Internet: aplikazio pedagogikoak. Interneten erabilera gelan

2000-07-01

Internet XX. mendearen amaieran jaiotako fenomenoa da, eta oso azkar garatzen ari dena. Oraindik ezinezkoa zaigu bere osotasunean ekarriko dituen aldaketak aurreratzea; ez teknikoak -norantz abiatuko den- ez eta soziologikoak -nora eramango gaituen-. Baina dagoeneko bizitzaren zenbait alderdi aldatzen ari dela kontura gaitezke.

 
 

Internet hitza medio guztietan azaltzen ari da azken urteotan, eta luze hitz egiten da gure artean dituen aukerez edo arriskuez. Hori guztia gertatzen den bitartean, ikusten dugu esparru guztietatik -enpresak, unibertsitateak, erakundeak, argitaletxeak...- ahaleginak egiten dituztela tren horretan sartzeko, web guneak osatzeko eta nola edo hala mundu horretara egokitzeko. Egoera horretan, eskolak ezin du atzean gelditu. Aukera hori aprobetxatu behar du ikasleak teknologia berri horietan hezitzeko eta teknologiei buruz ikasteko.

Nire ustez, eskolatik bi ikuspuntu behatzeko premia dago:
1.- Internet informazio zabalkunde eta komunikabide bezala ulertuta egin beharko genuke gogoeta. Interneten bidez mezuak eta informazioak zabaltzen dira, eta ohiko mezuekin konparatuta, zenbait alderditan era desberdinean aurkezten dira.
Teknologia horrek eskaintzen dizkigun baliabideak aprobetxatzeko, informazio eta mezuak sortzeko eta dekodifikatu ahal izateko, berralfabetatze prozesu batean sartu behar dugu.
Eskolak, beraz, alde horretatik badu zeregina: irakurtzen eta idazten irakasten den bezala, eta horrek eskaintzen dizkigun sinbolo eta ikurrak dekodifikatzen irakasten dugun bezala, teknologia berri horrek informazioa zabaldu eta ordenatzeko erabiltzen dituen prozedurak, komunikazioa eta informazioa azaltzeko erak, eta dituen aukerak ere ikasi, dekodifikatu eta ikuspegi kritikotik hartzen irakatsi beharko genieke gure ikasleei, baldin eta medio horretan kritikoak izan daitezen eta era zuzen batean uler eta erabil dezaten nahi badugu.
2.- Tresna bezala teknologia horrekin informazioa eta komunikazioa ohi baino azkarrago erabiltzen da. Beraz, erabilgarria da gure eguneroko zereginetan eta ematen dituen aukerez balia gaitezke.
Dagoen eta egongo den informazio kopurua oso handia da, eta informazio iturri bezala erabilia izango da bai ikasleen bai irakasleen aldetik. Dituen aplikazio guztiak erabiltzen ikasten badugu (posta zerrendak, FTP zerbitzuak, txatak, bideo konferentziak, teleformakuntza...), hezitzeko aukera berriak zabalduko zaizkigu informazio trataera eta komunikazio mailan. Horretarako, erabaki zuzenak hartu behar ditugu bai instituzio mailan eta bai ikastetxe barruan hau guztia ikas-irakas prozesuan era ordenatu eta sistematiko batean sar dadin.
Gaur egun ditugun baliabideak ez dira agian nahikoak, baina badirudi hurrengo urteetan ordenagailu eta interneteko konexioak ugaldu egingo direla gure ikastetxeetan. Ondorioz, makinen bidez ikasten eta irakasten ohitzen joan beharko dugu.
Premiazkoa da, horrenbestez, hezkuntza komunitate osoan gogoeta egitea baliabide hori zentroetara era adostuan eraman dadin eta fenomeno horri denok batera aurre egin diezaiogun.
Baldintza batzuk bete beharko dira Interneten bidezko ikasketa ahal den kalitate onenean emateko: abiada nahikoa, ekipamendu informatikoa eta irakasleriaren prestakuntza. Horretarako, bai erakundeen aldetik, bai gure aldetik ere, ahaleginak egin behar ditugu mundu horretan sartzeko eta eskaini ditzakeen ahalbideak geureganatu ahal izateko.
Ohiko medioekin batera bizi behar dute Teknologia Berriek, eta arbela, mapa, arkatza eta beste hainbat material ezagutu eta erabiltzen dugun bezala, berri horiekin ere ohitzen eta gustura sentitzen hasi behar dugu, gure ikasleek garaiko teknologiaz hezitzeko ahalbidea izan dezaten eta teknologia horiekin eta horietan gara daitezen.