteen jokaerak eta gureak aldatzea ere, gure bidea lortzeko; zintzotasunean eta enpatian oinarritutako erlazioak eraikitzean datza; horrela, lehenago
edo geroago, kontuan hartuko dira denon beharrak.
Oso prozesu konkretua da, edozer gauza adierazteko eta entzuteko guretzat oso baliagarriak izango diren pauso zehatzak ditu. Indarrak berreskuratzen, elkarren arteko konexioa lantzen eta bakea lortzen lagunduko digu horrek”. 
Zigorraren, xantaiaren eta mehatxuaren alternatibak azalduko ditu Mendizabalek: “Eraginkorrena haurrak jokaera ‘desegokiarekin’ zer esan nahi digun ulertzea da, eta, horretarako, prozesuak halako arrasto batzuk ematen dizkigu: beharrak beteta edo bete gabe izatea da jokaera edo emozio guztien eragilea. Behar horiek identifikatuz eta ezagutuz gero, aukera onena kontuan hartuko duen modua diseinatuz gero, jokaera edo emozio horiek ez dute modu horretan azaldu beharrik izango”.
Teoria aurkeztu ondoren, ariketa praktikoen bidez, gurasoek eta hezitzaileek eguneroko egoerak aztertu eta sakonduko dituzte. Eta honako gai hauek ere landuko dituzte:
- Gure ikasleak/seme-alabak gustatzen ez zaigun zerbait egiten edota esaten duenean, nola esan benetan entzuteko? Zein muga jarri? Zer da autoritatea? 
- Gure ikasleak/seme-alabak arazo bat duenean, nola lagundu? Zergatik eta nola entzun? Nola lagundu, modu progresiboan, bere arazoak konpontzeko gai izan eta geroz eta autonomoagoa izan dadin?
- Bere jokabidea onartzen ez dugunean eta gurekin ez duenean ezer jakin nahi, nola konpondu arazoa inork sufritu gabe? Nola egin zu errespetatua izateko, aldi berean, haurra errespetatuz?
- Gure ikasleak/seme-alabak beraien artean borrokatzen/haserretzen direnean. Esku-hartu behar da ala ez? Nola egin bitartekari lana, ulertzen lagundu eta pixkanaka beraiek beraien arazoak konpontzeko gai izateko?
- Nola lagundu gure ikasleei/seme-alabei pixkanaka-pixkanaka autonomiaren eta euren arrakastaren bidea aurkitzen.