Ingelesa Haur Hezkuntzan: Ingelesaren ikaskuntza goiztiarra EAEko eskola publikoetan. 1999/2000 ikasturtea

2000-07-01

1999/2000 ikasturtean ingelesaren ikaskuntza goiztiarra ezarri da EAEko eskola publiko askotako Haur Hezkuntzako

2. zikloan.

 
 

Ezarpen hau abian jartzeko sei irakaslek osatutako lan taldea eratu da. Hauek Eusko Jaurlaritzak 1996ko irailean martxan jarri zuen Eleanitz Proiektuan esperientzia dute. Talde horrek lehen txostena egin du Haur Hezkuntzan ingelesa irakasten hasi behar zuten irakasleentzat. Dokumentu horretan (ikastaro honen abiapuntua izango dena), hausnarketa bat egiten da sarrera edo irakaskuntza hori modu egokian eta kalitatez egiteko kontuan hartu behar diren alderdi garrantzitsuen gainean.

Oinarria edo abiapuntua da hizkuntza ikasten dela, beste gauzen artean, berarekin gauzak egiten direnean, beste gauzak ikastea ahalbidetzen duten ekintzak egiteko tresna bezala erabiltzen denean, alegia. Ikasleak eskola ingurune konkretu batean murgilduta daude, eta metodologia zehaztu batekin. Programa honetan inplikatutako zentro guztientzat metodologia proposamen komuna planteatzen dugu, baina ingelesaren irakaskuntza-ikaskuntza prozesua zentro bakoitzeko planteamendu, behar eta dinamikara moldatu behar da. Honek irakasleak eguneroko praktikaren gainean hausnartzera derrigortzen ditu, kurtso desberdinetako tutoreekin koordinatzera eta abar. Horretarako, beharrezkoa da espazio eta denbora nahikoa eskaintzea, hori gabe hausnarketa eta koordinazioa ez bailitzateke posible izango.
Ikastaro honetan, Haur Hezkuntzako Oinarrizko Diseinu Kurrikularra aztertuko dugu. Hortik ingeleseko irakasle espezialistarentzat oinarrizkoa eta garrantzi handikoa dena aterako dugu. Horrez gain, lortu nahi diren helburu orokorretaz ere hitz egingo dugu. Ingeleseko irakasle espezialistak, gainontzeko irakasleek eta zuzendaritza taldeak duten paperaz edo zereginaz hausnartuko dugu. Eta baita ere hirugarren hizkuntzaren ezarpenak dakartzan antolaketa alderdiez (espazio eta denbora banaketa, bitartekoak eta abar).
Aurrera eramaten dugun proposamen metodologikoaren deskribapen zehatza egingo dugu: abiapuntua, zenbait ekintzen sistematizazioa, erabiltzen den materiala, saioen egitura eta abar. Bukatzeko, ebaluaketa prozesua azalduko dugu, hots, ikasturte honetan ikasleria, gelako ekintzak eta proiektua orokorrean ebaluatzeko burutu den prozesua.