Elena HERRAN. Pikler-Lóczyko hezitzailea: “heziketa, zaintzatik hasten denean”

2013-07-01
“Pikler-Lóczy institutuaren ekarpen ugariek hankaz gora jartzen dituzte egungo pediatria, haur-psikologia, arreta edota hezkuntza goiztiarra ere”
 
Hiru hilabeteko egonaldia egin berri du Elena Herranek Budapesteko Lóczy institutuan. Esperientzia “zoragarri” horren berri eman eta bertan haur txikien hezkuntzaren garrantziaz eta moduez ikusi eta ikasitakoa azaldu eta partekatuko du ikastaroan. 
 
 
Bertatik bertara ezagutzen duzu Budapesteko Lóczy institutua. Zer nabarmenduko zenuke Budapesteko esperientziatik?
Bertan aurkitu nauzue, nire egonaldiaren amaierako astean, azken karpetak ixten eta balorazioaren eta agurren garai zailetan. Egia esateko, errealitate bihurtu den ametsa izan da. Bizitzak batetik bestera eramaten zaitu, eta, inoiz opariak egiten badizkizu, 
oraingo honetan paregabeko oparia izan da, benetako murgiltze zoragarri bat bizitzeko aukera eman baitit. Hainbat artikuluren itzulpenak, beste batzuek egindako itzulpenen berrikuspenak edo behaketa-ikerketa bat egin ditudala esango banu, ez nuke gezurrik esango; baina hori baino askoz ere gehiago izan da hiru hilabeteko egonaldi honetan Lóczyren eguneroko bizitzan eta pilatutako jakintzan aritzeko izan dudan parada: bihotzean eta buruan daramadan esperientzia ikaragarria.
Pikler-Lóczyko hezitzaileak haurra eta haurraren ongizatea jartzen ditu erdigunean. Hezitzailearen ordutegia, materialak edota gelaren antolaketa haurraren premiei begira jartzea proposatzen du. Horrek ez al du haur hezkuntza errotik aldatzen? Hezitzailearen begiradan aldaketa bat egitea proposatuko duzu ikastaroan, ezta?
Pikler-Lóczy institutuaren ekarpen ugariek hankaz gora jartzen dituzte egungo pediatria, haur-psikologia, arreta edota hezkuntza goiztiarra ere. Azken horri dagokionez, Anna Tardosek “Lóczyko hormek hitz egiten dutela” dioenean, ozen eta garbi “entzuten” da, arreta pitin bat jarriz gero, hainbat urtean lehen haurtzaroaz eraiki eta pilatu duten sakoneko ezagutza teoriko eta praktiko aparta. Umezurztegian haurtxo eta haur txikiak beren osotasunean hazteko sortutako sistema da egungo haur-eskolaren oinarria, osatua, erabat eratua eta errotua. Bertara datorrenak, bere ongizatea eta bilakaera-maila abiapuntu hartuta, garatzeko eta heltzeko laguntza izango du, paregabeko hezitzaileei eta hezkuntza-talde sendo baten lanari esker, elkarrekin burutzen duten hausnarketari, informazio-trukeari eta kezkak, asmoak, arazoak, alaitasunak, konponbideak, lorpenak eta ezintasunak partekatzeko ohiturari esker eta, azkenik, oso zaindutako baldintza fisiko eta materialei esker. Lóczyn, haur-pedagogia eta psikologia bat datoz, beraz, gurearekin konparatuz, eta, unibertsitatetik hasita, ezinbestekoa zaigu kopernikar iraultza.
Ikastaroan, haur txikien hezkuntzaren garrantziaz, arduraz, moduez eta plazeraz
ikusi eta ikasi dudana datozen guztiekin hausnartzen, partekatzen eta argitzen saiatuko naiz, ahal den hobekien, noski.
Zein dira Pikler zaintzailea-ren berezitasunak eta ezaugarriak?
Eredu zehatz baten arabera lan eginez prestatutako zaintzaileak dira egungo hezitzaileak, zeregin profesionaletan oso ondo trebatuak eta, aldi berean, haurren heldutasunaren eta bilakaeraren ezagutza praktiko goi-mailakoa dutenak. Beraz, eta ezaugarri batzuk aipatzearren, honako hauek azpimarratuko nituzke: ume bakoitzarekin harreman pertsonala eraikitzeko sentiberatasuna; gorabeherak ulertu eta errespetatzeko joera; eguneko zereginetan, umeei eta beraien eginkizunei, interesei eta abarri 
errespetua izatea, sendotasun malguarekin batera; denboraren bizipen irmoa, jarduera bakoitzari behar duen denbora emanez; hizkuntza helduaren etengabeko erabilera, haurrari informazioa emateko zein haurraren galderak, kezkak edota gatazkak ebazteko orduan —negoziazioaren artea—; espazioa modu selektiboan berrantolatzeko gaitasuna; jostailu edo material zehatz batzuk solte edo gertu jartzeko abilezia, edota proposamenen bidez portaera eskasak egoki bihurtzeko abilezia; umeen kontuak lankideekin hitzez zein jardueren bidez partekatzeko erraztasuna; eta, guztien artean bereziena: eskuen trebetasuna, behargin, gozo, zabal eta bero izan daitezen. 
Eta zein dira Pikler umearenak?
Pikler umea nori esaten diogu? Zein ume datorkigu burura, Pikler umea entzutean? Jaiotzetik edo aste batzuk dituenetatik Lóczyn hazitakoa eta bideo zoragarrietan 
ikusi izan duguna? Bada, ez, ez dago halakorik Lóczyn gaur egun. Aldiz, urtebete ingururekin hasitakoen artean, haur zoriontsu asko ikus daitezke; gelara pozarren edo negar batean sartzen direnak, baina, harrera 
egokia eginda, berehala lasaitzen direnak; eskaintzen zaienaren artean nahi dutena eta nahi beste jaten dutenak, gustura eta taxuz, era hezi eta garbi batean; gelan kokatutako jolas eta materialak aukeratuz jolas librean erraz murgiltzen direnak, luze eta sakon eta, gainera, gehienetan joera sortzailea izanik; besteekin gorabeherak izanda ere, elkarrekin bizitzen dakitenak, beraien asmoak eta proiektuak alde batera utzi gabe; beraien gorputza eta burua menderatzeko prozesuan daudenak, eta, etenik edo atzerapenik badago, eten edo atzerapen hori oso lasai bizi dezaketenak; munduaren gainean izugarrizko jakin-mina dutenak; hitz egiten, entzuten, itxaroten dakitenak
Zer-nolako garrantzia dute zaintzarako uneek haurraren ongizatean, hazieran eta hezkuntzan? Kasu askotan, pixoihalak aldatzea, jaten ematea... arretarik jarri gabe egin izan da...
Gizakiongan eta, bereziki, adin horretan, lehen haurtzaroan, gorputza da beste guztiaren abiapuntua. Gogoratu haurrak, adierazteko, gorputzaren mugimenduak eta keinuak baino ez dituela, hizkuntza menderatu arte. Zer egiten da Lóczyn haur bakoitzaren ongizatea bermatzeko? Bada, egin, etengabe gorputza zaindu. Eguneroko antolaketaren barruan, haurren jarduera autonomoarekin batera, tinko tartekatzen dira hainbat zainketa: gosaria, pixoihala aldatzea edota pixa edo kaka egitea, gehiago edo gutxiago lagunduta, kalera irteteko prestakuntza, kalean egarria asetzeko edatea, kaleko joan-etorrietarako jantzi eta eranztea, janaria, sehaskan lasai egotea eta siesta, askaria; eta beharra sortzen denean ere, berdin egiten da: mukiak kentzea, urduri daudenean edo une gatazkatsuak sortzen direnean lasaitzeko sehaskan jartzea, arreta eskatzea, eta abar. Eta, ekintza horietan guztietan, buru-belarri dago hezitzailea, amaitu arte; eta amaitu eta gero, atontzeko azken ukitua emanez, irribarre batekin.
Gelako materialen edo jostailuen inguruan, zer eduki behar du kontuan hezitzaileak?  Eta, gelaren antolaketari dagokionez, zer eduki behar du kontuan haurrak bere autonomia gara dezan?
Horretaz ere informazio asko dago Lóczyn. Autonomia garatzen duen materiala edota jostailua, edozein adinetan haurren interesari eutsi eta haren jarduera sortzailea ahalbidetzen duena da egokiena, eta, ondorioz, adinaren edota heldutasunaren arabera, desberdinak izango dira. Beti eta edozein adinetan, oso jostailu aukeratuak, askotarikoak eta askotxo aurkezten dira geletan, oso polito gainera. Txikien artean, auto, kamioi eta panpinekin batera, sartu eta ateratzeko tamaina askotako pilotak, uztaiak, zerrendak, piezak eta tamaina askotako baldeak, potoak, palak, koilarak, kutxak, eta abar, beti oso ondo ordenatuta eta atonduta. Nagusiagoak direnean, umeen sehaska bereziak, lasaitzeko; otzara zabalak, panpina edo peluxe erraldoi eta bigunez beterik; eta imana duten piezak, lego-kutxa, animalien kutxa, neurri askotako sukaldeko tresnak, hainbat panpina beren ohetxoetan, telefono mugikor zaharrez edo idatzitako posta-txartelez betetako otzara bat... Eta garrantzitsuena zera da: behin eta berriz selektiboki zabaldu, gorde edo ordenatzen dira egunean zehar.
Gaur egungo hezkuntza-sistemaren barruan (murrizketak, ratioak, leku-aldaketak...), posible al da Piklerren eredua aplikatzea gure haur-eskoletan?
Bada, ez Piklerrena eta ezta oinarrizko kalitatea bermatzen duen eredurik ere; baina daukagunarekin egin beharko diogu aurre dena delako ereduari. Bestalde, jakin badakigu zenbateraino den desegokia haur txikiekin erabiltzen den ohiko hezkuntza-
eredua. Beraz, ereduren bat aukeratu behar bada, hortxe dugu Piklerrena, haurtxo eta haur txikien hezkuntzan egokiena haur-hezkuntzako ereduen artean.
Amaitu baino lehen, aipamen txiki bat. Apartekoa da Lóczyn kanpoko jolastokiekin, lorategiekin, eguraldiarekin eta naturarekin duten kontaktua ere. Egun erdia baino gehixeago kanpoan egiten dute eguraldiak laguntzen duenean, eta egun erdia, laguntzen ez duenean. Benetan udaberri zoragarria izan da aurtengoa!