Atxikimenduaren inguruan: eskolatze egoki baten bila: Haurraren beharrak, eskolaren erantzuna

2000-07-01

Inguru jakin batean bizi da haurra, pertsona, objektu, egoera, gertaera, erlazio sozial eta sentimenduez osatua; inguru hori ezagutu, ulertu, heldu eta kontrolatu egin behar du. Ekintzaren bidez inguruan parte hartzen du, mundua aztertu eta ulertu nahian. Eta haurra eta inguruaren artean sortzen den etengabeko feedback horretan, bere gaitasun kognitiboak aurkitzen eta garatzen ditu, motore gaitasunak lantzen eta garatzen ditu, bere burua aurkitzen du, bere posibilitateak eta baita bere mugak ere ezagutzen ditu, bere autonomia lantzen du, bere autokontzeptua eta autoestimua eraikitzen ditu, besteekin erlazioak eta loturak ezartzen ditu, eta hainbat erreferentzia taldeko kide sentitzen hasten da.

 
 

Mundua ulertzeko eta menperatzeko duen beharrak beste zenbait behar mota dakartza. Segurtasun marko baten beharra –segurtasun fisikoa, afektiboa, esploratorioa– eta arriskuari aurre egiteko beharra. Autonomiaren beharra, bere kabuz deskubritzeko beharra, eta, bere garapenaren eraikitzailea izanik, erratzeko beharra eta eskubidea du. Horrek esan nahi duena da arrisku fisikoen eza eta egoera berriei aurre egiteko laguntza eta estimulua. Pertsonekin eta objektuekin harremanak izatea esan nahi du, hau da, kontaktu pertsonala, besteek entzutea, estimatzea eta maitatzea.

Jakinmina duen eta aktiboa, bizia, behatzailea, ikertzaile nekaezina eta gai den haur bati buruz ari gara. Eta hori guztia jaiotzen den momentutik. Bizitzaren hasieran duen erreflexuen ezagutza biologikoa baino ez du erabiltzen; baina berehalaxe, erreflexu horietan oinarrituta, bere ekintza eskemak lantzen hasiko da. Bere keinuek eta mugimenduek hainbat ondorio dutela ikusiko du; hori gustatu egingo zaio, eta errepikatu egingo du. Bizitzaren lehenengo urtetik aurrera bere bizi espazioa zabaldu egiten da, bereziki ibileraren garapenaren bidez eta mintzairaren hasieraren bidez, eta bere ikertzeko gogoak garrantzi berezia hartzen du, sinbolizazio eta pentsamenduaren garapenarekin osatuz joango dena eta konplexuagoa egingo dena.
Badakien haurrari buruz ari gara, eskolan proposatzen zaionari buruzko ezagupenak eta teoriak dituen haurra da. Horrela, ikastea ezagupen horien etengabeko lanketa, alderatzea eta, ondorioz, berregituraketa da.
Ikaste eta garapen prozesu honetan haur eskolak funtsezko funtzioa betetzen du. Haurraren beharrek arreta handia eskatzen dute espazioa, materialak eta aktibitateak antolatzerakoan, eta, aldi berean, jarrera berezia: eskaeren aurrean prest egotea eta besteek entzutea, beharrei erantzuteko gertutasuna, erronka berriei aurre egiteko euskarria eta estimulua, bere ekintzei eta lorpenei erantzuna ematea eta norbaitentzat garrantzitsua dela jakitea, besteek kontuan hartzen dutela deskubrituz. Haur eskolako hezitzaileak esparru egokia sortzen du haurraren maila eta gaitasunari egokitutako ekintzak bideratzeko, behar duen haurra animatzen, estimulatzen eta konpentsatzen du.
Haurra teorien, interpretazioen, galderen jabea baldin bada, ezagupenaren eraikitze prozesuen koprotagonista baldin bada, hezkuntza jarduera gidatzen duen aditzik garrantzitsuena ez da hitz egitea, azaltzea, transmititzea, baizik eta entzutea, adi egotea. Bestearekiko eta esan behar duenarekiko gertutasuna da entzutea, sentimen guztiekin hamaika hizkuntza entzutea. Aditz aktiboa da, erregistroa soilik ez delako, baizik eta mezuaren interpretazioa: beste norbaitek entzuten, hartzen eta baloratzen duen neurrian lortzen du mezuak esanahia (C.Rinaldi: Los pensamientos que sustentan la acción educativa. Una pedagogía que da forma a las cosas y no inhibe la forma de las cosas. Infancia nº 50, julio/agosto 1998).
Kontestu honetan, eguneroko bizitza, dituen egoera guztiekin -jolas egoerak, sormen eta irudimen egoerak, egoera arruntak eta apartekoak, bazkaldu aurretik eskuak garbitzen dituenean zertan edo nola jolastu eztabaidatzen dutenean, edo jai bat prestatzen dutenean- haurrarentzat hurbileko gunea izanik, ikasteko esparru eta ikasteko gai, haurrak bere identitatea eraikitzen duen marko bihurtzen da.
Haur eskolako funtzioa –eta funtzio honek ez dauka zertan familiaren edo beste erakunde batzuren funtzioekin kontraesanean egon behar edo hauek ordezkatu behar –, hain zuzen ere, hauxe da: norberak bere burua ezagutzeko guneak eskaintzea, baita mundua ezagutzeko, autonomiarako, bizitzarekin komunikatzeko, entzuteko eta elkarrizketatzeko ere. Haur eskolak gai izan behar du haurrak hartzen dituen ekarpen ezberdinak (familia, komunikabideak, erlazio mota guztiak eta abar) biltzeko, kultura eta haurraren arteko bitartekaria izan, eta bide batez, haurrei kulturaren sortzaile izaten lagunduz.