Bigarren Hezkuntzan euskararen erabilera nola sustatu: Ahozko komunikazioa lantzeko metodoaren nondik norakoak

2000-07-01
 
 

Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak bultzatutako ikerketa baten emaitza da hemen aurkezten ari garen metodo hau. Bere lana burutu ahal izateko, Euskal Herriko Unibertsitateko Pedagogia Sailaren laguntza izan du Elkarteak, bereziki Lontxo Oihartzabal eta Felix Etxeberria irakasle eta pedagogian adituena. Elkartearen aldetik, berriz, geu arduratu gara metodoaren sortze-alderdiaz.

Helburua

Ikasleen ahozko komunikazio-gaitasuna landu eta areagotzea du metodoak helburu. Lanketa horretarako abiapuntu baino ez da, beraz, bertsoa. Helburu nagusia hori bada ere, idatzizko komunikazio-gaitasuna ere lantzen da, ahozkoaren lagungarri baita idatzizko gaitasuna, eta ez haren etsai. Azken buruan, jendaurreko bat-bateko ahozko jarduna ere lantzen da.
Mintzamena lantzearena zehaztu beharra dago, ordea: jendaurrean arrakasta izateko moduko mintzamoldeak eta estrategiak dira metodoan lantzen direnak. Arrakastaz hitz egitea, berriz, zera da: entzule ditugunengan eragiteko moduan hitz egitea, haiengan noiz zirrara, noiz barregurea, noiz haserrea edo beste edozein emozio sorraraz dezakeen hizkeraren jabe izatea, alegia.
Esperimentalki aplikatuko den honetan, 14 eta 16 urte bitarteko ikasleetara mugatu nahi izan dugu gure xede-ikasleria.
Bertsolariek orotariko gaiak erabiltzen dituztenez, albo-helburu bat ere badu metodoak, gizartean munta handiko diren gaiak plazaratu eta eztabaidatzeko aukera ezin hobea eskaintzen baitu bertsoak.
Gozamenetik teoriara
Metodoa guztiz induktiboa da. Esan nahi baita, nola-halako emozioren bat sortu izan duen piezaren bat hartzen dela beti abiapuntu. Gure kasuan, bertsoak dira pieza horiek guztiak.
Arta handiz aukeratu ditugu bertsoak, eskoletan hainbat eta hainbat inkesta egin ondoren. Inkesta haietan, ikasleek beren gai gustukoenen berri eman ziguten, eta gai horien inguruko bertsoak aukeratzen ahalegindu gara.
Metodoaren oinarri, ahofitxa deitu diegun unitateak dira. Ahofitxa bakoitzak bertso(saio) bat du abiapuntu, ikasleek gustuko duten gairen bati buruzkoa eta komunikazio arrakastatsurako eredugarri.
Bertso(saio) hori kantatuz ekiten zaio beti unitateari (aukeratutako bertso guztiak ikus-entzunezko euskarrian eskaintzen ditu metodoak). Hiru urratsetan egiten da lanketa: gozatu, jabetu eta jardun.
Aipatu hiru atalok metodologikoki baino ez daitezke bereiz. Batetik, gozatzen ari dela jabetzen ere ari baita ikaslea. Eta estrategiez ganoraz jabetzeko, haiek imitatzen eta beste esparrutan aplikatzen jardun beharko du.
Gure hitzaldiak kontuok guztiok xeheago azaltzea luke helburu nagusi.