Bigarren Hezkuntzan euskararen erabilera nola sustatu: Gazteen erabilera gehitzeko udalerri bateko plana

2000-07-01
 
 

> Planaren inguramena

Orain urte gutxi arte, Lasarte-Orian (Euskal Herriko beste hainbat herritan bezala) euskara biziberritzeko egin diren ahalegin nagusiak haurren giza multzoan egin dira. Orain urte batzuk definitu genuen haurren giza multzoan zein jarduera-esparru landu behar diren (familia, irakaskuntza eta aisia, batez ere), eta esparru horiek lantzeko udalerrian zein programa garatu behar diren; eta aurrera eramaten dihardugu. Baina, haurrak gazte egiten dira, eta gazteen artean hizkuntzaren egoera nolakoa den eta egoera hori hobetzeko zer eta nola egin behar den erabakitzea ez da ezustean eta bat-batean gertatu den zerbait.
Badira zenbait urte Lasarte-Oriako GUNEA osatzen dugunok (ikastetxe guztiak, PATeko euskara teknikaria, euskara elkarteko dinamizatzailea eta Udaleko euskara zerbitzua) gazteen gaiari heldu eta hainbat azterketa egin eta hainbat programa abian jarri ditugula, bai ikastetxe barneko hizkuntzaren egoera hobetzeko helburuarekin, eta bai ikastetxean jasotakoa hortik kanpo naturaltasunez erabiltzeko helburuarekin ere.
Egindakoa ongi egina dagoela uste izateaz gain, hobeto egin daitekeela pentsatzen dugu, eta hobeto egiteko, puntu nagusia hau izan daiteke: gazteen euskararen erabileran eragiten dugun erakunde guztiok elkarlanean aritzea, garatzen ditugun programak plan bateratu batean bilduz eta modu osagarrian garatuz.
Hori da Lasarte-Orian josi dugun Gazteok euskaraz. Gazteen artean euskararen erabilera gehitzeko planaren helburua.

Planaren oinarriak

Erabileran gehien eragiten duten faktoreak
Eusko Jaurlaritzak argitaratutako Euskararen Jarraipena lanean jasota dago euskaldunok euskara erabiltzeko edo ez erabiltzeko gehien eragiten duten lau faktoreak hauek direla:
1.- Norberaren harreman-sareko euskaldunen dentsitatea.
2.- Norberak euskaraz eta erdaraz hitz egiteko duen erraztasuna.
3.- Norbera bizi den herriko euskaldunen dentsitatea edo gune soziolinguistikoa.
4.- Euskararekiko interesa eta jarrera.
Beraz, gazteen hizkuntz jokaeran eragin nahi izanez gero, lau faktore horiek oso kontuan izan beharko ditugu. Gogoan izan behar dugu 1. eta 3. faktoreak gizarte mailakoak direla, eta 2. eta 4., berriz, pertsona mailakoak.

Gazteen giza multzoaren ezaugarri berezi batzuk

Ezertan hasi aurretik, ordea, gogoan izan behar da, haurren giza multzoan garatutako hizkuntz normalizazio planekin alderatuz, hiru ezberdintasun nagusi ikusten ditugula gazteen giza multzoari dagokionez:

Gazteen hizkuntz errealitatean eragiteko lehentasunezko jarduera-esparruak

Haurrak: 1.- Familia. 2.- Irakaskuntza. 3.- Aisia / Eskola-oduz kanpoko ekintzak.
Gazteak: 1.- Irakaskuntza. 2.- Aisia / Eskola-oduz kanpoko ekintzak. 3.- Lagunartea.

Gazteen hizkuntzaren ikasprozesua

Haurrak: ibilbide naturala: 1.- Erabilera. 2.- Jakitatea. 3.- Motibazioa.
Gazteak: ibilbide kulturala: 1.- Motibazioa. 2.- Jakitatea. 3.- Erabilera.

Gazteen parte-hartzea

Haurrak: agente pasiboa(goa)k.
Gazteak: agente aktiboa(goa)k.

Ikastetxeetan hizkuntza normalizatzeko planak

Udalerri mailako plan hau, bistakoa denez, ikastetxe bakoitzean garatzen ari den Hizkuntza Normalizatzeko Planaren osagarri da, eta plan horretan ere txertatuta daude udalerri mailan garatzen ari diren programak.

Euskaraz hitz egiteko ohitura sustatzeko urratsak eta programak

Arestian aipaturiko oinarri horiek gogoan izanik, gazteek beren artean euskaraz hitz egiteko ohitura zabalduz joateko prestaturiko programak lau urratsen arabera lotzen ditugu elkarrekin:
1.- Informazioa ematea: bereziki horretara zuzendutako programak (...).
2.- Motibatzea: bereziki horretara zuzendutako programak (...).
3.- Eskaintzak egitea: bereziki horretara zuzendutako programak (...).
4.- Inplikaziora gonbidatzea: bereziki horretara zuzendutako programak (...).
Horixe besterik ez da Gazteok euskaraz. Gazteen artean euskararen erabilera gehitzeko plana; orain arte egin dugun lanean oinarrituz, dugun gogoa eta gaitasuna erabiliz, etorkizuneko lana hobetzeko sistematizazioa eta antolaketa.