- Zergatik denbora astiroago iragaiten da batzuetan?
- Nora joan zen aitona hil zenean?
- Aitak ona izateko esaten didanean, zer esan nahi dit?
Akaso goiko horiek ez ote dira galdera filosofikoak? Haurrek, haur txikiek, eginiko galderak dira hirurak —egin ohi dituztenak—. Itaun horiek filosofoek beti eta gaur arte egin izan dituzten galderen oso antzekoak direla ohartu zen Matthew Lipman
AEBetako Montclair Unibertsitateko irakaslea. Galdera horiei entzungor egin barik, edota irakasleak berak erantzun barik, haurren artean erantzun zitzaten laga zuen, galderari galdera josten, eta erantzun bilatzeko ahaleginarekin arrazoimena lantzen. Elkarrizketa horiek Lipmanek geroago garatu zuen Haur Filosofia proiektuaren zutabeetako bat izan ziren.
60ko hamarkadan abiatu zuen Matthew Lipmanek Haur Filosofia proiektua. Garai hartan, Lipman oso arduratua zegoen Vietnamgo gerrarekin, eta gailentzen ari zen biolentziarekin eta inperialismoaren hedadurarekin. “Zer egin dezakegu mundua hobetzeko?”, galdetu zion bere buruari Lipmanek, eta hezkuntza jarri zuen jomugan: “Haurrak —haur txikiak— egian, justizian eta askatasunean hezten baditugu, orduan bai, aldatu ahal izango dugu mundua hobera”. Curriculum bat osatu zuen Lipmanek eta elkarrizketa proposatu zuen metodologia eta balio gisa. “Euren kabuz pentsatzen duten pertsona helduak nahi baditugu, euren kabuz pentsatzeko gai diren haurrak hezi behar ditugu”, zioen Lipmanek. Filosofiaren ohiko gaien inguruan, beraz, proiektu pedagogiko zabal bat sortu zuten Lipmanek eta bere kolaboratzaile Ann Sharp-ek, haurrei euren ikerketa, behaketa, sormen, interpretazio eta analisirako gaitasunak etaparik etapa garatzen lagunduko ziena.
“Vietnamgo gerraren garaitik gaur egunera, gauzek hobera egin al dute?”. Miren Camisonen galdera da. Gaur eguneko bortizkeria-maila ikusirik, Lipmanen ideiak eta egitasmoa behar-beharrezkoak direla uste du Camisonek. “Munduak hankaz gora jarraitzen du, izugarrizko bortikeriarekin; egoera hobetzeko elkarrizketaren kultura sustatzea oso interesgarria izango litzateke”.
Hik Hasi-ren topaketetan Lipmanen ideiak testuinguruko abiapuntu gisa harturik, elkarrizketa filosofikoaren garrantzia, baliabideak eta testuingurua azalduko ditu Camisonek, elkarrizketa eta komunikazio enpatikoa ezinbestekotzat jotzen baititu
umeek eta gazteek pentsamendu kritiko eta sortzailea eraiki ahal izateko. Matthew Lipmanez gain, haur filosofia landu duten autoreen artean Oscar Brenifer, Briggite Labbe eta Michel Onfray aipatzen ditu Camisonek.
“Elkarrekin hobeto pentsatzen da”
Zabaldurik dago pentsamendua norberak, bakar-bakarrik, garatzen duelako ustea, baina Miren Camison Haur Filosofiako irakasleak argi du hobeto pentsatzen dela taldean: “Besteek zuk ez dauzkazun ikuspuntuak eta bizipenak dituzte, eta horrek
aberastu egiten du norberaren pentsamendua; eta, gainera, erronka handia da aniztasun horren aurrean norbere ideiak azaltzea, modu argian, kontraesanik gabe eta errespetuz eta bortizkeriarik gabe”. Taldean besteekin pentsatzeko, komunikatzeko, ikertzeko eta sentitzeko bide ematen du elkarrizketak.
Paulo Freirek (Brasil, 1921-1997) “pertsonen arteko maitasunezko elkargune” gisa definitu zuen elkarrizketa. Solasaldi horrek baditu hainbat ezaugarri, Camisonek dioenez: “Ez da eztabaida bat, ez da negoziazio bat, ez dago irabazlerik eta galtzailerik; inork ez du bere arrazoia inposatzen”. Matthew Lipmanek ere elkarrizketa “elkargune” gisa ulertzen zuen, eta hezkuntzan elkarrizketa filosofikoek garrantzia handia
izan zezaketela ikusi zuen; Lipman eta Freirez gain, elkarrizketa baliabide gisa landu duten autoreen artean, David Bohm zientzilari fisikaria aipatzen du Camisonek. Elkarrizketa filosofiaren alderdi praktikoa da, eta elkar ulertzea eta ezagutzea du helburu.
Elkarrizketa bizipenetan eta esperientzian oinarritu ahal izateko, haurrak solasean jarri aurretik, jolasak, ipuinak edota artelanak proposatzen zaizkie, ondoren, bizipen horien gainean, elkarrizketa planteatu ahal izateko. Txikienekin jolasak berebiziko garrantzia du, eta jolastu ere “pentsatzera” jolasten dira. Handiagoekin, jolasaz gain, testuak sartzen dira: testu bat irakurtzen da, adibidez, edo irakasleak ipuin edo gertakizun bat kontatzen du, edo artelan bat ikusten, musika pieza bat entzuten... Esperientzia hori bizi ondoren, borobilean elkartu eta hitz egingo dute bizi izandakoaz. Beti
ere, errespetuz eta elkar entzuteko konpromisoarekin. Elkarrizketaren ondoren beste ekintza batzuk egin litezke gaian sakontzeko, izan gorputz-ekintzak, edo bestelako jarduera ludiko batzuk.
Elkarrizketaren kontestu egokia
Elkarrizketarekin pentsamendu kritikoa eta sortzailea lantzen dira, baldin eta testuinguru egoki batean garatzen baldin bada. Elkarrizketan parte hartzen duten haur guztiak —eta irakaslea edo hezitzailea— borobilean esertzen dira, eta berdintasunezko erlazio bat sortu behar dute elkarrekin solastatzeko. “Maitasunaren puntu etikoa oso garrantzitsua da elkarrizketan harremantzeko. Konfiantza, apaltasuna, errespetua eta maitasuna dira elkarrizketako hitz gakoak”, Camisonek azaldu duenez.
Elkarrizketa filosofikoaren metodologiak, halaber, gela eta eskola testuinguru zurrunak ez izatea eskatzen du; gela ikerketa-komunitate gisa planteatzen du metodologia honek. Camisonek, ordea, gaur egungo hezkuntza-sistema, oro har, zurrun ikusten du, “umeak, berez, ikerlari eta esperimentatzaile sutsuak dira, eta pentsamenduaren trebetasunak berez landuko dituzte horretarako aukerak ematen badizkiegu; gaur
egun, ordea, curriculum zorrotzak ditugu, eduki zorrotzak, gero eta lehenago ikasi behar da idazten, matematikak egiten... garuna prest egon baino lehen prozesu asko aurreratzen ditugu, eta haurrari ez diogu pentsamenduaren trebetasunak berez garatzeko aukera handirik eskaintzen”. Gaur egun bizitzan, oro har, dugun presa hezkuntza-sisteman sartu dugula uste du Camisonek, horregatik “inoiz baino beharrezkoagoa” deritzo eskola-testuinguruan elkarrizketarako espazioak sortzeari, “elkarrekin errespetu giroan egoteko”.
Elkarrizketarako kontestu egokia sortzeko, beharrezkoa da entzumenaren pedagogia lantzea lehenengo. “Ez badago entzumenik, ez dago elkarrizketarik. Entzutea barrutik hutsik egotea da. Burua gauzez beteta baldin badugu, ez zaigu iritsiko besteak esaten diguna; geure gauzei bueltak ematen ariko baikara. Horregatik, entzumenak garapen pertsonalarekin zerikusi zuzena du”. Entzumenaren pedagogia azaltzeko, Jiddu Krishnamurtiren hitzak ekarri ditu gogora: kikara bat betetzeko, hutsik egon behar da; bestela, dena barreiatu egingo da. Elkarrizketa espazio bat da, non hutsik egon behar duzun barrutik, lasai, besteren edukiz eta arrazoiz bete ahal izateko; eta gero hustu”.
Entzumenak, halaber, emozioekin zerikusia dauka. “Besteak zerbait esaten duenean, batzutan emozioak mugiarazten dizkigu; orduan, arreta paratu behar diegu baita ere sorrarazten dizkigun emozio eta sentimenduei”.
Entzutearen pedagogiarekin oso lotua dago galderaren pedagogia. Galderak izango dira ezagutzaren bidea emateko tresnak, eta, hasiera batean, irakaslea izango da galderen bidez elkarrizketa erraztuko duena; alabaina, prozesuan eta metodologian aurrera egin ahala, haurrek eurek galderak egitea izango litzateke helburua.
Galdera irekiek, kitzikagarriek eta sakonek laguntzen dute pentsamendua garatzen. Eta horiek izango dira irakasleek haurrei pentsarazten laguntzeko izango dituzten tresnak: “galderekin elkarrizketa bat
errazten duzuenean, zuk ez duzu heldu bezala ez erantzuten, ez iritzirik ematen, ez
epaitzen. Ohartu behar dugu irakasle izan arren ez garela egiaren jabe, egia asko baitaude”. Irakasleak alabaina, elkarrizketan zehar kontraesanak baldin badaude, adieraz ditzake: “Hasieran hau esan duzu, eta orain kontrakoa esaten ari zara; nola da hori?. Galderen bidez sakonago pentsatzen laguntzea da kontua, era kritikoago eta sortzaileago batean”.
Gaiak
Elkarrizketaren bidez landuko diren gaiak haurren interesekoak izango dira. “Interes horiek, helduenak bezala, euren bizi-esperientziarekin lotuak egongo dira, bakoitzak bere etxean eta bere ingurune zabalagoan bizi dituenak piztuko die interesa”. Ondorioz, talde bakoitzak oso esperientzia diferentea izango du. Haur txikiekin bizi izandako esperientzia bat kontatu du Camisonek: osasunaz aritu ziren, eta haur bakoitza gaixotasunarekin izan zuen harremana kontatzen hasi zen, zein gaixotasun izan zituzten eurek eta ingurukoek; “hortik abiaturik, gaixotasuna zer den modu abstraktu batean azaltzera eraman zituen elkarrizketak 4-5 urteko umeak, oinarrizko bizi esperientziatik abstrazkio txiki bat egitera pasa ziren”.
Beste behin, heriotzari buruzko ariketa bat landu zuen Camisonek, batetik nerabeekin, eta bestetik helduekin. Heriotzari buruzko film labur mexikar bat ikusi zuten. “11-12 urteko nerabeak ziren, eta naturaltasun osoz hartu zuten heriotzaren gaia; ni txundituta gelditu nintzen. Ondoren, ariketa bera helduekin egin genuen, eta han krisi bat egon zen, jendeak itolarria sentitu zuen; urrutiko film bat izan arren, euren emozioekin konexioak egiten baitituzte”. Esperientzia horien ondoren are argiago ikusten du Camisonek pentsamenduak jatorri emozional bat daukala. “Emozioek ikaragarri baldintzatzen dute elkarrizketa, eta arreta jarri behar zaie, erabat inkontzienteak baitira”.
Haur Filosofiaren proiektuak kontuan hartzen du emozioek eta pentsamenduak lotura dutela, baina Camisonen iritziz, ez zaie emozioei aski garrantzia ematen, intelektuan gelditzen baita Lipmanen proposamena. Camisonek beharrezkoa deritzo Socretesek esaten zuena gogora ekartzeari: “lehenengo zeure burua ezagutu, eta lanketa pertsonal hori egin ostean, ulertuko ditugu bestea dugu mundua; bestela, denbora guztian geure filtroetatik eta juzkuetatik ikusiko dugu bestea”.
Pentsamenduaren trebetasunak
Elkarrekin pentsatzeko, pentsamenduaren trebetasunak lantzen dira, entzutearen pedagogiaz eta galderaren pedagogiaz gain. Pentsamendu-trebetasun horiek pentsamenduari dinamismoa eta oinarri sendoa emateko balio dute. Haur Filosofiak bost multzotan biltzen ditu pentsamendu- trebetasunak. Honako hauek dira:
- hautematea: zentzumenak, eta nola jasotzen dugun kanpoko informazio guztia.
- ikerketa: zerikusia du umeak ikerlari
eta esperimentatzaile sutsuak izatearekin. Pentsamendu mota horri irteerak eta aukerak ematea da.
- arrazoiketa: iritziekin eta argumentuekin zerikusia duena.
- kontzeptualizazioa: kontzeptuak eratzeak informazioaren antolaketarekin zerikusia du. Abstrakzioarekin zerikusia du, eta konexioak egitearekin: zatiak eta osotasuna, bitartekariak eta helburuak, konexioak egitea.
- itzulpena: zerikusia du esanahia mantentzearekin.
Haurraren garapen-mailaren arabera, pentsamenduaren trebetasun batzuk besteak baino gehiago erabiliko dira. Haur Hezkuntzako garaian, adibidez, sentsomotorea eta emozionala izaki, mugimenduak garrantzia du, haurrek mugitzeko premia baitaukate. Elkarrizketaren denbora, beraz, mugatua izango da etapa horretan. Bost- hamar minutuko tarte-espazioak bilatzea proposatzen du Camisonek, etapa horretan haurrek ekintza konkretuen bidez egiten baitituzte konexioak eta garatzen dute pentsamendua. Ez daukate abstraitzeko gaitasunik, “oraindik egozentrismo handia dago, eta borobilean gaudenean bakoitzak berea esan nahi du, ondokoari entzun gabe”. Ondorioz, Haur Hezkuntzan oso modu malguan hartu behar da elkarrizketarena, kultura baten gisan, elkarrekin egoteko eta hitz egiteko kultura bat bezala. Jolasari ematen dio garrantzi berezia, garai honetan, Haur Filosofiak, eta “pentsatzera” jolasten dira.
LHn garrantzi handiagoa hartzen dute arrazoiketak, kontzeptualizazioak eta itzulpenak, baina oraindik ere oso oinarrizkoak dira. “Lehen Hezkuntzan haurrek honako galdera hauek dituzte: nolakoa da mundua? Izan ere, mundua ezagutzen ari dira, eta konexio pilo bat egiten dituzte. Nerabezaroan galdera beste bat da: “Nor naiz ni mundu honetan?”. Etapa honetan ikaragarrizko beharra dute nerabeek elkarren artean hitz egiteko, eta hori ondo kudeatu ezean, oso zaila da behar horren gainetik klase bat
ematea. Beraz, Camisonek dio momentu horretan elkarrizketari espazio bat ematea zoragarria izan daitekeela gaztetxo horientzat. Era horretan, gainera, bost trebetasunak sakonki landu daitezke, pentsamendu abstraktua eta kontzeptualizazioa eurenganatu baitituzte.
Prozesu baten gisan planteatzen du Haur Filosofiak elkarrizketaren kultura. “Nerabezarora bitartean pertsona horri sekula ez baldin bazaio hitz egiten utzi, eserita eta isilik egotea eskatu baldin bazaio beti, ezin zaio errespetuzko elkarrizketa bat edukitzea bat-batean eskatu”. Ahal dela, txiki-txikitatik barneratu beharreko kultura gisa planteatzen du Camisonek: “Txikitatik espazioak sortzen baldin badira elkarrekin
egoteko eta elkarrekin solastatzeko, errespetua, konfiantza eta besteari entzunez solasteko kultura sustatzen baduzu, munduan egoteko beste modu bat sortzen ari zara”. Adibide gisa, Haur Filosofia lantzen duen HHko bere kide baten adibidea jarri zuen: “3, 4 eta 5 urteko haurrekin landu zuen Lipmanen proiektua. Eta haur horiek Lehen Hezkuntzara iritsi zirenean, irakasleak esan zion ume haiek lotsagabe batzuk zirela; galdera asko egiten zituztela eta sobera iritzi ematen zituztela, eta horrela ezin zela klaserik eman. Lagun horrek bestelako espazio eta kultura bat sortzeko egin zuen ahalegin guztia non gelditzen da, hurrengoak jarraipenik ematen ez badio prozesu horri?”.
Elkarrizketa, beste kultura batzuetan
Elkarrizketa gure kulturan eztabaidarekin nahasten da, kasu askotan, ez baitago
egon elkarrizketaren erreferentziarik. Politikarien adibidea jarri du Camisonek: “Denbora guztian esaten digute elkarrizketan ari direla, baina ez da hala izaten, eztabaida bat edo negoziazio bat izaten da. Arrazoiak daude, eta norberak bere arrazoia inposatu nahi du, eta hori aurrera eramatea oso inportantea da norberarentzat. Sinismen sakon batzuk dituzu pertsona bezala, eta hori defendatzen duzu, eta ezin dituzu bestearen arrazoiak entzun, zureak pisu handiagoa duelako. Ez diozu besteari zilegitasun gizatiarra ematen, ezeztatzen ari zara argumentuen bidez”. Eztabaidan irabazleak eta galtzaileak daude, baina elkarrizketan ez dago galtzailerik, “denek irabazten dute”. Eztabaida eta elkarrizketa bortizkeriak bereizten du: “Eztabaidan bestea ezeztatzen duzu, eta hor dago bortizkeriaren hazia. Zuk izan dezakezu beste iritzi bat, eta hori zilegi da, baina ez duzu zertan bestea ezeztatu pertsona bezala. Hor dago gakoa”.
Badira elkarrizketaren kultura barneratuago duten gizarte-ereduak. Ahozko kultura gero eta biziago mantendu, elkarrizketaren kultura orduan eta sakonagoa dela dio Haur Filosofiako irakasleak. Maliko Hitzaren Etxeak oroitu ditu mundu-mailan elkarrizketaren kulturak duen hedapenaz galdetzean. Lastozko etxeak dira, eta hor egiten dira batzarrak. Etxe horiek, alabaina, txikiak dira, baxuak, eta barrura sartzeko makurtu egin behar dute parte hartzaileek, eta denak altuera berean daude eserita teilatu baxuaren azpian. Elkarrizketan norbait piztu eta altxatzen bada, buruan teilatuarekin hartuko duen kolpeak esango dio lasaitzeko eta ostera ere makurtzeko.
Irakaslea, prozesuak erraztuko dituena
Matematika orduetatik soin-heziketara, elkarrizketaren metodologia ikasgai guztietan erabil daiteke, pentsamendua garatzen laguntzen baitu. Zeharkako lan tresna bat da, edukiak ulerturik eta metodologia barneraturik edozein momentutan erabil daitekeena. Alabaina, elkarrizketaren pedagogiak edukiak beste modu batera lantzea eskatuko luke, haurrari hitza eta espazioa ematea eskatzen baitu, Miren Camisonen arabera: “Irakaslea ez litzateke edukiak ematen dituena izango; eta ikaslea ez litzateke eduki horiek zurrupatu eta gero, ebaluaketa batean irakasleari bueltatuko lizkiokeena izango. Hor ez baitago hausnarketarik”. Elkarrizketaren bidez, irakasgai guztietan pentsamendu kritikoa eta sortzailea landuko litzateke, haurraren erritmoen eta interesen arabera. “Ikaslea memorizatzera behartzen dugunean, ulertzeko eta pentsamendu kritikoa eta sortzailea garatzeko aukerarik ematen ez diogunean, eta bere erritmoa eta interesak errespetatzen ez ditugunean, bortizkeriaren hazia ereiten ari gara”.
Irakasleak elkarrizketaren pedagogian erreztailearen rola izango du, ez gidariarena. Prozesuak erraztea izango da haren egitekoa. Izan ere, elkarrizketa filosofikoak ez du hierarkiarik onartzen, berdintasuna bermatu behar baitu. Horregatik, Camisonek dio hezkuntza-sistemak ezartzen duen bertikaltasunak ez daukala lekurik elkarrizketan: “Irakasleak apaltasunez elkarrizketa erraztu behar du, ez da gidaria izango, baizik eta prozesua errazten duen pertsona bat”. Irakaslea ez da ikasketa-prozesuko protagonista izango, Haur Filosofiak umeari aitortzen baitio konexioak egitea eta norbere bizitzako —eta ikasketa-prozesuko— protagonista izatea. Horrek, berriro ere, gaur egungo hezkuntza-sistemarekin kontraesana sortzen duela dio Haur Filosofiako irakasleak: “Irakasle horrek gero notak ezarri behar baditu, hierarkia bat markatzen ari da... Hala ere, kontraesanak kontraesan, hobe da elkarrizketari tarte bat ematea ezer ez egitea baino”. Haatik, Haur Filosofiarekin koherenteena askatasunezko pedagogiak txertatzea izango litzatekee. “Piagetek esaten zuen ulertzea asmatzea dela, nork bere ezagutzak asmatu behar dituela, eta horretarako ikertzen utzi behar dizute, zure erritmora eta zure interesen arabera”.
Haurrekin erabili aurretik, Camisonek irakasle-taldeari elkarrizketaren metodologia erabiltzea proposatzen dio, esperientzia bizitzea. Errespetuzko, maitasunezko eta konfiantzazko testuinguru batean elkarrekin hitz egiten dugunean zer sentitzen dugun aztertzea oso garrantzitsua dela dio, ondoren haurrekin esperientzia partekatzeko.
Tutoretza orduak ikusten ditu apropos umeekin elkarrizketaren metodologia baliatzeko, batez ere LHn eta DBHn beti baitaude gatazkak eta zer konpondua. “Elkarrizketak hor lan handia dauka nola sentitu garen aztertzeko, balio etikoak eta emozioak mahai gainean jartzeko”. Elkarrizketa, azken batean, zeharkako tresna bat da, “tresna oso malgu bat, eta edukiak ulerturik eta metodologia baerneraturik, edozein momentutan erabil daiteke”.