VIGOTSKI: Vigotskiren ekarpenak hezkuntza eremura

2000-07-01

Vigotski izan da gizakiaren garapenerako ingurune soziokulturalak duen garrantzia azpimarratu duen lehena. Piagetek haurrak bere ingurune fisikoarekin dituen harremanen garrantziaz jabearazi gintuen bitartean eta aldi berean, inguruko beste gizakideekin dituen erlazioen bitartez gauzatzen dituela haurrak ingurune fisikoarekiko harremanak gogorarazi zigun errusiarrak: giza kulturak laguntzen dio haurrari inguruneko gertakariei zentzua ematen.

 
 

Kontestu horretan bakarrik moldatzen ditu haurrak bere ezagutzak. Ingurunea ezagutzeko baliabideen bitartekaritza garrantzizkoa bada ere, giza bitartekaritza da horretan eraginik handiena duena. Giza harremanen giro horretan sortzen dira, gainera, ezagutza moldatzeko bitartekaririk nagusienak: zeinuak eta sinboloak, eta hauen artean garrantzizkoena hizkuntza sistema dugu. Haurrak edo ikasleak erabiliko dituen bitartekari horien izaerak eta kalitateak eragin handia izanen dute haurraren garapen kognitiboan. Hezkuntza/irakaskuntzan ahantzi ezineko gertakaria da hori.

Vigotskik argitu duen beste arazoetako bat ikaskuntzaren eta garapenaren artean dagoen erlazioa da. Ikaslearen aldetiko ikaste prozesuak bide zuzen eta emankorretik gidatuko badira, haurraren garapena kontuan izan behar duela irakasleak aldarrikatu dute piagetiarrek. Hau da, garapena bera izanen litzateke ikaste prozesuetarako oinarria; garapenaren araberakoa izan beharko luke, zentzu horretan, irakaskuntzaren antolaketak. Beste era batera ulertu zuen Vigotskik lotura hori, bi garapen maila ezberdindu zituen berak. Lehenengoa garapen erreala da, ikaslea bere kabuz eta inoren laguntzarik gabe egiteko gauza dena adieraziko luke horrek -eskoletan ikasleen adimen garapena neurtzeko erabiltzen diren testek horixe neurtzen dute-, eta horren ondorioz ikasleak ez luke irakasleen behar handiegirik ikasten jarraitzeko. Garapen gauzagarria edo berehalako garapena izenez ezagutzen da beste garapen maila: bere inguruko pertsona aurreratuago baten laguntzaz haurrak ikas dezakeena adierazten da horrela. Eta besteen laguntzaz ikas dezakeen hori izanen litzateke garapenaren eragile nagusia. Zentzu hori damaio Vigotski berak berehalako garapen esparruaz ulertu zuenari. Irakasleen betekizuna, beraz, ikasleen berehalako garapen esparru horretan eragina izan dezaketen argibideak, saioak, jarduerak proposatzea izanen litzateke. Ikaskideekiko eta irakaslearekiko harremanetan gauzatzen ari den jardueren bitartez eta bitartean bakarrik jakin ahal izanen da ikaslearen berehalako garapen esparru hori nondik nora dabilen. Etenik gabeko behaketa ezinbestekoa da, horiek horrela, haurrari bere garapenean lagundu ahal izateko.
Adierazitako horrek guztiak irakaskuntzarako dituen ondorio orokorrak argitzea eta adieraztea izanen da emanaldiaren helburua eta eginkizuna.