Afektibitatea eta Sexu Hezkuntza. Afektibitatea eta Sexu Hezkuntzako tailerrak

2000-07-01

Afektibitatea eta Sexu Hezkuntzako tailerren helburua bikoitza da. Batetik, gela barruan ikasleek agertzen dituzten adierazpen afektibo zein erotikoen aurrean, irakaslearengan zer-nolako bizipen, emozio eta jarrera sortzen diren landuko da. Bestetik, aipaturiko adierazpen afektibo eta sexualak sexualitatearen garapenaren prozesuaren barnean kokatuko dira, zenbait baliabide didaktiko eta metodologiko helaraziko direlarik.

 
 

Planteamendu honen arrazoia garbia da, hots, irakasle eta hezitzaileok gehienetan kezkak, izuak eta zalantzak izaten ditugu gela barruan suertatzen diren zenbait egoera erotikoen aurrean. Gure ikasleak sexudunak direla eta sexualitatearen etengabeko adierazpenak dituztela nahikoa garbi dugu teorian, baina adierazpen horiek gure gela barruko jarduera eteten dutenean edo baldintzatzen dutenean sortzen da gure nahasmena. Zer egin? Zerbait esan behar al dut? Gurasoek zer pentsatuko dute? Eskola horrelako bizipenak lantzeko gunea al da?

Urte dezente pasa dira jada zenbait sexu hezitzaile eskolaz eskola euren programekin hasi zirenetik, bai ikasleekin bai irakasleekin. Baina lan hau, modu batez definitzeko, "partxeo" lana dela esan dezakegu. Konturatzen gara irakasleriari, hainbat arrazoiengatik, kosta egiten zaiola gaiari heltzea gela barruan, eta eskolak ere bere baitan ez diola lanketa horri behar bezainbesteko garrantzia ematen.
Beraz, tailer hauetan honetaz guztiaz mintzatuko gara erabat parte-hartzailea izango den metodologiarekin.